Maider Iantzi Goienetxe
BOLIVIAKO ZINE JAIALDIA

Arrate Fernandez zinema zuzendari euskalduna epaimahaikide izan da

Giza eskubideen inguruko dokumental bat bukatzen ari da Arrate Fernandez zine zuzendari andoaindarra eta lan horretan ari zela Boliviatik deitu zioten Pukañawi nazioarteko giza eskubideen zine jaialdian epaimahaikide izatea eskainiz. Pozarren onartu zuen, ez dagoelako kasualitaterik. Bertako esperientzia partekatu du gurekin.

Boliviako nazioarteko giza eskubideen zine jaialdian epaimahaikide izan da Arrate Fernandez Itxaso Andoaingo zine zuzendaria. Hainbat herrialdetako filmak izan ditu esku artean, gai gogorrak eta garrantzitsuak jorratzen dituztenak: arrazakeria, transfobia, xenofobia, narkotrafikoa, feminizidioa eta gerraren konstantea, bertzeak bertze. Denek irekitzen dituzte argia sartzeko leihoak.

Sucreko Pukañawi jaialdiak 15 urte bete ditu eta “Hezkuntza guztiontzat” hartu du lelotzat, «Hego Amerikan oraindik haurrak kalean daudelako lanean, esklabotza handiarekin. Bahiketetan ere umeak erabiltzen dituzte. Sare ugari dago; organoen transplanteetarako, adopzioekin lotuta, lanerako… Eta askotan ez da jakiten haurrak non dauden ere, ez delako ikerketarik eta jarraipenik egiten. Feminizidioarekin gauza bera gertatzen da. Sare horietan militarrak nahastuta daudela esan ohi da», agertu dio zinegileak GAUR8ri jaialditik bueltan elkartzean. Ideien erreka agorrezina iruditu zaigu Fernandez. Emari bizi eta alaia.

Desagertzeak, egunero

Desagertze eta heriotza horiek gutxiago zirelakoan zegoen, baina «eguneroko ogia» direla egiaztatu du.

«Horrek desorekatuta dauka herrialdea, bazter guztietatik. Lapurreta, engainua eta gezurra barra-barra dago. AEBek desegonkortasun ekonomikoa sortzen diete. Zorretan daude, baina ez dira konturatzen dituzten baliabideak eramaten ari direla denbora osoan».

Andoaindarra han izan zenean, joan den abuztuaren 12tik 18ra, senatari bat hil zuten meatzariak greban zeudela. Munduan dauden meategi garrantzitsuenak dira Boliviakoak, 3.000-4.000 metrora daude. Horietan «lan eskubideak ez dira batere betetzen. Gizon bat joan zen udaletxera esatera ez bazuten egoera aldatzen bere buruaz beste egingo zuela. Sei seme-alaben aita zen eta biharamunean bere burua hil zuen dinamitaz».

«Meatzariek grebarekin jarraitu zuten eta Evo Moralesi eskatu zioten joateko. Berak ordezko bat bidali zuen, senatari bat. Grebalariek meatze batean sartu eta makilakadaka hil zuten».

Hauteskundeak, urriaren 20an

Indarkeria handia dago, «ez dutelako jateko eta lo egiteko modurik ere, ezin dutelako duin bizi, nahiz eta presidenteak pentsioak sortu dituen. Lan merkatuan aldaketa handiak egin nahi ditu, baina Brasil eta Argentinatik gertuen dagoen gunean, bada hiri bat lehen Donostia bezalakoa zena eta orain bi milioi pertsona dituena. Migranteak dira, non gelditu ez dakien jendea. Miseria handia egoteak borrokak ekartzen ditu eta, ondorioz, hainbeste jende hiltzea».

