2019/10/05

Erreportajea
PINOCHETEN TORTURAK
Liburu batean bildu dituzte Txilen tortura ikertu zuen «Valech txosteneko» pasarteak

Salvador Allende presidente txiletarraren kontrako estatu kolpearen 46. urteurrena bete denean, Daniel Hopenhayn kazetariak «Valech txostenaren» pasarte esanguratsuenak bildu ditu «Horrela torturatu zen Txilen» liburuan. Tortura, sexu biolentzia barne, bereziki bortitza izan zen atxilotutako emakumeen kontra.

Ainara Lertxundi
1005_gaur8_txile2

Salvador Allende presidentearen kontra Augusto Pinochetek zuzendu zuen estatu kolpearen ostean Txilen ezarritako diktaduran torturatu egin zela gauza jakina da. 2003tik 2004ra bitartean, Sergio Valech apezpikua buru izan zuen ikerketa batzordeak diktadura garaiko tortura testigantzak bildu eta argitara eman zituen “Valech txostenean”. Ordura arte, «gehiegikeria» hutsak izan zirenak, praktika sistematikoak izan zirela aitortu behar izan zuten tortura estatu politika bat izan zela ukatzen zutenek. Orrialde luze horietan jasotako lekukotasunak izugarriak dira, batez ere, sexu biolentziari dagozkionak.

Orain, Daniel Hopenhayn kazetariak “Valech txostenaren” pasarte esanguratsuenak bildu ditu “Horrela torturatu zen Txilen” izeneko liburuan. Estatu kolpearen 46. urteurrenaren testuinguruan argitaratu zuen irailean.

Diktadurak torturatzeko erabilitako metodologia oinarri hartzen du. Torturak bereziki gordinak izan ziren emakumeen kontra. «Metodo horietako asko jada antzinako Grezian aurkitzen ditugu. Txileko militarren kasuan, armada frantsesak 50eko hamarkadan ‘terrorismoaren kontra’ erabili zuen gidaliburuan azaltzen direlako erabili zituzten. Frantsesek Aljeriako batailan, 1957ean, erabili zuten lehen aldiz aipaturiko gidaliburua, Indotxinako guda galdu ostean, hain zuzen. Aljerian izandako militar frantsesek erabili zituzten teknikak estatubatuarrei erakutsi zizkieten 60ko hamarkadan eta, jarraian, estatubatuarrek Latinoamerikako militarrak teknikotan trebatu zituzten mugimendu ezkertiarren kontra egiteko», azaldu du Hopenhaynek.

Ricardo Lagos presidentearen agintaldian (2000-2006) “Valech batzordeak” egindako txostena goraipatu du Hopenhaynek. 500 orrialde ditu. «XX. mendean herri askotan izan zen tortura estatu politika, baina ez zuten beste inon egin Txilen egindakoaren tamainako ahalegina gertatutakoa ezagutzeko. Horregatik, nire ustez, dokumentu hau bakarra da. Tamalez, hain luzea eta mardula denez, apalategietan gelditu da. Nire helburua guztiontzat eskura izatea zen. Horregatik, ahaztu ezin ditzakegun pasarte esanguratsuenak jaso eta formatu ulergarriago eta eskuragarriagoan eman ditut», azaldu du.

Kazetariaren aburuz, berebiziko garrantzia du ez soilik Txileko memoria historikoa eraikitzeko, baizik eta torturaren dimentsioa ulertzeko. «Pasarte batzuk azaldu ezinak dira, ez dago hitzik horiek deskribatzeko, gure imajinaziotik haratago baitaude. Emakumeen kontrako sexu biolentzia izugarria, itzela izan zen. Eromena», nabarmendu du.

Atxilotuak bortxatzeko txakurrak erabili zituzten Pinocheten militarrek, baginan arratoiak sartu zizkieten emakumeei, zigarroekin erredurak egin. “Valech txostena” idatzi zuen Espetxealdi Politikoaren eta Torturaren Batzorde Nazionalak 3.399 emakumeren lekukotzak jaso zituen. Horietatik 229 haurdun zeuden atxilotu zituztenean edo bortxaketen ondorioz haurdun gelditu ziren. Horietatik, hogei batek umea galdu zuten. Atxilotu zituzten emakumeetatik, gutxienez 316k bortxaketak jaso zituzten eta 11 jada haurdun zeuden bortxatu zituztenean.

