2019/09/14

Erreportajea
RAISSOUNIRI BABESA
Abortatzeagatik eta ezkondu gabe harremanak izateagatik epaitzen ari dira

Hayar Raissouni kazetari marokoarra abuztuaren 31n atxilotu zuten, Amin Refat bikotekidearekin batera, Rabaten, klinikatik ateratzen ari zirela. Sendagile bat eta bertze bi langile ere hartu zituzten gatibu, abortua egiteagatik. Ehunka lagun epaitegiaren aitzinean bildu ziren astelehenean, akusatuei elkartasuna adierazteko.

Maider Iantzi Goienetxe
Pd08_hajar2

Astelehenean hasi zen Hayar Raissouni kazetari marokoarraren aurkako epaiketa. Bi delitu egozten dizkiote: legez kanpoko abortua eta ezkondu gabe sexu harremanak izatea.

Raissounik 28 urte ditu eta “Ajbar al Yaum” egunkari independenterako lan egiten du. Abuztuaren 31n atxilotu zuten, Amin Refat bikotekidearekin batera, Rabaten, medikuaren kontsultatik ateratzen ari zirela. Klinikako sendagile bat, erizain bat eta idazkari bat ere hartu zituzten gatibu, abortua egiteagatik. Epaiketaren lehenengo egunean, ehunka lagun bildu ziren epaitegiaren atarian akusatuei babesa adierazteko asmoz. Hainbertzekoa zen jendetza, poliziek eraikinerako sarrera mugatu baitzuten.

Pribatutasuna, urratuta

“Askatasuna Hajarrentzat”, “Gure jendartea arriskuan dago”, oihukatu zuten bildutako manifestariek. “Nire gorputza nire askatasuna da”, “Ez helduen arteko sexu harreman adostuen kriminalizazioari”, irakurtzen ahal zen eusten zituzten pankartetan.

«Hayar Raissouniren eta bertze lau pertsonaren atxiloketa erabat bidegabea da. Beren pribatutasunaren kontrako eraso amorragarria da», adierazi zion Europa Press berri agentziari Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeko Ekialde Hurbileko eta Afrika Iparraldeko zuzendariak, Heba Morayefek.

Irailaren 2an Fiskaltzaren aitzinean aurkeztu zuten kazetaria, ezkondu gabe harremanak izateaz eta «abortu bat egiten uzteaz» akusatuta. Lehendabizikoa urtebeteko kartzelarekin zigortzen den delitua da, eta, bigarrenak, sei hilabete eta bi urte arteko espetxealdia ekar dezake.

Senarraren baietza behar

Raissouni bezala, Refat haren mutil-laguna ere preso dago, delitu berengatik. Irailaren 14an ziren biak ezkontzekoak. Medikua eta klinikako bertze bi langileak ere atxilotuta daude. Sendagilea, gainera, erregularki abortu zerbitzua emateaz akusatzen dute eta hamar urte arteko zigorra jaso dezake. Marokon, ama arriskuan dagoenean soilik onartzen da abortua, beti senarra ados badago.

Abortuekin lotuta medikuak atxilotu izan dituzte, baina gutxitan pazienteak, Human Right Watch (HRW) erakundeak jakinarazi zuenez. 2018an, Marokoko justiziak 14.503 pertsona akusatu zituen libertinajeagatik, 3.048 adulterioagatik, 170 homosexualitateagatik eta 73 abortuagatik, datu ofizialen arabera. Egunero 600-800 abortu klandestino egiten dira herrialdean, elkarteen kalkuluen arabera.

Rabateko Fiskaltzak joan den irailaren 5ean jakinarazi zituen froga mediko-perizialak. Abortuengatik klinika zelatatzen ari zirela azaldu zuen.

Idatzi politikoez galdezka

Kazetariak bi delituak ukatu zituen eta, irailaren 4an lan egiten duen egunkarian kaleratutako gutun batean agertu zuenez, bere ideia eta idatzi politikoei buruz galdetu zioten poliziek. Raissounik Ahmed Zefzafirekin izandako elkarrizketa sail bat argitaratu zuen maiatzean “Ajbar al Yaum” hedabidean. Naser Zefzafi Hirak Rifeko protesta mugimenduko liderraren aita da Ahmed. Bere familiari buruz ere egin zizkioten galderak Hayarri polizia-etxean, Ahmed Raissouni bere osabari buruzkoak besteak beste. Teologo ezaguna da osaba, Marokoko mugimendu islamiar handienetako baten presidente ohia.

