Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

David eta Victoria Beckham

Prentsa arrosa, futbola eta arkitektura biltzen dituen albisteak morboa eragiten du, masako kultura eta (ustez) kultura goreneko munduak biltzean aurreikusi gabeko loturak eta ondorioak ateratzeko lehengaia dagoelako, edo lotura ez-probableak azaleratzen direlako, edo bi klase (ustez) banatuen arteko distantzia txikitzen delako. Komunikabideetan zabaldu da, David eta Victoria Beckhamek munduko etxerik garestiena erosi dutela. Berriari lotuta, hiria eta arkitektoaren izena: Miamin, Pritzker saria irabazi duen Zaha Hadid (emakume) arkitektoak diseinaturiko haize-orratz batean. Prentsa arrosak ohi duen estiloan, komunikabideek familia famatuaren intimitate pertsonalari begirune gutxi azalduz etxebizitzaren xehetasunak eskaini dituzte: 1.000 metro koadroko tamainatzarreko etxea, heliportuarekin, domotika teknologiaren erosotasunekin eta fragantzia bereziko lurrin-espazioen ukitu eszentrikoduna.

“Bihotzeko” komunikabide deritzotenentzat, berriak trama nahikoa du maitasun erromantikoaren errelatoaren kapitulu bat eraikitzeko arkitektura medio hartuta, familia idilikoaren erretratua arkitektura modernoarekin irudikatzerakoan bikote-maitasuna bizirik eta gaurkotua dagoela esan nahi (omen) delako, eta, gainera, senarrak lan egiten duen hirian bertan familia-etxadi bat erostea elkar maitasunaren seinale (omen) da. Kapitalismoaren predikatzaileentzat albisteak balioa du, bizitza arrakastatsua –zoriontsua?– etxe baten eraikuntzarekin lotuta izatea propaganda ona delako beraien interesetarako, dirudunek higiezinen merkatuan inbertitzea ekonomia ortodoxoarentzat lagungarria baita. Eta baliteke higiezina Miamin kokatzeak negozio eragiketaren bat perfilatzea lurralde horietan efektu katalizatzaile moduan, nork daki.

One Thousand Museum izenarekin ezaguna den etxe orratzak arkitekturako komunikabideen arreta lortu du, eraikinaren egiturak zehazki, saihets kurboekin osaturiko egitura konplexuarekin eraiki baita, Hadiden arkitekturan ohikoa den alarde estrukturalari jarraituz. Baina egituraz harago, atentzioa ematen du luxuzko etxebizitza eraikin bertikal batean eta hiri bilbean egotea. Ohikoagoa da luxuzko etxea irla baten erdian edo lurralde zati pribatu baten erdian kokatzea, gainontzeko gizartetik urruti. Hirigunean eta edonondik identifikagarri eta ikusgai den eraikin bat aukeratu izanak luxuaren boterearen adierazle berriak dakartza. Zeru-harraskariak 63 solairu ditu eta 83 apartamentu: etxebizitza bloke kolektiboa da finean eta artifizializaturiko lurzorua mugatua da. Baina ez dezagun pertsonaion handikeria samurtu: bertikaltasuna boterearen sinboloa dela ezin uka, lurraldea dominatzen dute goiko begi bistarekin eta denaren gainetik; gune esklusibo bat osatzen du eraikinak eta bere inguruneak. Hori bai, eraikinaren izaera hibridoa da; egoitzekin batera teatroa, kirol ekipamenduak eta beste erabilera batzuk daude. Hiri zati baten aisialdi elementuak bertikalean kokaturik, hauek disfrutatzeko sarrera mugatuarekin. Dirudunen arkitektura errelatoaren paradigma ezberdinok gehiegikeria eta boterea hirietan dagoela eta arkitektura aliatua dela berretsi besterik ez dute egiten. •