Hauteskundeak izanen dira heldu den urriaren 20ko igandean eta, Arrate Fernandezen ustez, «ez da erraza izango, jendeak ez duelako iparrorratz sendorik. Lehenengo presidente indigena (aimara) daukan herrialdea da, baina hedabideengatik edo hainbesteko arazoetatik egun batetik bestera atera daitezkeela uste dutelako, eskuindarrak sartzean pentsatzen ari dira. Jendeak hanka bat alde batean du eta bestea bestean. Ez da zentratzen. Evok %50a baino gehiago eduki dezake, baina ez dakit hauteskundeak zer gardentasunekin egingo dituzten».

Zine jaialdira itzuliz, honen sortzaileetako bat, Katia Andrade Rendon, ekitaldia hasi baino bost egun lehenago hil zen. «Boliviar batekin eta argentinar batekin film laburren epaimahaian aritzea tokatu zait niri. Film luzeak eta ertainak epaitu behar zituztenekin batera Sucreko Udalari idatzi bat aurkeztea erabaki genuen, Pukañawi jaialdiari Katia Andraderen izena jartzeko eskatuz, omenaldi gisa». Eskaera horixe egitera joan zirenean, bertakoak ez zirenei merezimendu bat eman zieten. Hala izendatu zuten Fernandez Sucreko Alaba Kuttun.

Memoria lantzeko foroak

«Jaialdi honek asko egiten du giza eskubideen alde, eta urtean behin ekitaldia egitea lan handia da. Bolivian grabatzea arriskutsua da batzuetan eta zine zuzendariak hil dituzte. Lan merkatua oso gorabeheratsua da. Bolivian, Kolonbian, Mexikon… egiten diren dokumentalek oso maila altua daukate. Askoz ere gehiago ikertzen da eta artxibo eta dokumentazio zentro gehiago daude. Gure memoria historikoarekin lotuta daude».

Jaialdiaren egunetako batean foro bat egin zuten memoria historikoaren inguruan. Herrialde bakoitza bere foroa sortzen ari da: «Kolonbiak badauka, Mexiko bidean da, Boliviak, Argentinak eta Guatemalak badaukate, Venezuelak ez… Hego Amerika osoan zehar batasuna lortu nahi dute eta oraindik zubiak eraikitzea falta zaiela ikusten dute».

Fernandezek azaldu duenez, XV. mendeko suntsiketa etnografikoaren, indigenen sakabanaketaren eta genozidioen ondorioak sumatzen dira, baina oraindik ez dute gertatu zena aztertu. Horregatik sortu nahi dituzte ikerketa zentroak, eta zubiak eraiki. «Herrialde horietan guztietan dagoen babesgabetasunaren aurrean zerbait egin nahi dute, bai baitakite gobernuak ez daudela prest gauzak aldatzeko».

«Dirua badago, beraz, zergatik ez duten egiten ulertzeko galderak egin beharko genituzke bata bestearen atzetik».

Euskaldunekin harremana

Artxibo edo zineteka bat ere egin nahi dute, Euskal Herrian gertatzen den bezala sustapena hagitz zaila delako. «Gurekin harreman handia daukate gorrotoa dutelako espainiar Estatuak egin zienagatik. Barrenean dute hori».

Herrialdearen ondare arkeologiko-historikoaren ganbara egitea lehena, oraina eta etorkizuna ulertzeko bidea da zinegilearentzat. Ahalegin horretan daude.

«Besteen lanak ikusi ditugu eta oso aberasgarria izan da. Kulturalki oso aberasgarria da gure jendarteentzat». Sinergiak sortu nahi dituzte bai Hego Amerikan eta bai Europarekin, euskaldunekin bertzeak bertze.

Zine zuzendariak adierazi du Bolivian ez dela hain erraza emakume batentzat lan on bat lortzea. Bazterketa eta beldur handia dago. Sucren unibertsitate pila dago eta irakasle bat etorri zitzaion klase bat ematea proposatuz. Merezimendua jaso zuen Ekonomia eta Finantzaren Campusean. «Antzerki soziala egin genuen. Inteligentzia emozionala eta espaziala aktibatzeko erabiltzen dute. Gurean ez, baina Bolivian egiten dute hori». Hala, beren etorkizuneko lanean pentsarazi zien ikasleei.

