Arantza Irastorza Goñi
EHUko Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria

Bozketa elektronikoa egingo al dugu?

Laster berriz boza eman beharrean aurkituko garen honetan, hauteskundeen gaiari beste buelta bat emateko proposamenarekin nator. Informatika kudeaketa lanetan eta emaitzak sarean zehar igortzean erabiltzen da, alabaina, boza ematean edota bozen kontaketan, konputagailuek parte hartze zuzena ere eduki dezakete. Bozketa elektronikoari buruz ari naiz, paperik gabe eta boza zifratuaren bidez burutzen dena.

Edozein bozketa sistemak segurtasuna eta pribatutasuna ditu oinarrizko betekizun. Bozketa elektronikoak ere hala bete behar ditu, “softwarearekiko independentzia” eta “muturretik muturrerako egiaztagarritasuna” ezaugarrien bitartez.

Bozketa elektronikoko sistema softwarearekiko independentea izango da, erabilitako softwarean detektatu gabeko errore edo aldaketak hauteskundearen emaitzetan ezin badu detektaezina den errore edo aldaketarik eragin. Egindakoaren ageriko arrastoa edo ebidentzia uzten du horrelako sistemak.

Muturretik muturrera egiaztagarria den bozketa sistema pertsonal arduradunaren eta enpresen ekintzekiko independentea ere bada. Horrela, bozketa eta kontaketa prozesuetan iruzurra edo erroreak atzemateko mekanismoak eskaintzera bideratuta dago, hautesleei hauteskundeen integritatea behatzeko aukera ahalbidetzeko. Egiaztagarritasuna hiru alderditan eman behar da:

• Asmoa izan bezala boza eman: hautesleak, behin bere aukera egin eta boza emanda, bere boz zifratuak egindako aukera islatzen duela adierazten duten ageriko ebidentziak eskura ditzake, hots, boza egiazta dezake.

• Boza eman bezala gorde: hautesleak, edo bere ordezkariak, bere boz zifratua behar bezala jaso dela egiazta dezake, hots, berak bozkatutakoa jasotako boz zifratuak biltzen dituen zerrenda publikoan aurki dezake, hots, boza ondo gorde dela egiazta dezake.

• Gorde bezala zenbatu: edozein pertsonak zerrendan publiko egin diren boz zifratu guztiak kontaketan behar bezala hartu direla egiazta dezake, indibiduo bakoitzak zehazki zer bozkatu zuen jakin gabe betiere.

Bozketa elektronikoa gauzatzeko hainbat protokolo edo aplikazio proposatu dira (JCJ, Helios, Remotegrity, eta abar), hemen prozesua orokorrean deskribatuko dugu. Lehenik hautesleak bere burua aurkeztu eta kautotu egin beharko du, eta dagozkion kredentzialak edota zertifikatu digitala lortuko ditu, boza ematea eta ondorengoko egiaztapenak egitea baimenduko diotenak. Ondoren, behin aukera eginda, hautesleak bere boza prestatu, zifratu (sekretupean mantentzeko) eta bidali egingo du. Konputagailu zerbitzarian, jasotako bozak baliozkoak direla egiaztatuko da, hala ez direnak atzera botaz. Egiaztapen hori boza deszifratu gabe egingo da, bozen sekretua bermatuz. Kontaketan, bozak zenbatzeko bozekin prozesaketa desberdinak egingo dira, erabilitako protokoloaren arabera. Batzuetan bozak multzoka eta deszifratu gabe batuko dira, bestetan, bozen anonimotasuna bermatzeko, batuketa egin aurretik bozen arteko nahasketak egingo dira, bozaren eta hauteslearen arteko lotura hautsiz.

Egun, bozketa elektronikoarena teoriatik haratago doa, eta zenbait herrialdetan jadanik saiakerak egin dira (Norvegia, Estonia, eta abar), baina kontuan hartu behar dugu mamia, egiaztagarritasunaz gain, benetako egiaztapenean datzala. Hau da, hautesle multzo esanguratsua izan behar da bozketan lortutako emaitzak benetan egiaztatuko dituena, hots, egiaztapen eta ausazko auditoria egokiak burutuko dituena. Gobernuan edo prozesua aurrera daraman enpresan konfiantza itsua izan gabe, bozketa elektronikoa benetan ondo egin dela egiaztatzea hautesleon eskuetan egongo dela, alegia. •