Dabid LAZKANOITURBURU

PAPUAR «TXIMINOAK»

Papuako 43 ikasle atxilotzeko orduan iraindu egin zituen Indonesiar talde batek Java uhartean. Papuarren aurkako arrazakeria agerian utzi zuen gertakariak haserrea piztu du Jakartaren menpe diren Papuan eta Mendebaldeko Papuan. Protestak matxinada independentista bihurtu dira. Papua Ginea Berria independentea dute eredu.

Tximinoak, txakurrak!». Indonesiar talde batek hitzokin iraindu zituen Papuako unibertsitate ikasleak joan den abuztuan Surabayan, Indonesiako bigarren hiri populatuenean, Javako irlan.

Indonesiaren independentziaren egunean, pasa den abuztuaren 17an, Javako uhartean ikasten ari direnek Papuasia osoaren independentzia aldarrikatu zuten eta bakarren batek Indonesiako bandera bati su ere eman omen zion. Polizia indarrez sartu zen unibertsitateko erresidentzian gazte papuarrak atxilotzera eta jendetza hurbildu zen sarekada txalotzera, gazteak «tximinoak», «txakurrak» eta beste abere izen batzuekin irainduz. Papuarrek, Javako eta Sumatrako bizilagunekin alderatuta, azal ilunagoa eta ile kizkurragoa dute.

Atxilotutako 43 ikasleak aske utzi zituzten egun berean, baina atxiloketa uneko irudiak azkar batean zabaldu ziren papuarren artean sare sozialen bitartez. Ondorioa berehalakoa izan zen: Indonesiako Gobernuaren aldetik mespretxua baino jasotzen ez duten papuarrak sutan jarri ziren irudiok ikustean.

Beraien lurrean «arrotzak»

Gertatutakoa ulertzeko, lehenik eta behin kontuan izan behar da papuarrak ez direla beraien lurraldearen jabe, Ginea Berria uharte handiaren mendebaldeko zatia Indonesiaren menpe baitago. Hala, ekialdeko erdiak Papua Ginea Berria izenarekin independentzia lortu bazuen ere 1975ean –Australiaren kolonia izan ostean–, Jakartaren agindupean jarraitzen dute beste bi eskualdek, Papuak eta Mendebaldeko Papuak hain zuzen ere, biak ere Herbehereen menpeko kolonia izandakoak.

Protesten lehen egunetan, manifestariek ikasleen aurkako irainak bere egin zituzten, buelta emanez. Horrela bada, tximino mozorroak jantzi eta Papuasia osoaren independentziaren aldeko ikurrak altxatu zituzten manifestazioetan, Indonesian guztiz debekatuta dagoena. “Papuako Errepublikan ez gara tximinoak izango. Horrexegatik ez duzue gure askatasuna nahi”, zioen pankarta batek Mendebaldeko Papuako probintziako hiriburu Manokwarin protesten lehen egunean. Egun berean, probintziako Parlamentuari sua eman zioten manifestariek 130.000 biztanle dituen hirian. Dendak eta autoak kiskali zituzten, zirkulazio seinaleak lurrera bota, eraikin ofizialak harrikatu… Matxinada, baina, ez zen Manokwarira mugatu.

Papua izeneko probintziaren hiriburuan ere, Jayapuran, Manokwariko berriek animatuta, milaka lagun elkartu ziren protesta egitera, guztiak ere motor gainean. Fakfak eta Sorong hirietan ere istiluak eta eraikuntza ofizialen aurkako erasoak izan ziren. Kartzela bati ere su eman zioten barnealdeko barruti batean; erasoan bertan zeuden 258 presok ihes egin zuten.

Internet moztuta

Protestaldia isilarazi nahian, Indonesiako Gobernuak Internet moztu zuen papuarren lurraldean, «askok indarkeria elikatzeko erabiltzen dutelako», agentzia ofizialen arabera. «Arrazaren araberako gorrotoa saihestea» omen da agintarien helburua. Giza eskubideen aldekoek diote Internet gabe ezingo direla segurtasun indarren gehiegikeriak behar bezala dokumentatu.

Internet moztuta egoteaz aparte, herrialdera sartzea ere ia ezinezkoa da, beraz, oso zaila da bertan gertatzen ari denaren berri ematea. Jakina da, hori bai, Indonesiako Gobernuak 2.500 polizia bidali zituela bertara matxinadaren lehen egunetan. Guztira 6.000 militar eta polizia daude Papuan.

