2019/10/12

Erreportajea
analisia
Erdi ziborg izanen gara

Teknologiak iradokitzen digu: «Hau erosi behar duzu, hau egin». Bizimodua errazten digu neurri batean, baina erabakitze eskubidea makinak bereganatzen du gero eta gehiago. Lehen eztabaidak izaten ziren; orain, Googlen sartu eta zalantzak ezabatzen dira.

Maider Iantzi Goienetxe
12_zuberogoitia_horiliburua

Giovani Sartoriren “Homo Videns” hartu dute abiapuntu Aitor eta Josu Zuberogoitia Espillak “Zalantzen amaiera? Argien Mendetik Irudiaren Arora” liburua idazteko. Internet sortu berritan ondu zuen saiakera hori Sartorik. Defendatzen duena da Internetek postpentsamenduaren aroa ekarri duela. Irudia gailendu zaio hitzari, irudian ikusmena da nagusi, emozioei lotuago dago eta, aldiz, hitzean logosa, arrazoia edo pentsamendua dira ardatza. Arrazoi duen ala ez kuestionatu gabe, hona nondik heldu garen ikertzen hasi ziren Etxebarriko anaiak.

Aitorrek komunikazio arlotik egin du; Josuk, filosofiatik. Bien arteko dialektikan ibili dira.

Ez da ez ona ez txarra

Badaude autore batzuk Sartoriren ikuspuntua ukatzen dutenak. Marina Garces, boladan dagoen filosofoa. Bere ustez, ez dago hitza eta irudia banatzerik, biak bat dira eta ez daude bi kultura kontrajarri, bat irudiarena eta bestea hitzarena. «Gu erdian kokatuko ginateke. Ez dugu uste irudiak pentsamendua ukatzen duenik. Baina, aldi berean, ezin da ukatu irudia espazioa jaten ari ziola hitzari, geroz eta nabarmenago», adierazi du Aitorrek.

«Diskurtso sendoak galdu dira, eta esparru asko zabaldu, beharbada asko sakondu barik, gehiago emozioei begira», erantsi du Josuk.

Sartori oso mutur batean kokatzen da. Apokaliptiko jartzen da. «Dena dela, aro batek beste bati ematen dio jarraipena. Eta aro honetan gaude. Ez da ez ona ez txarra. Salto bat da modernitatetik postmodernitatera eta Internet horren adierazle ona da».

«Aldaketa esponentzial bat dagoela uste dut –sartu da Aitor–: borondate askea, zalantza egitea, nahastea, huts egitea… horrek egin du pertsona. Eta gailentzen ari da zer bat zalantza guztiz ezabatzen duena. Hortik gure izenburua».

Adibidez, VAR teknologia ezarri da futbolean. «Lehen arbitroa erratuko zen edo ez, baina bere esku zegoen erabakia. Orain makinaren esku dago. Googleren premisa nagusia desanbiguazioa da, zalantzak kendu behar ditu. Orain datorren logika algoritmiko hau zer da? Berak iradokitzen dizu: ‘Hau erosi behar duzu, hau egin’. Bizimodua errazteko, nahi duzuna. Baina erabakitze eskubide hori makinak bereganatzen du geroz eta gehiago».

Delegatu egiten dugu neurri batean. Eta gero eta leku gutxiago uzten diogu zalantzari. Sorkuntzari ere bai. Norbera bere prozesuaren gidari izatea makinaren mende uzten ari gara, anaien iritziz.

«Ez gara epai moraletan jausiko», argitu du Aitorrek. «Baina aldaketa ebolutibo bat dagoela ematen du, horren atarian gaude. Homo sapiens-a izan zen garai batean. Beste batzuk izan ziren aurretik. Teknologiak gure gorputzean txertatuak ditugu. Jada ez dira osagarri bat. Neil Harbison munduko lehen ziborg ofiziala da. Ezin zituen koloreak bereizi, antena bat jarri zioten eta lehenengo pertsona da munduan makina eta pertsonaren nahaste moduan kontzebitua eta onartua dagoena. Saudi Arabian, Sophia robotari herritartasuna aitortu diote».

Iruñean ezagutu genuen Sophia. Jendeak galderak egiten zizkion, eta erantzuten saiatzen zen.

