GAUR8
ZIENTZIA AZOKA

Gazteen ikerketa zientifikorako grina piztu nahi du Elhuyarrek

Elhuyarren Zientzia Azoka ekimenak badu dagoeneko aurtengoa, 2019-2020 ikasturteko edizioa. DBH eta Batxilergoko 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoak tentatu nahi ditu ikerketa zientifikora eta amua honakoa da: taldeak osatu, ikerketa-proiektu bat diseinatu eta garatu. Bidean profesionalen aholkua jasoko dute.

Elhuyarren Zientzia Azokan protagonistak Euskal Herriko gazteak dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 12 eta 18 urte bitartekoak. Finean, haiek garatutako proiektuen azoka da eta ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera bat izan nahi du. Elhuyarren hitzetan, «zientzia-hezkuntza formalaren osagarri izatea eta oinarrizko eta zeharkako gaitasunak landuz STEAM –Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics– arloetan sakontzea du helburu». Gazteek zientziarekiko eta teknologiarekiko duten interesa eta motibazioa piztu nahi ditu ekimenak eta, bide berean, ekintzailetasuna eta sormena bultzatu.

Parte hartu nahi dutenek, bi eta lau lagunen arteko talde txikiak antolatu behar dituzte eta ikerketa proiektu bat edo proiektu teknologiko bat diseinatu eta garatu. Bide horretan Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile profesionalen aholkua ere jasoko dute unibertsitatera bertara egindako bisita batean.

«Zientzia Azokan parte hartuz sariak gazteentzat bizipen bihurtzen dira, batetik ikertzailearekin harremana izan eta urtean zehar proiektua bera garatzeko harremana dutelako eta, bestetik, Bilboko azokan edota Europako beste hainbat azokatan parte hartzeko aukera izan dezaketelako. Era berean, formazioa edo bekak jasotzeko modua izan dezakete eta zentro teknologikoren baterako bisita tutorizatua ere eska dezakete», nabarmendu dute Elhuyarretik.

Bizipen aberasgarria

Bultzatzaileek nabarmendu dutenez, Zientzia Azoka ez da lehiaketa bat, «elkarlanean oinarritutako bizipen aberasgarri bat baizik». Beraz, ez da irabazle edo galtzailerik, baina zehaztutako irizpideak ondoen betetzen dituzten lanak nabarmendu egingo dira. Sariek zientzia eskaintzen dute, aukeratuek ikerketa-zentroetara eta beste azoka batzuetara joateko aukera izango baitute.

Estatuko eta Europako zientzia-azoken hitzarmenei esker, Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzen dutenek beste zientzia azoka batean parte hartzeko aukera izango dute: Exporecerca, Galiciencia, Mostra Nacional de Ciência de Portugal, Milango “I giovani e le scienze” eta MILSET.

Era berean, kategoria bakoitzeko bina talde ere aukeratuko dituzte Tecnalia, IK4, Neiker-Tecnalia, CFM eta CIC nanoGUNE ikerketa zentroetan, besteren artean, bi eguneko egonaldiak egiteko. «Bi egunotan ikertzaileak eta haien lanak ezagutzeko aukera izango dute gazteek, baita haiekin lan pixka bat egiteko ere».

Museoetarako eta interpretazio-zentroetarako sarrerak ere banatuko dituzte, lagunartean edo kuadrillan joan ahal izateko eta gazteek zientzia aisialdiarekin lotzeko. Azkenik, Komunikazioaren saria irabazten duen taldeak Elhuyarren egonaldia egingo du, «zientziaren komunikazioan egiten duen lana gertu-gertutik ezagutzeko».

Izen ematea doakoa da eta epea zabalik dago hemen: zientzia-azoka.elhuyar.eus.