«Beti eguraldi ona dute, kanpoan egoten dira eta komunikatzeko behar handiagoa dute. Abilak dira horretan», erran du andoaindarrak boliviarrez.

Jaialdiaren babesleak dira Sucreko Udala, Amnisty International, Zine eta Eskubideen Sare Iberoamerikarra, Askatasunaren Etxea, Chuquisacako Prentsa Federazioa, BCB Kultur Fundazioa, Egiaren Batzordea, Artxibo eta Liburutegi Nazionalak, emakumeen aldeko Rigoberta Menchu Fundazioa eta San Frantzisko Xabier Unibertsitatea, bertze aunitzen artean. Giza eskubideekin lotutako hogei bat elkartek osatzen dute zerrenda luzea. «Bertako jendeari laguntzeko lan egiten dute Hego Amerika osoan».

Master oso bat

«Naturaren alde asko egiten ari dira. Han daude munduko Kretazeoko dinosauroen parkerik handiena, Titicaca eta eremu oso garrantzitsuak, baina kutsadura handia daukate hirietan, japoniarren bigarren eskuko autoak saltzen dizkietelako, asko kutsatzen dutenak. Zaborraren kudeaketaren inguruan oso kontzientzia gutxi dago. Soilik janaria lortzearekin arazoa daukate».

Bederatzi film labur baloratu zituen Arrate Fernandezek, baina bertze hainbat luze eta ertain ikusteko aukera ere izan zuen. «Astebetean master oso bat egin dut! Oso interesgarria izan da. Pelikulen ondorengo foroetan parte hartzen zuen jendeak. Batzuetan zuzendaria egoten zen. Sentsibilizatzeko kanpaina bat bezala izan da. Oso gauza gogorrak ikusi nituen, baina niretzat ikasgai bat izan da. Hainbeste ume abandonatuta ikusita kontzientzia ukituta ere etorri naiz».

Munduak hala funtzionatzen duela egiaztatu du: «Herrialde nagusiak txiroei gero eta gehiago lapurtzen ari dira eta, ondorioz, horiek ez daukate janaririk eta baliabiderik. Etorkizunean neurri bat egotea beharko genuke eta denek giza eskubide berak edukitzea. Negar asko egin genuen».

Saritutako film laburrak

Sariketan film labur, ertain eta luzeak egon ziren, eta horietako bakoitza hiru sailetan banatu zuten: Bolivian egindako lanik onena aukeratu zuten lehenbizi; Latinoamerikako herrialdeetan egindako hoberena gero; eta nazioarteko pelikularik onena, azkenik.

Fernandezek baloratu zituen film laburren artean, Bolivian eta Kolonbian egina da lehen saritua, “El Temporal”, Simon Avila Brena. Ume baten desagerpena kontatzen du. Zuzendari gazte batena da, hasiberri batena. «Kasu erreala da. Tamalez, ia egunero gertatzen dira halakoak».

Bigarren saritua “Ciudad B” da, Carolina Gonzalezena. Rap kantaria den 7 urteko haur bat du protagonista. Bestela, bera bizi den hiriko auzoan drogetan sartuta bukatuko luke. Lagunik handiena bere aurrean hil zuten eta bera kasualitatez bizi da. «Gazte horiek, muga ekonomiko, sozial eta kulturalak direla tarteko, artearen bidez ekiditen dute oso goiz gaizkile bilakatzea. Gainditze historia bat da, lor daitekeela erakusten die besteei».