«Era batean nortasuna izango du. Orain arteko zutabe asko jausi egingo dira», aipatu du Josuk.

Ikasiz, nortasuna egiten joaten zen Sophia.

«Hori ona da?», planteatu du Aitorrek. «Ez dakit. Zaintzari begira sekulako aukerak zabal ditzake. Gaixotasun batzuei aurre hartzeko oso ondo egon daiteke. Beste aldean, kontratatzerakoan datu base batzuk enplegatzaileen esku geratzean, non dago gure pribatutasuna? Zalantza etiko handiak sortzen dira».

Iraultza handia dator

Josu: «Desumanizazio puntu bat bada. Akatsak eginez eta asmatuz goaz sortzen, baina orain ez da zalantzarik egongo. Lehen eztabaidak egoten ziren tabernetan eta afariak jokatzen ziren agian. Orain Googlen sartzen zara eta ez dago zalantzarik».

Aitor: «Beste estadio batean sartzen garela dirudi. Oraindik hasiera-hasieran gaude, baina iraultza handia datorrela ematen du. Adierazle denek hori pentsarazten dute».

Google, Apple, Facebook eta Amazoni GAFA deitzen diete. Sekulako informazio piloa ari dira euren eskuetan metatzen. «Internetek ekarri du deszentralizazio handia batetik, denok egin ditzakegu gauza asko, denok eragin dezakegu hor, baina dena da paradoxikoa, denak ditu alde bi, eta honek ere bai: sekulako monopolioa sortu da, lau horiek gorpuzten dutena», ohartarazi dute.

«Sekula baino ahulagoa izango da. Zer pasako da mundu osoan Internet jausten bada? Horrela funtzionatzen ohitzen bagara… Indonesiako tsunamia gertatu zenean, radar edo GPS batek ere ez zuen sumatu etorriko zenik, baina bertako indigenak mendi puntara igo eta salbatu egin ziren. Dauzkagun ezagutzak ere galtzen joango gara. Hainbeste fidatuko gara teknologiarekin, ezen ez baitugu jakingo beste era batera funtzionatzen».

Internet zerbitzari guztiak mantentzeko energia iturrien %25 horretara bideratu beharko dira 2025ean. Energia gastu ikaragarria eskatzen du, beraz.

Josuren arabera, kontua da premiak dauden ala sortzen ditugun. Sistema horrek hainbeste soluzio ematen ahal ditu, baina sekulako dependentzia sortzen du.

Ez da neutroa

Aitorrek dioenez, teknologiak berak markatzen digu erritmoa eta ez guk berari. Adibidez, analogikotik digitalerako trantsizioa izan zenean telebista kateetan, multiplex kateak sortu ziren eta lehen bat sartzen zen lekuan lau kate kabitzen ziren bat-batean. Premia egon zelako? Ez, teknologiak aukera hori eman zuen eta atzetik pertsonak joan ziren: orain lau kate egin beharko ditugu.

Mugikorra ere ez genuen behar.

Josu: «Hasieran deitzeko ziren bakarrik eta apurka-apurka aplikazioak gehitzen joan dira eta ia-ia berbetarako erabiltzen dugu gutxien».

Teknologia neutroa dela erraten da, erreminta bat, baina MacLuhanek ezetz dio. «Teknologia bakoitzak gizarte eredu bat dakar berarekin eta hori argi ikusten da idatzizko inprentarekin. Burokrazia ekarri zuen. Telebistak eta irratiak beren eredua ekarri dute, eta Internetek eragin du ekonomian, antolaketa moduetan, arlo guztietan. Teknologiak beti markatzen du norabide bat».

Komunikazio teknologiak nola joan diren aldatzen historian eta nola eragin dioten ideologiari, eta unean uneko ideologiak ere nola eragin dion teknologiari deskribatzen saiatu dira. Nola gertatu den hori munduan eta bereziki Euskal Herrian.

Aitor: «Modernitatetik postmodernitaterako iragatea da. Gizarte likido honetarako igarotzea kontatzen dugu. Euskal Herrira agian inprenta heldu zen berandu samar. Gainerako guztietan ia batera joan gara Europan».

