Xabier Mikel Errekondo

Txotxongiloak gara?

Hauteskundeak berriro! Azaroaren 10erako agindu ditu Espainiako presidenteak, azkenekoak egin eta sei hilabetera. Laugarren hauteskunde orokorrak azken lau urteotan… Baina ze adar jotze mota da hau! Txotxongiloak gara ala? Ariketarik demokratikoenak omen diren hauetan guztion 560 milioi euro xahutzea larria bada, oraindik eta kezkagarriagoa deritzot herritarrokin egiten duten erabilera arin eta maltzurrari. Alderdiek ditzatela ordain gastu guztiak, eta Kongresua geldirik dagoen bitartean parlamentariak ordainsaririk gabe gera bitez. Nork ez ditu entzun iritziok, bolo-bolo dabiltza lankideen artean, kalean, tabernan… Bitartean, baina, milioika euro patrikaratzeaz gain, hitz bakoitzeko sudurra luzatzen zaien agintariek txotxongiloak lez gaituzte erabiltzen, eta iruzurraren erantzukizuna herritarren bizkarrera zamatzen dute hautetsontziak beeeerriro jarriz. Pedro Sanchez artzainak eta aurrerakoi auto izendatutako alderdiek kataklismora eraman nahi gaituen España+ otsoari aurre egiteko herritar ardiok beeeerriro bozka dezagun erregutuko digute falta diren 44 egunetan guztietan. Betiko leloa lelooi.

Bada, iruzur galant hau behin betirako amaituko bada, nago sistema parlamentarioa bera aldatu egin beharko litzatekeela gehiengo osoak jokoz kanpo utziz. Adibidez, Gobernua gutxienez hiru alderdik osatuz, non alderdi bakoitzak gehienez %35eko ordezkaritza izango zukeen, eta hauteskundeak 4-6 urtera soilik deituz. Hartara legeak halabeharrez Parlamentuaren benetako eztabaidatik, elkar lanetik eta akordioetatik onartuko lirateke. Zailagoa bezain sanoagoa, zalantzarik gabe, baina lobby sozialak eraginkorragoak izango lirateke, eta, aitzitik, lobby ekonomikoak gehixeago sufrituko... •