Hirugarren irabazlea, “Balón F.C”, Raul San Roman Otegirena da. Kolonbiako ume bat agertzen da meatze batean. Jolasean ez, lanean. Esnatu eta zer egiten duen kontatzen du. Beste haur bat egurra bildu, pilatu eta saltzen aritzen da. Denak 7 urtetik beherakoak dira, neskak eta mutilak, Kolonbiakoak, Paraguaikoak… Denak futbol talde batean elkartzen dira. «Ezin dira eskolara joan eta hori da beren ilusioa. Sinbolikoa eta oso futurista da».

Irak, gerra; Siria, beldurra

Boliviako Alan Zambrana Lineoren “Tito, el compañero Simón” lanak, azkenik, aipamen berezia jaso zuen. Diktadura garaian ez dago epaiketa justurik, ezta memoria historikorik ere. Neska gazteak agertzen dira, txikiak zirenean gurasoak hil zizkieten eta ezin zuten eskolan erran. 7 urterekin ez zekiten ezta beren izena ere.

«Orain halako gertaerak azaleratzen ari dira. Memoria historikoaren aldeko pelikulak dira, kulturan eta hezkuntzan barneratzeko baliagarriak. Hildako eta desagertutako pertsona horiei errekonozimendua egiteaz aparte, ikertzen jarraitu behar dela aldarrikatzen dute».

Gehienak dokumentalak dira. Testigantzak ematen dituzte. Fikzio gutxiago dago. «Dokumentaletan oso estilo ezberdinetan egiten da kontakizuna. Pertsonaien egunerokoa estu lotua dago herrialdearekin. Irakeko filmak gerra erakusten du, Siriara eramaten zaituztenean beldurra sentitzen duzu… Mundua giza eskubideen aldetik nola dagoen adierazten dute».

Segituan elkar ulertu

Kolonbia, Mexiko, Argentina eta Boliviako adituekin batera, foro batean parte hartu zuen Fernandezek. «Indigenismoa, politika eta zinemagintza izan genituen hizpide eta ohartu ginen begietara begiratzea nahikoa zela guztioi zer gertatzen zaigun ulertzeko».

26 hizkuntza dituen Bolivian, indigenen arteko bizikidetzan dabiltza. Andoaindarrak Arte Ederretako doktore bat ezagutu zuen. Edward Arandia izena du. «Ama indigena du eta aitona euskalduna. Euskalduna izanik galdera asko egin zizkidan. Nondik datozen jakiteko beharra dute. Elkarrizketa sakonak izan ditugu. Oso polita eta interesgarria izan da».

Bere aurkezpenean, Euskal Herria geografikoki non dagoen eta gure jatorria zein den azaldu zuen andoaindarrak lehenik, hori zelako egunero galdetzen ziotena, uste zuena baino gehiago. «Oro har guri buruz iritsi zaiena oso urria da eta interes handia dute. Gure zeregina ere bada zubiak eraikitzea eta ederra da eurekin hitz egitea. Euskarari buruz hitz egin nien, historiaurrekoa dela nabarmenduz. Historia ere aipatu nien, kobazuloetatik museoetara. Elkar elikatu genuen, kultur trukea eginez».

Euskal zinemagintzaz

Zinemagintzaren inguruan ahozko tradiziotik idatzizkora pasatu ginela kontatu zien eta idatzizko horretan gure ipuinak eta kantuak jaso zirela eta gure dantzak eta musika herriaren ukituarekin lotuta daudela ere bai. «Zinea azken mendean sortu zen. Zuri-beltzean eta mimika bidez egiten zen eta euskaldunak beren olerkietan, antzerkian eta kulturan oinarrituta zinea egiten hasi ziren. ‘Amalur’ eta ‘Tasio’ dira aitzindarietako batzuk».

Fernandezek kontatu digunez, boliviarrek espainiar Estatuaren ikuspegia jaso dute, ez zaizkie iritsi gure filmak. Hortaz, zinegileak pasarte batzuk erakutsi zizkien. «Ez Dok Hamairuz hitz egin nien. Loraldi hartaz. Zinemagintzan ere aldaketa egon zen. 80ko hamarkadan pelikula politiko eta konprometituak egiten hasi ziren beharra zegoelako memoria berreskuratzeko».

