2019/09/21

Pello Otxandiano
Egitasmo disruptiboak

Inertziak hautsi, bide berriak urratu behar ditugu. Aldaketa handiak datoz eta dakiguna egiten jarraitzeak ez du deus balio. Aldaketek ekinean harrapa gaitzatela

Hau ere hauteskundez jositako urte politikoa izango da Euskal Herrian. Iparraldean herriko etxeetakoak; Erkidegoan, probabilitate handiz, autonomikoak; eta, aste honetan jakin dugunez, Hegoaldean estatalak. Azkenik, amaitzear dago udako kulebroia: gobernu-koalizioa izango ote zen, akordio programatikoaren bidea segituko ote zen, PSOEk dohainik gobernatuko ote zuen ala hauteskunde berri batzuen aukera nagusituko ote zen. Gira eta buelta askoren ondoren hauteskundeak iragarri ditu Sanchezek eta kanpaina elektorala hasita dago.

Badirudi PSOEk hartua zuela hauteskundeetara jotzeko erabakia gutxienik Podemosek gobernu koalizioari ezetz esan zionetik. Alde ditu inkestak, nahiz eta zaila den jakitea hautesleriaren nekeak nola eragingo duen. Baliteke jokaldi taktikoa ondo ateratzea: Podemos eta Ciudadanos ahuldu eta PP zerbait indartzea. Ondorioz, egonkortasun politiko handiagoko egoera batean, bere erdiguneko posizioa indartu dezake. Baliteke. Baina, joko taktikoen gainetik –edo azpitik–, bilakaera horrek Estatuak krisiari aurre egiteko saiatuko duen diseinua adieraz dezake.

Edo ez, batek daki. Ezer ezin baitaiteke ziurtzat eman garai kaotikootan. Edonola ere, bada kontuan hartzeko hipotesia. Krisi politikoa Europan, ekonomiaren hoztea eta Kataluniaren berotzea: arrisku faktore gehiegi egiturazko krisian dagoen estatu batentzat. Badirudi soluzio autoritarioa saiatuko duela PSOEk: lurralde auzian ezein irekidura aukera alboratu eta estatuaren defendatzaile agertu: kanpo eta barne mehatxuen aurrean batasuna eta nazioarekiko leialtasuna. Horrek Podemosen eta, batez ere, independentisten menpeko ez den gobernu bat eskatzen du, estatu-auzi nagusietan –eta ez dira gutxi– eskuinarekin bat egingo duena. Baliteke.

Hipotesi horrek agertoki arriskutsua irekitzen du ezbairik gabe. Egia bada datozen 5-10 urteetan estatu-proiektua bera serioski auzitan jarriko duten egoera sozial konbultsoak gertatuko direla, Espainiari hautu bakarra gelditzen zaio: inboluzio autoritarioa. Agertoki horretan, fronte demokratiko-soberanista baten hautu estrategikoa balioesten da, Espainiaren inboluzio demokratikoari, eta ondoriozko birzentralizazioari, aurre egin diezaiokeen aukera bakarra katalanen eta euskaldunen arteko aliantza bat baita, Estatuari itxikeria garestiago atera dakion irekidura baino.

Agertoki horrek, arriskutsua izanagatik ere, aukera berriak ireki ditzake. Euskal Herriko dinamika politikoa zuzendu duten oreka batzuk ere hankaz gora jar ditzakeelako eta inertziekin hausteko premia larriagotu daitekeelako. Aldaketa-aroetan egoerei aurre hartzea gakoa da. Inpresioa dut azken urteetan atzetik joan garela, errealitate sozial eta politikoa moldatu duten gertaerek –2008ko krisi ekonomiko-finantzarioa edota Kataluniako eztanda independentista kasu– harrapatu egin gaituztela, itolarrian ibili garela geure lekua aurkitu ezinik.

Inork ez daki zer gerta litekeen datozen urteetan Europan, Katalunian edota Espainian. Epe ertaineko planak egiteak ez du piperrik balio etorkizuna anabasa kaotiko bat begitantzen denean. Planak baino prozesu berritzaileak behar ditugu, disruptiboak izango diren egitasmo sozial, kultural eta politikoak. Saiakerak egin, porroterako beldurrik gabe. Inertziak hautsi, bide berriak urratu. Elkarlanerako espazio berriak eraiki. Aldaketa handiak datoz eta dakiguna egiten jarraitzeak ez du deus balio. Aldaketek ekinean harrapa gaitzatela. Agian, irekiko diren aukera-leihoetakoren bat probesten asmatuko baitugu.

Gorka Urbizuk esana: «Bihar ensaio!». •