2019/09/28

Mikel Zubimendi Berastegi
Ezkerraren zilbor demontrea, psikoanalisirako kasu serioa

Irakurketa teorikoetan baino, egiazko erradikaltasuna, askotan, bermerik gabeko apustuen gainean eraikitzen da, galtzeko aukera asko dituzten apustuen gainean

Ezkerraren entsalada oso ozpinduta dabil Espainia aldean. Digestiorako gero eta zailagoa da gertatzen ari den guztia irenstea, eta, eman, goragalea ere ematera iristen da. Ahari-jokoa plaza publikoan: Iglesias eta Errejon, Errejon eta Iglesias, nor baino nor azkarrago, argiago, harroago. Eta ezker espainolaren zilborreko kaparrak (Izquierda Unidakoak, Podemosekoak, Antikapitalistak, Equokoak, PCkoak, Ezker Errepublikanokoak) eta kaparrondoak (Compromis Valentzian, En Marea Galizian, En Comu Podem Katalunian) ari dira bataren edo bestearen alde lerratzen. Eta jakina, potrozorriak ere ez dira falta espektakuluaren erdian.

Podemos omen zen Espainiako politikaren indar berri liluragarria. Europan arazoz lepo galbidean zen ezkerraren iparrizarra izatera deituta zegoen, bere igoerak geldiezinak, meteoritikoak ziren eta arrakastaren aparretan mozkortuek nonahi miresten zuten. Grezian Syrizak sorpresa eman zuen, Britainia Handian Corbynek, fenomeno ezberdinek elkar elikatzen zuten. Zer gertatu da, bada? Zer Podemosen? Zer Errejon eta Iglesiasen artean? Zehazki, ez dakit. Egongo da ezkerrak sortze beretik, bere genetikan tatuatua, duen kainismoa. Baita ezberdintasun txikiei darien nartzisismoa ere. Eta seguru aski, ados egon gintezke guztiok hor nonbait egon den eta dagoen arazoaren funtsa prepolitikoa dela, edo, nahi bada, psikoanalisiaren eremukoa.

Deigarria egin zait ikuskizuna harmailetatik ikusten duten asko nola ari diren txistuka, diren eta ez diren barrabaskeriak nola ari diren esaten, ezpainetatik pozoia dariela. Kaka zahar bat omen da orain Podemos. Komuna, guztiona denaren potentzia bereganatzen saiatu zela, proletalgoaren kultuari heresia eginez indar materialei eta langileriaren autonomiari ez ikusiarena egin ziela, Estatuaren logikan kateatua geratu dela, buruzagi esperientzia gabeak eta harroputz samarrak dituela. Bere osatze prozesua prekarietatean egin, eta, azkenean, munstro deformatu izatera iritsi dela. Eroritako arbolatik ezpalak ateratzen dibertitzen direnek badute non aztarrika egin, badute motiboa dena gaizki aterako dela pentsatu eta asmatzeko.

Baina, inork uste al zuen beste ezker bat eraikitzeko ahaleginak, horrelako apustu batek, bere anbizioagatik, inposiblez eta trabaz beteriko bide bat urratu beharko ez zuenik? Inork uste al zuen egoera lehengoratzea asmo duen operazio indartsu bat ez zela saiatuko horrelako bultzada eraldatzaile bat birxurgatzen? «Normala» ere bada indar sistemikoen erantzuna, kontraerasoa. Gehitu horri protagonisten zenbait ikusmira hertsi eta miseria pertsonal, eta are normalagoa.

Ez nago, inondik inora ere, Podemosek fenix hegaztiarena egingo duela aurreratzen. Ez dut uste. Ez daukat horren gogo ezta fede itsurik ere. Boluntarismo nahasgarria iruditzen zait. Baina bai esan nahi dut, batzuetan, gauzak egiteko desira ausarta irakurketa teorikoak baino urrutirago heltzen dela. Egiazko erradikaltasuna, sarri, bermerik gabeko apustuen gainean eraikitzen dela, galtzeko aukera asko dituzten apustuen gainean. Hasiera-hasieran, bere neurrian, holako-halako zerbait ikusi zuten Podemosen milaka eta milaka anai-arrebek Euskal Herrian. Lilurak aberkide asko eta asko itsutu zituen. Baina beti datoz urak bere bidera. Podemosek Espainia izan duelako beti abiapuntu eta helburu. Eta hori izan du bere kondena. •