Ez zuten denborarik izan solasaldia amaitzeko eta bazkari batean jarraitu zuten. «Beren artxibo historikoan informazio hori jaso nahi dute. Halako lanak egiten ari diren unibertsitateko irakasle batzuk etorri ziren, eskolak ematen eta aldi berean ikertzen dabiltzanak, eta interes handia dute». Boliviara itzultzeko gonbidapena baduela erran digu Fernandezek irriz. «Lagun asko egin ditut, egia esan».

«Maddi eta Patxi»

2015ean egin zuen “Maddi eta Patxi” film laburrak eraman zuen zinegile euskalduna Boliviako jaialdira. «2003an ‘Ekintzen ispilu gardena’ egin nuen, 2005ean ‘Arbasoen argi iraunkorra’, baina gero dirulaguntzak urritu ziren eta krisialdia hasi zen Euskal Herrian. Brasilera joan nintzen eta korapilo bat askatu beharra nuela ohartu nintzen. Eta ‘Maddi eta Patxi’ sortu nuen».

Lekeitioko zine jaialdian hautatu zuten eta gero jaialdietara bidali zuen, bertzeren artean Pukañawira. Eta horregatik deitu zioten epaimahaikide izateko.

Bere azken film laburra, “Begi ninien koreografia”, Durangoko Azokan aurkeztu zuen andoaindarrak 2018an. Euskal Herriko 50 zine aretotan ez ezik, London, Paris, Valladolid eta Valentzian ere ikusi ahal izan da. Edorta Jimenezen poema batean oinarritutako lana lau hizkuntzatara itzuli dute eta bidea egiten ari da.

 

Euskararen aldeko sare oso bat sortu

Arrate Fernandezek Soziologia eta Irakasle ikasketak egin zituen. Unibertsitatea baino lehen, antzerkiz eta dantzaz betetzen zituen kale eta plazak. Andoaingo antzerki eskolaren sortzaileetako bat izan zen. Orain, zinea eszenatik ikusten duen zinegilea da. Eta sumendi bat.

Euskal erakundeei eskatu nahi die euskararen aldeko sare edo elkarte bat sortzea, Euskaltzaindiaz harago joanen dena, arlo guztiak barnean hartuko dituena, bertzeak bertze artxibogintza eta ikerketa. «Orain nora zoaz hori egiteko?», planteatu du.

Gure jakintza lantzeko bide bat izan litekeela defendatu du. Eta lanpostu berriak sortzekoa, dokumentazioa eta ikerketa egiteko. «Badaude adituak. Asko kanpora joan dira». Euskal Herriko zazpi probintziak sartuko lirateke elkartean eta aberastasun guztia bilduko litzateke.

 

«Gure krisi sakona harremanena da»

Kanpokoen begiradak zenbat lagun dezakeen konturatu da Arrate Fernandez Sucreko zine jaialdian. «Horregatik da hain garrantzitsua harremanak egitea, beldurrik gabe, gure artean eta besteekin, asko aberasten garelako elkarrekin. Gure krisi sakona ez da ekonomikoa; gure arteko harreman ezak, ezin ikusiak, blokeoak sortua da. Erlazionatuz, agian ez dugu saminaz hitz egingo, baizik eta proiektuez». Ikusi dituen filmek hasiera dramatikoa dute, baina gero egoerari buelta nola ematen dioten kontatzen dute, zergatik erabakitzen duten sufrimenduan bizi beharrean hortik ateratzen saiatzea eta nola bilatu irtenbidea.

«Itxaropenerako mila leiho daude, baina erne egon behar da erabakitzeko. Bestela pasibo zaude, normala dela pentsatzen. Aldaketa soluzio bat da. Irtenbiderik bilatzen ez baduzu arazo gehiago sortuko dituzu», hausnartu du.