Gainera, paramilitarrak

Saul Paulo Wanimbo abade katoliko papuarrak, Timika hirian bizi dena, azken asteotan paramilitarrak ere iritsi direla salatu du. «Militarren eta Poliziaren babesa dute ‘Nusantarako Erakundea’ izena erabiltzen duten miliziek», azaldu du. «Papuan egoera normalduta dagoela dio Segurtasun Ministerioak. Egoera normala bada, nolatan hainbeste tropa toki guztietan?», salatu du abadeak.

Jakartako Gobernuak emandako datuen arabera, bost «bakarrik» dira abuztuaren 19tik hona hildako manifestariak. Soldadu bat ere zendu omen da liskarretan eta hamabost zibil eta bi polizia omen daude zauritutakoen artean. Iturri horren arabera 85 dira atxilotutakoak. Papuatik bertatik hainbat ekintzailek salatu dutenez, baina, benetako kopuruak askozaz handiagoak dira.

Bertako lekukoek eta iturriek sei hildakoren berri eman zuten abuztuko liskarretan Deiyaiko barruti bakartuan bakarrik. Iturri ofizialek hiru hildako–tartean soldadua– zenbatu zituzten eta Poliziak matxeteak eta geziak erabiltzen zituzten ehunka papuarren erasoari aurre egin behar izan ziola justifikatu zuten.

Dozenaka papuarrek etxetik ihes egin behar izan dute, tartean Veronica Koman giza eskubideen aldeko abokatuak. Berari esker lortu zuten Jakartak ezarritako zulo informatiboa gainditzea ekintzaileek lehen egunetan.

«Gertatzen ari dena oso larria da. Ekialdeko Timor berria dugu honakoa», ohartarazi du Benny Wenda agintari independentistak. «Ez dugu nahi sarraski baten zain egoterik munduak zer edo zer egin dezan», gaineratu du Londresetik.

Gogoratu behar denez, Ekialdeko Timorrek independentzia erreferendumaren 20. urteurrena gogoratu zuen abuztuaren 30ean. Portugaldarren kolonia Indonesiak okupatu zuen 1975ean eta errepresioak herritarren laurdenak desagerrarazi zituen hurrengo 24 urteetan. 1999an, hautesleen %80ren aldeko boza jaso zuen autodeterminazio erreferendumaren ostean, izugarrizko sarraskia eragin zuten Indonesiako paramilitarrek mendeku gisa. Milaka izan ziren 1999ko abuztuaren 30ko gau hartan hasitako sarraskiaren ondorioz hildakoak eta Ekialdeko Timorrek, egun 1.300.000 biztanle dituen herriak, gehienak katolikoak, 2002ra arte itxaron behar izan zuen independentzia lortzeko.

Benny Wenda Mendebaldeko Papuaren independentziarako mugimenduko buruzagia dugu. Deserrian bizi da Britainia Handian 2002an kartzelatik ihes egin zuenetik. Poliziaren kuartel baten aurkako erasoan parte hartu izanaren akusaziopean kondenatu zuten.

independentzia grina

Papuak matxinada independentista armatua ezagutu du azken hamarkadotan. Intentsitate urrikoa izan da orain artean, baina iaztik gora egin du indarkeriak. Iazko abenduan harrobi publiko baten lan egiten zuten hamasei indonesiarren hilketa aldarrikatu zuten independentistek. Uztailean, berriz, bi soldadu hil ziren independentistekin izandako liskar batean.

Wendak independentzia erreferenduma aldarrikatu du. «Badakigu ez dugula sekula Indonesiako Armadaren aurkako guda irabaziko. Horregatik, gure armak baketsuak dira: erreferendum bat egitea baino ez dugu exijitzen», aldarrikatu du. «Herriak auziaren muina aztertzea besterik ez du nahi, baina Indonesiako Gobernuak ez du inolaz ere hori nahi. Eta bere indar paramilitarrak bidaltzen dizkigu, Ekialdeko Timorren egin zuen moduan. Nazio Batuetako Erakundeak esku hartu beharra du, odol isuri izugarri baten atarian egon gaitezkeelako».

Ginea Berriko ekialdea Australiaren menpe egon zen eta 1975ean independentzia lortu zuen. Ordutik Papua Ginea Berria izenarekin ezaguna da eta bere bandera Nazio Batuen Erakundearen egoitzan, New Yorken, altxatzen da, Ekialdeko Timorrekoarekin batera.

