Ramon Sola

Behin-behineko Gobernua, Madrilen menpeko Nafarroa

Gobernari guztiei agintea hartu ondoren 100 eguneko epea emateko ohitura osasuntsua dute alderdiek, aginte hori egituratzea ez baita lan makala. Maria Chiviteren kasuan, ordea, 70 aski izan dira (eta uda partea tarteko, abuztuaren 2an hautatu baitzuten lehendakari)... ildo argirik ez duela ondorioztatzeko.

Urte politikoa abiatu berri, hiru kontuk ikusarazi dituzte PSNren nahi eza eta ezina, biak batera: Skolae, euskara eta ikurrina. Lehenetik hasita, Unesco saria gustura hartu du Chivitek, baina Skolae programari bere osotasunean eutsiko ote dion ez dago batere argi, eta ez soilik Pilar Mayo kargugabetu dutelako, ikastetxeetan irizpide garbirik ez dutelako jaso baizik. Euskarari dagokionez, heldu bezain laster bonba eztandarazi dute Chiviteren aurrean gertu-gertuko bi lubakietatik –UGT eta Nafarroako Auzitegi Nagusia– eta erantzuna ere epela izan da, iheskorra ez esateagatik (epaiak guztiz deitoragarriak badira ere, euskara baloratzeko orduan Gobernuak duela eta izango duela erabakia ez genuke ahaztu behar). Eta agian adierazgarriagoa ikurrinarekin egindakoa: ustekabean lege berri baten inguruan Legebiltzarrean eztabaidatzeko atea ireki dio Navarra Sumari PSNk, baina eztabaidaren bukaera ilunpean utziz (Ramon Alzorriz sozialisten eledunak esan bezala «konfrontazioa» sustatzeko asmorik ez balu PSNk, ez luke orain ireki den prozesu luzearen bukaeran ikurrina berriz legez debekatzea ahalbidetu behar).

Helburu bera atzematen da hiru kontuetan PSNk hartu duen posizioan: zirt ala zart egitea eskatzen duten erabakiak atzeratzeko nahia, denbora irabazteko gogoa. Eta ez da zaila zeren zain den ondorioztatzea: Espainiaren esperoan. Izan ere, Pedro Sanchezek azaroaren 10ean garaipena berretsiz gero, Nafarroan Chivitek dituen gobernukide bertsuekin har lezake kargua Moncloan (Unidas Podemos han, Podemos eta IU hemen; EAJ han, Geroa Bai hemen)... edota Navarra Sumako kide bat (Cs), bi (PP ere?) edo hirurekin (UPNko kideak izango lirateke, azken finean, Kongresuan Sanchezen aldeko bozak ematearen arduradunak). Alde ederra...

Jokaldi horretan PSOEk ezingo lukeela Nafarroako Gobernua sakrifikatu diotenek ez dituzte Nafarroako azken bi hamarkadak ezagutzen. Hiru aldiz egin du jada: 1996an, Suitzako kontu korrontea tarteko Javier Otano erori zenean, berehala luzatu zion UPNri alfonbra gorria, Gobernua bertan behera utziz eta Iruñean Victor Manuel Arbeloa buru zuen zuzendaritza titerea ezarriz; 2007an, jada adostuta zegoen lauko gobernua osatzen utzi ez zuenean, Fernando Puras PSNko buruaren jarduera politikoa errotik moztuz; eta 2014an, Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioa ekidin eta Roberto Jimenez etxera bidaliz. Hiru kasuotan hankaz gora utzi zuen PSOEk PSN, batere larritu gabe. Eta, inor engaina ez dadin, eskuak ez zituzten hurrenez hurren Gonzalezek, Zapaterok eta Rubalcabak zikindu; lan itsusiotarako badaude Antolakuntza arduradunak eta Sarasate pasealekuan ederki ondo gogoratzen dituzte Cipria Ciscar, Jose Blanco eta Oscar Lopez. Orain Jose Luis Abalosi tokatuko zaio, agian.

Bitartean? 100 egun baino luzeagoa den tartea hartu beharko dute, halabeharrez, Chivite karguan jarri duten indar politikoek, bi agertokietarako prestatzen eta adi. Eta herritarrak? Aspaldiko irakaspena berresten du behin-behineko gobernu honek: Nafarroa espainiar indarren menpe uzteak hauxe dakar beti. •