2019/09/07

Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria
Neohizkera hezkuntza sisteman

Inor baino lehen hasten da El Corte Inglés eskola ikasturtea hastera doala gogorarazten. Nik ere presio psikologikoa sentitu nuen eta aurrekoan, iragaztontzi bat eta zinta itsasgarria erostera atera nintzenean, etxera orri koadrikulatudun koaderno batekin itzuli nintzen. Koadernoak erabiltzen dira oraindik, ezta? Eskerrak koadrikula haiei, zuzen idazteko modu bakarra ziren askorentzat. Badakite orain gaztetxoek eskuz idazten? Tipexaren arrakastak jarraitzen du, ala borragoma zuten boligrafo haiek ordezkatu dute? Total, nik beti ala beti orria puskatuta bukatzen nuen, borratzeko grinaren grinez.

Eskolako lehendabiziko egunak aurrera doazela-eta, urtero galdetzen da zeintzuk diren hezkuntza sistemaren helburuak. Zer-nolako gazteak nahi ditugu? Zer-nolako profila lortu nahi dugu? Horren arabera, helburu zerrendak argitaratzen dira. Orain gaitasun zerrendak esaten zaie, neoliberalismoaren neohizkeran. Eta neoliberalen obsesioei jarraiki, adierazleak eta aldez aurretiko denbora-konpromisoak daude: zein ordenetan zer egingo den, nola egingo den, nola ebaluatuko den... Dena oso ondo zehaztuta. Garrantzitsuena prozesua jarraitzea da. Zenbat eta hasierako planari atxikiago, hezkuntzak kalitate handiagoa ei du. Eta horren ostean, gezurrik handiena esaten digute aurpegira, bai hezkuntza sailburuek eta bai zoritxarreko hezkuntzan adituek (ez tronpatu arituekin, oso gauza ezberdina baita): hezkuntza sistemaren erdigunean haur eta gaztetxoak daude.

Nola izango da hori posible, beraiek ikasturtera iristen diren unerako dena zehaztuta baldin badago? Prozesuen eta kalitate obsesioen hezkuntza sisteman, erabat alderantziz da: ikaslea lantegi bateko produktu bat da, material sorta bat, makineria guztitik pasa ostean salgai bihurtuta ateratzen dena. Gure kasuan, edozein lan prekario gustura eta animoz hartuko duen gaztea, sistema bera inoiz zalantzan jarriko ez duena.

Ikaslea hezkuntza sistemaren erdigunean balego, irakasleak garrantzia hartu beharko luke berriro. Eta ez gaur egun exijitzen zaigun moldean, hots, adierazle zerrendak eta ebaluaziorako errubrikak egiten dituen azken aplikazio informatikoaren aldeko otzan eta kartsua. Ezagutza zabala duen pertsona bezala baizik. Ikasleak ezagutzeko denbora hartuko duen pertsona, ebaluazio eta programazio obsesioetatik urruti. Taldea ezagututa, norbanako zehatz horien beharrak hautemango dituena, eta bere jakintza arlotik mundua ulertzen lagunduko diena. Ikasturteko lana taldea ezagutu ahala atonduko duena. Hiru dira azpimarratu beharreko kontzeptuak, ikasleak hezkuntza sistemaren erdigunean behar baditugu: irakaslearen ezagutza, ikasle-irakasle elkar ezagutza eta aldez aurretik arautu gabeko denbora epeak.

Gitarra jotzen ikastea bezala da: inori ez zaio bururatzen aldez aurretik ezartzea zein abesti joko duen hamabi urte barru ikasle hasiberri batek. Bere interesen, ikasteko gogoen, bakoitzaren ahalmenaren, egindako lagun eta harremanen eta irakasleen abileziaren araberakoa izango da. Hori da! mundua hobetzeko behar duguna burokrazia gutxiago eta musikari gehiago da! Horren erraza balitz... Kar-kar-kar. •