Ginea Berriko mendebaldea, ostera, Herbehereen menpe egon zen. 1962an alde egin zuten herbeheretarrek eta Indonesiaren menpe utzi zuen herrialdea, bere baliabide natural izugarriekin eta haran tropikalekin. Jakartak Armada bidali zuen 1963an herrialdea okupatzera. Nazio Batuen Erakundeak baldintza bat ezarri zion anexioari; erreferendum bat egitea, hain zuzen ere.

Suharto diktadorearen agindupean egin zen azkenean erreferenduma, 1969an. Mila tribu agintari inguruk baino ez zuten bozkatzeko aukera izan eta, gainera, mehatxupean egin zuten. Nola ez, Indonesiaren barnean jarraitzeko aukera gailendu zen. Gaur egungo Indonesiak, noski, auzia konpondutzat jotzen du sasi-erreferendum haren ostean eta ez du inolaz ere beste kontsulta bat egiterik nahi. Gainera, Benni Wenda jotzen du egungo istiluen erantzule nagusitzat.

Melanesiarrak eta kristauak

Papuasiako herritarrak jatorriz melanesiarrak dira, eta, gehienak, kristauak dira. Papuarren kultura tribala guztiz desberdina da indonesiarrenarekin alderatuta. Gainera, indonesiarren %90 musulmanak dira.

Lurralde oso aberatsa izanagatik, Indonesiaren menpeko Papua herrialdeko eskualde pobreenetarikoa da. Aisah Putri Budiatri Indonesiako Zientzia Institutuko ikertzaileak argi du protestak zer elikatu dituen: «hamarkada luzeko auzi politikoak, giza eskubideen bortxaketek eta Papuaren eta gainerako irlen arteko berdintasun faltak». Budiatri “Papua Road Map” lanaren egileetariko bat dugu eta Papuako auzia konponbidean jartzeko bide bakarra elkarrizketa dela dio, ez bertara tropa gehiago bidaltzea. Are gehiago, «onartezina» deritzo kanpokoek bertako ekonomia kontrolatzea. Horrela ulertzen da nola den posible meategiak, petrolioa eta basoak barra-barra dituen herrialde batek txirotasunean jarraitzea.

2015ean Indonesiako presidenteak, Joko Widodok, bertan behera utzi zuen Javatik eta Sumatratik Papuasiara kolonoak bidaltzeko programa, irlok jendez gainezka daudela aitzakia hartuta. Hala ere, kolonizazioak berean jarraitzen du eta jada Mendebaldeko Papuako eta Papuako herritarren ia erdiak (guztira 3,5 milioi biztanle dira) kanpotik iritsitakoak dira.

Widodok berak kazetariei eta analistei Papuara joateko exijitzen zitzaien baimen berezia ere bertan behera utziko zuela agindu zuen. Lau urteren bueltan ez du agindutakoa bete.

«Javako ekialdean arrazakeriaren aurkako protesta gisa hasi zena independentzia aldarrikapen bilakatu da», ohartarazi du Adriana Elizabethek, Indonesiako Zientzia Institutuan Papuasiari buruzko adituak. Hala ere, bere iritziz, «Papuasian fakzio asko daude eta ez dira ados jartzen». Ez dira ados jartzen edo Jakartak erabiltzen ditu fakzioak zatiketa ziurtatzeko, garai bateko kolonizatzaileen irakaspena jarraituz. Widodok Papuasiako tribu agintariak hartu berri ditu eta mila papuar ikasleri lan publikoa emango dizkiela agindu du. Gainera, Papuan beste jauregi presidentzial bat eraikitzeko asmoa agertu du. Indonesian sei jauregi presidentzial daude, horietako bat Bali uharte turistikoan.

Jakartan den Auzien Analisirako Institutuko zuzendari Sidney Jonesen ustez, «Gobernuak uste izan du errepideak eraiki eta sos batzuk emanez auzia berez konponduko zela. Beste auzi guztiak, baina, biolentzia, Segurtasun Indarren gehiegikeria, inpunitatea…ahazturan utzi ditu».

Papuarrek, ordea, ez dituzte ahaztu Indonesiako segurtasun indarrek herritarren aurka egindako sarraskiak. Papuarren aurka. “Tximino” edo “txakurren” aurka, Surabayan indonesiarrek dioten bezala.