«Torturatzaileen bortxaketen ondorioz haurdun gelditu eta espetxean galdu nuen umea. Nirekin batera aita eta anaia zeuden atxilotuta. Haiekin sexu harremanak izatera behartu ninduten. Aita eta anaia nola torturatzen zituzten ikustera behartu ninduten. Modu askotara torturatu ninduten. Beso eta hanketatik zintzilikatu ninduten, elektrodoak jarri zizkidaten, itolarria eragin zidaten, drogak hartzera behartu ninduten, arratoiak sartu zizkidaten baginan eta txakurren sexu erasoak pairatu nituen, zigarroekin erredurak egin zizkidaten eta labana handi batekin mozketak egin zizkidaten sabelean». Hopenhaynen liburuak “Valech txostenean” ageri den testigantza hori jasotzen du. 1974an atxilotu zutenean 25 urte zituen lekukotza eman zuen emakumeak eta bi urtez egon zen preso bere kontrako auzirik gabe.

Torturek ez zuten neurririk. Maulen, 1973an atxilotu zuten 14 urteko neskato bati hiru militarri sexu orala eginarazi zioten. «Ez dakit ez nortzuk ziren ez nolakoak ziren ere, burua estalita zuten eta. Dakidan bakarra da nire bizitza ez dela inoiz berdina izango».

Ondorengoa 16 urteko beste gaztetxo baten lekukotasuna da. DINA Pinocheten poliziak bahitu zuen. «Bortxatu egin ninduten, elektrodoak eta arratoiak jarri zizkidaten soinean, esku-ohe batean ipini eta hezitako txakurrekin bortxatu ninduten». Santiagon atxilotu zuten 17 urteko beste emakume batek bortxaketa sistematikoak jasan zituen, baita uteroan erredurak ere.

Batzordeak jaso zituen lekukotzen arabera, haurdun zeuden hogei bat emakumek galdu zuten umea. «30 urte eta gero negar egiten jarraitzen dut». Hiru hilabeteko haurdunaldia zuen buruzagi sindikal bat bera bortxatzea behartu zutenean. Bularrean, eztarrian, hanketan eta sabelean elektrodoak jarri zizkioten. Puerto Montten gertatu zen, Santiagotik mila kilometrora.

Hopenhaynek nabarmendu bezala, «gizarteak ezin du tortura bere gain hartu ez badaki nola torturatu zen. Gauza ez da torturaren balizko erabilgarritasunaren gainean bi aldiz pentsatu behar izatea, orduan berriro gertatuko baita. Torturan pentsatze hutsarekin nazka eta arbuioa sentitzea lortu behar dugu gizarte bezala. Horretarako, torturaren metodologia ezagutu behar dugu».

 

Sexu biolentzia, urtetan isilpean gordetako tortura

Lelia Perezek 16 urte zituen lehen aldiz atxilotu zutenean 1973ko irailaren 12an, estatu kolpea izan eta hurrengo egunean. Aske utzi zuten. 1975eko urriaren 24an berriro atxilotu zuten bere bikotekidearekin batera. Zortzi asteko haurdunaldia zuen. Villa Grimaldira eraman zuten eta ondoren Cuatro Alamos eta Tres Alamos kontzentrazio esparruetara. 1976an, aske gelditzean, Venezuelara alde egin zuten.

Torturen ondorioz umea galdu zuen. GARAk 2013ko irailean, estatu kolpearen 40. urteurrenaren atarian, egin zion elkarrizketan aditzera eman zuenez, «militarrek ez zuten salbuespenik egin emakumeen kontrako sexu biolentzian. Atxilotuekiko zuten boterea berresteko modu bat bihurtu zen. Gizonezkoei garaituak izan zirela adierazteko baliatu zuten sexu biolentzia, bai gure bikotekideen bai emakumeon erresistentzia suntsitu nahi zuten».

Perez Santiago Estadio Nazionalean bortxatu zuten. Hori gertatu eta 25 urte geroago, berarekin batera atxilotuta egon zen kide batekin topo egin zuen. Bortxaketaren lekuko izan zen, baina isilik gelditu zen. «Bortxatzen ninduten bitartean, militarrek koldar hutsa zela oihukatzen zioten. Berriro elkartu ginenean, pasarte hura gogoratu genuon biok negarrez. Barkamena eskatu zidan momentu horretan deus ere ez zuelako esan eta bortxaketa torturaren baitan kokatzeagatik. ‘Bi alaba ditut orain... Nola da posible isilik gelditu izana?’, esan zidan. Elkarri besarkada bat eman genion. Sendagarria izan zen biontzat», gogoratu zuen Perezek. Izan ere, atxilotuen kontrako sexu biolentzia isilpean gorde zen luzaroan Txilen.