2019/09/14

Ramon Sola
Makroepaiketen aroari justizia poetikoa, politikoa

ETA amaitzeko ari zirela zioten, baina ETAren ondoren ere eutsi diote. Ederra litzateke, beraz, azken epaiketa honek konponbidea eta prozesua elikatzea

Erraz esaten da, baina 21 urte eta erdi joan dira jada bakailao enpresa hura, Gadusmar, ETArekin lotu eta lehenengo atxiloketak agindu zituztenetik. Gainera zetorrena garbiago ikusiko zen uztailean, ‘‘Egin’’ itxi eta ‘‘Egin’’ egiten zutenak giltzapetu zituztenean. Astelehen honetan Madrilen hasiko dena azken makroepaiketa politikoa izango dela dirudienean, oraindik ere erasoaldi horren benetako tamaina, bidegabekeria horren sakoneko neurria, antzematea eta ulertzea urruti dagoela esango nuke. Hasteko, 21 urte hauek ez direlako soilik makroepaiketen belaunalditzat hartu; belaunaldi bat baino gehiago, ugari, bete-betean jo du Estatuaren kanpaina juridiko-politiko-polizialak. Belaunaldia baino, makroepaiketena aroa izan da.

«Dena da ETA» honen abiapuntutzat 1998ko udaberri hura hartu ohi da, baina aurretik ere makroepaiketa politikoen bidea irekia zuten, 1997ko HBko Mahai Nazional osoaren aurkakoa kasu. Orduan ezinezkoa zirudien horrenbeste militante batera epaitzea, baina 2005ean 52 eseriko zituzten aulkian, 18/98koan, hamasei hilabetez, 525 urteko espetxe zigorrak ezarriz. Ordurako jada 33 gazte epaituak zituzten Jarrai-Haika-Segiren kontrakoan; 2013an, 40 izango ziren; 2014an, 28... Independentista gazteenak zein ibilbide luzekoak, berdin-berdin jopuntuan. Harrobi politikoa izan dira makroepaiketak, hainbaten gogoan bizi diren zenbait kideren hilobi ere bai.

Zerrenda osatzeko dago, bai, eta ez da lan makala izango: ‘‘Egunkaria’’, Udalbiltza, herriko tabernak, Gestoras-Askatasuna, Batasuna-ANV-EHAK, Askapena, Bateragune, D3M... izen eta hizki-zopa galanta. Baita zenbaki dantza ederra ere: 18/98, 35/02, 8/13, oraingo 11/13 hau... 21 urtetan, Aznar, Zapatero, Rajoy eta Sanchez; Garzon, Del Olmo, Murillo eta zenbaki sekretu eta bionbo batean ezkutaturik behin eta berriro ziharduen poliziakide-peritu berbera, aski ezaguna; Genova kalea, Casa de Campo, San Fernando... Soka etengabea, baina auzi guzti-guztien atzean, tresna berberak: gezurra, tortura, espetxea. Eta kalte bertsuak: atxiloketak, lapurretak, kartzelaldiak, fidantzak, kargugabetzeak...

Osatu beharko da historia, berrosatu zauriak (sendagarriak direnak behintzat), baina biziraupenetik ere badu aro honek. Kontu horiek guztiak batzerakoan argi ikusiko da erasoaldiaren dimentsio itzela eta harrigarriagoa erantzuna. GARA hau bera da adibide, ahaztua bada. Azken makroepaiketetan emandako akordioak eta zigorrak egokitzeko lege aldaketak ez ziren gertatuko herri harresirik altxatu izan ez balitz.

Azkena omen dator, bazen garaia. Eta azken hau beste guztiak baino adierazgarriagoa da, «dena da ETA» maltzur eta faltsua ETA ez dagoenean ere erabiliko baitute. ETA amaitzeko ari zirela zioten... baina independentismoa akabatzeko ari ziren benetan, eta horregatik amaieraraino eutsi diote azken zigor operazio honi, oraindik kalte batzuk gehiago eragiteko asmoz eta gerra zantzuak betikotzeko ilusioz.

Horregatik besterik ez bada ere, ederra litzateke astelehenean, auzipetuek gaur Bilbon aldarrikatuko duten bezala, makroepaiketa hau konponbideak indartzeko eta prozesu politikoa elikatzeko baliatzen bukatzea, ez gatazka eta sufrimenduarena luzatzeko. Orain sarritan esaten den bezala, justizia poetikoa izango litzateke hau guztia jasan duten ehunka lagunentzako. Eta justizia politikoa Euskal Herriarentzako. •