Agintariekin kritikoak diren artikuluak ere plazaratu izan ditu kazetariak eta lan egiten duen egunkariko zuzendaria, Taufik Buacrin, hamabi urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten 2018ko azaroan delitu politikoak egotzita.

Genero diskriminazioa

Saad Sehli emakumearen abokatuak argudiatu zuenez, akusazioa «absurdoa eta faltsua» da. Azaldu zuenez, barneko odol-jario bat tratatzen ari zitzaizkion medikuak. Abokatua, sendagileen frogen laguntzaz, berezko abortua izan zitekeela erakusten saiatuko da. «Medikuen esku-hartze bat da eta medikuen txosten bat daukagu eragindako aborturik ez dagoela dioena. Berezko abortu bat izan daiteke eta hori ez da delitua. Hajar Raissouni askatzeko eskatuko dut».

Amnesty Internationalek oroitarazi zuen Nazioarteko Zuzenbidean jasota dagoela emakumeen autonomiarako eskubidea (gorputzaren autonomia eta autonomia pertsonala), bere bizitza sexualaren eta ugaltzearen aukera librea barne. «Emakumeek bakarrik behar dituzten osasun zerbitzuak kriminalizatzea, abortua kasu, genero diskriminazioa da», baieztatu zuen.

Aske uzteko eskaera

Amnesty Internationalek berehala eta kargurik gabe aske uzteko eskatu zuen. «Kasu honek ezkontzatik kanpoko sexua eta abortua kriminalizatzen dituzten Marokoko legeak indargabetzea zein presazkoa den argi uzten du. Arauok emakumeen zenbait eskubide zapaltzen dituzte, hala nola, autonomiarako eskubidea, diskriminatuak ez izatekoa, pribatutasunarena eta osasunarena», argudiatu zuen Amnesty Internationaleko Heba Morayefek.

«Hayar Raissouniri beldurra eragin beharrean, delitu bidegabeak leporatuz, agintariek libre utzi beharko lukete, berehala eta baldintzarik gabe, eta bere eta kasuan inplikatutako bertze lagunen aurkako kargu denak kendu», erantsi zuen gobernuz kanpoko erakundeak.

Kazetarien aurkako jazarpena

Infobae hedabideak jaso zuenez, giza eskubideen aldeko elkarteen eta kazetarien iritziz, Raissouniren atxiloketa ahots kritikoak isilarazteko saiakera tamalgarria da. Yabiladi.com atariko zuzendariak, Mohammed Ezzouakek, hala azaldu zuen testuingurua: «Kazetariak inplikatu dituzten kasu pila bat egon dira, akusatu eta batzuetan kondenatu ere egin dituzte, baina ez prentsaren kodearen arabera, baizik eta kode penalaren arabera morala eta ohitura onak urratzeagatik. Kasu batzuetan terrorismoa goratzeagatik ere kondenatu dituzte».

«Hajar Raissouniren kasua kazetari eta hedabideen kontrako jazarpen, amorrazio eta tentsioaren enegarren erakusgarria da», baieztatu zuen.

Baina ez hori bakarrik. Ezzouaken ustez, emakumeen eskubideen aurkako eraso bortitza ere bada. «Emozioa handia izan zen, bereziki kazetari gaztearen injustizia eta umiliazioa bere azalean sentitu zuten emakume aunitzen artean». Horregatik, Hajarren kasuak jende gehiago mugitu du askatasunaren alde.

2018an, Marokoko justiziak 14.503 pertsona akusatu zituen libertinajeagatik, 3.048 adulterioagatik, 170 homosexualitateagatik eta 73 abortuagatik, datu ofizialen arabera

Rabateko Fiskaltzak joan den irailaren 5ean eman zuen froga mediko-perizialen berri. Abortuengatik klinika zelatatzen ari zirela aitortu zuen. Pribatutasuna urratzen du horrek