2019/09/07

Erreportajea
KAXMIRREKO GAZA
Srinagar hiriburuko auzo bat aitzindari da errepresioaren aurkako protestetan

Indiak Kaxmirren estatus berezia bertan behera utzi zuenetik hilabetea bete den honetan, izugarria da herrialde musulmanaren aurkako errepresioa. Hori bai, Srinagar Kaxmirreko udako hiriburuko Soura auzo txikian eguneroko kontua dira protestak, New Delhiren haserrerako. «Kaxmirreko Gazako Lerroa» ezizena ere jarri diote auzoari.

Sarwar KASHANI
0906_g8_kashmir1

Indiako Gobernuak Kaxmir lurralde okupatuan ezarri duen salbuespen egoera izugarriak bertakoen manifestazioak erabat ekidin ditu. Aldiz, badago Srinagar hiriburuan auzo txiki bat protesten azken gotorleku bilakatu dena, Asterix eta Obelixen galiar herrixka balitz bezala Erromatar Inperioaren aurkako borrokan. Erakutsitako kemenarengandik, “Kaxmirreko Gazako Lerroa” bezala bataiatu dute Soura auzoa. Herrialde okupatuko Srinagar udako hiribururen kanpoaldean dago auzoa, eta, bertan, eguneroko kontua dira manifestazioak abuztuaren 5etik, hau da, New Delhik Kaxmirren “autonomia” bertan behera utzi zuenetik.

Indiako agintarien arabera, gehiengo musulmana duen herrialdeko estatu bakarrak, Kaxmirrek, «egoera berezia» bizi zuen gainerako estatuekin alderatuta. Ikurrin eta konstituzio propioa izateaz gain, bestelako “eskubide” batzuk ere bazituen, adibidez, Indiatik heldutako kolonoek etxebizitza edo lurrak erosteko zailtasunak zituzten. Hori guztia okupazio militar bortitza ezkutatzeko ahaleginaren ondorio besterik ez zen, baina, behinik behin, herritarrei eskubide batzuk bermatzen zizkien.

Orain, «bateratze konstituzionala» onartu ostean, Indiako Armada eta Poliziak aurretik ere izugarria zen euren presentzia areagotu dute Kaxmirren. Pentsa, aurretik ere munduko altuena zen. Horrez gain, Indiak salbuespena egoera ezarri du, eta Internet eta telefono bidezko komunikazioak Internet moztu ditu. Horrela, Kaxmirren gertatzen ari denaren gaineko informazioa mundura ez zabaltzea lortu nahi du Indiak, eta, horrek, manifestazio jendetsuen berri ez izatea ekarri du adibidez. Hala ere, protestak izan, izan dira, batez ere Srinagar inguruko auzo eta herrixketan.

Souraren kasuan, orain artean inork gutxik zuen auzoaren berri. Bertako santutegi musulmanagatik, osasun zentroagatik eta guztiz kutsatutako laku zikinagatik soilik zen albiste. Egun, ordea, denen ahotan dago egunero poliziaren aurka antolatzen dituzten manifestazioengatik. Harriekin egiten diete aurre tiroei.

Borrokarako ordua

Iluntzearekin batera iristen da egunero borrokarako ordua Souran. Eskura duten edozer baliatuta, barrikadak altxatu eta auzoko zortzi sarrerak ixten dituzte herritarrek, Soura bertako iturri anonimo batek Efe agentziari azaldu moduan.

Sourako protesten bideoak ikusienak bilakatu dira Kaxmirren, nahiz eta Indiako Gobernuak herrialde okupatua Internetik gabe duen. Eragozpenak eragozpen, irudiok eskualdearen aurkako erasoaren kontrako erresistentzia ikur bilakatu dira Kaxmir osoan.

«Inork ez digu agindu kalera irteteko, ezta politikari bakar batek ere. Nola aginduko digu norbaitek zer egin komunikazio guzti-guztiak moztuta baditugu?», nabarmendu dio Eferi Ashgar Hussainek. Sourako auzotarra da Hussain, baina ihes egin behar izan du bertatik segurtasun indarrak atzetik dituelako. Bere hitzetan, protesta guztiak espontaneoak dira. «Inork ez digu ezer agindu behar. Are, inork ez digu esan behar noiz eta non egin behar dugun protesta gure nortasunaren, demografiaren eta kulturaren aurkako tamaina honetako erasoak jasan ostean», gaineratu du gazteak.

