2019/09/21

Antton Izagirre
Irudimenezko errealitateak

Noah Harari idazleak dio, gizaki mota honek egin duen iraultzarik handiena iraultza kognitiboa izan dela. Hau da, fikzioez hitz egiteko gaitasuna dela Homo sapiens-aren ezaugarririk bereziena. Haren hitzetan, fikzioak edo errealitate imajinatuak ez dira gezurrak. Errealitate imajinatua giza talde edo kolektibo batek sinesten duten zerbait da eta indar handia eragiten du munduan.

Horrela sortu dira mitoak, jainkoak, erlijioak, ideologiak, dirua, korporazio handiak, estatuak, eta abar. Iraultza kognitiboaz geroztik, gizakia bera, ingurunea, behar naturalek osatzen duten errealitate objektiboa eta kolektiboki eraikitako irudimenezko errealitatearen artean bizi da.

Irakurri dut nola Sri Lankako arrantzale xume batek arrantzan lortutako etekin guztiak elektrizitaterik gabeko bere etxolan telebista aparatua jartzeko erabili zituen. Segur aski, imajina dezakegu etxolaren ilunpean jesarrita, hari begira arrantzalea. Gure modernotasunetik begiratuta jarrera primitibo edo hutsal modura uler genezake arrantzale harena.

Ez horratik Donostiako banderaren lehian arraunlariak eta haien jarraitzaileek erakutsi diguten irudia. Nahiz eta trapu bat besterik ez izan eta arraun elkarteko hormaren batean zintzilikaturik geratuko den, beste funtziorik gabe, sorturiko irudimenezko errealitatea gehiengook ez genuke primitibo eta hutsala dela esango.

Edo, Hondarribiko azken alardean, festetako jantzi apainen gainetik plastiko beltzez estalita ikusi ditugun neska gazteek sortutako irudimenezko errealitateaz zer pentsatu?

Ez gara konturatzen, ordea, errealitate horiek oinarri berbera dutela. Kontua zera omen da: nola konbentzitu milioika pertsona zenbait istorio sinets ditzaten.

Horrela batzuek lortu dute erlijioak, pentsaerak, generoak, arrazak, koloreak, adinak banatutako gizarteak diruaren sinesmenean bat etortzea; objektiboki baliorik gabekoa, paper hutsa den diruaren gainean irudimenezko errealitaterik handiena eraikitzea. Dirua omen da gizakiek sorturiko konfiantza-sistema bakarra.

Guztia, garapenaren izenean. •