Indiako agintariek ukatu egin zuten lehen unean Souran manifestazioak zeudenik eta protestaldietako bideoak antzinakoak zirela ziurtatzen saiatu ziren. Aldiz, manifestariak pankartetan protesten data jartzen hastean, agintarien gezurrak agerian geratu ziren. Manifestariek “Kaxmir aske batekin amesten dugu” eta “Nazio Batuak, esna zaitezte!” leloak ere zabaldu dituzte.

Kaxmirreko okupatzaileen agintariak, Satya Pal Malik Indiak izendatutako gobernadoreak, azken asteotan poliziaren errepresioaren ondorioz hildakorik ez dela egon ziurtatu du. «Herritarren bizia sakratua da guretzat eta ez dugu nahi bizi bakar bat ere galtzea. Indarkeria erabili duten gutxi batzuk soilik zauritu dira protestaldietan, eta guztiek ere zauriak gerritik behera dituzte», ziurtatu du asteon. Agintariek, hori bai, Poliziak perdigoiak eta ke-bonbak erabili dituela onartu dute.

«Aholkuak eman eta aske»

Tokiko iturrien arabera, milaka dira jada atxilotuak, politikariak eta agintari independentistak tartean, ikasleak eta jende arrunta ahaztu gabe. New Delhiko agintarien hitzetan, «bakea ziurtatzeko beharrezkoak» dira atxiloketok.

«Gazteak atxilotu, aholkuak eman eta aske uzten ditugu. Ez dugu atxilotuen kopururik ematerik, baina ez dira asko», esan du Dilbagh Singh Kaxmirreko poliziaburuak, egunotan emandako prentsaurrekoan. Atxilotu askoren senideek, aitzitik, non dauden ere ez dakitela ziurtatu dute. «Presondegira joan ginen informazio bila eta presoak Kaxmirretik kanpoko kartzeletara bidali dituztela esan ziguten», esan du abuztuaren 4an atxilotu zuten enpresari baten emazteak.

Jada hilabete bat

Hilabete bat bete zen asteazkenean abuztuak 4an Indiak Kaxmirri buruzko berrien kontrola ezarri zuenetik. Hurrengo egunean bertan, abuztuaren 5ean, bertan behera utzi zuen bertako estatus berezia. Indiako Gobernuak ukatu arren, iturri ofizialek gutxienez bi hildakoren berri eman dute jada ordutik izandako ehunka protestetan. Iragan asteazkenean bertan, ospitalera zaurituta eramandako gazte bat hil zen, Srinagarreko poliziaburu batek onartu duenez. Hori bai, poliziaburuak ez du bere izenik ematerik nahi izan.

Bien bitartean, okupatzaileak salbuespen egoerak aurreikusitako neurri denak indarrean jartzen ari dira pixkanaka Kaxmirren zehar. Hala, herrialdeko 111 polizia kuarteletatik 92ra gerturatzeko debekua ezarri da, Internet eta telefono mugikor bidezko komunikazioak etenda daude...

Atxilotutakoen kopuru zehatzik ez dago, baina politikarien artean soilik giltzapetuak 400 inguru direla uste da, tartean Omar Abdullah eta Mebooba Mufti gobernuburu ohiak. Indiak sei kartzela zabaldu edo inprobisatu behar izan ditu eta Zentaur Lakeview Hotelean politikariak ditu atxilotuta.

Bere izena ezkutuan mantentzea nahiago izan duen poliziaburu batek onartu duenez, kartzelak «jendez gainezka» daude eta «gutxienez 140 lagun» Uttar Pradesh Indiako iparraldeko Estatuko presondegietara eraman dituzte. Egoera larriaren erakusle, ehunka ama eta aita pilatzen dira egunero Srinagarreko polizia etxeen atarietan semeen berri eman diezaieten erregutuz.

Indiako agintariek protesten irudiak antzinako bideoak zirela ziurtatu zuten. Ordutik hona, manifestariek pankartetan data jartzen dute egunero, aldarrikapenei gaurkotasuna emanez

Milaka eta milaka dira azken hilabetean atxilotuak eta okupatzaileek sei kartzela berri zabaldu behar izan dituzte. Ehunka preso Kaxmir kanpoko espetxeetara bidali dituzte