Logika tailorista

«Googlek zalantzak kentzen ditu edo ez du nahi guk zalantzarik egitea», iradoki du Josuk. «Zalantzatik etortzen dira beti mugimenduak. Orduan ematen duzu pauso bat aurrera. Baina Googlek automatikoki ezabatzen du zalantza. Definizioa ematen du eta galdera segituan erortzen da. Hala hain berezkoa dugun aurrera egiteko zer hori ezabatu egiten du».

«Beste gizaki mota baterantz goaz. Teknologiarekin askoz elkartuago, erdi ziborg izango dena», uste du Aitorrek.

Nicholas Carrek Google eta logika tailorista alderatzen ditu. Erraten du tailorismoak abiadura bilatzen duela batetik, eraginkortasuna bestetik, eta errendimendu maximoa lantegian, hirugarrenik. Eta azaltzen du horiek direla Googleren ideiak: eraginkortasuna, kalkulu teknikoa giza irizpidearen gainetik. Giza irizpideak zalantzak, aukera ezberdinak aztertuko ditu. Honek kalkulu tekniko hutsa egingo du, algoritmoa. Anbiguotasuna baztertuko du. Subjektibotasuna traba da pentsamendu argiarentzat. Neurtu ezin dena ez da existitzen edo baliogabea da, zioen Tailorrek. Eta neurketa, metrikak dira gaur nagusi. Gizarte mailan ere teknokratak dira kudeatzailerik onenak, defendatzen zuen.

Zuberogoitiatarren ustez, bete-betean gaude hor.

Josu: «Teknokratak sekula ez dira neutroak. Baten batek jarri ditu hor».

Narkotizazioa

“Amusing ourselves to death” (hiltzeraino dibertitu) idatzi zuen Neil Postmanek 80ko hamarkadaren erdialdean. Oraindik hemen irudiaren gizartea ez zegoen hain errotuta. ETB hasiberria zen. Hiru kate genituen oraindik. Irudiaren gizarteak ekarri duen paradigma deskribatu zuen Postmanek: dena da espektakulu, dena da azkar, dena da entretenimendu, sakontzeko astirik ez dugu hartzen… «Netflix, Amazon… irudien mozkorraldi etengabe hau geroago heldu zaigu guri». Postmanek bi egile aipatzen ditu: Aldous Huxley, “Bai mundu berria”-ren idazlea, eta George Orwell, “1984”-rena. Erraten du Huxleyk dioena gogorragoa dela, zapaltzailea miresten dugulako.

Orwellek zapaltzaile bat, estatu bat, Anaia Handia irudikatzen du. Huxleyren kasuan ez dago zapaltzailerik. Orwellek dio badagoela aukera bat zapaltzaileari aurre egiteko. Huxleyren kasuan, gaindituta gaude eta, gainera, miretsi egiten dugu zapaltzailea. Hori beldurgarriagoa da.

Postmanek dio horra heldu garela irudiekin. Narkotizatuta gaudela, burbuila batean bizi garela. Erromatarren ogia eta zirkua da.

Albistegi guztiak ikusten ditugu. «Oso laburrak dira –agertu du Josuk–, eta bata bestearen ondoren ematen dituztenez, hausnartzeko, erreakzionatzeko astirik ez daukazu. Bukatzen duzunean burua datuz beteta daukazu baina ez duzu hausnartu».

Susan Sontagek dio sorgortu egiten gaituztela.

Maria Acasok esaten du hiri handietako biztanleek batez beste egunean 800 irudi kontsumitzen dituztela eta hiru ordu inguru ematen dituztela horretan. Zuberogoitia anaiek gehiago direla erranen lukete. Kontuan hartuta mugikorrean zenbat aldiz egiten dugun klik...

«Ikerketa batek dio 200 aldiz begiratzen diogula batez beste», azaldu du Josuk. «Eskolan gero eta zailagoa da hamar minututik gorako klase formal bat mantentzea. Hortik gora atentzioa joan egiten zaie ikasleei».

Nicholas Carrek dio Internetek ekarri duela distrakzio jarraituaren ekosistema bat. «Burmuinak estimulua eskatzen du. Multiestimulatuta egotera ohitu da eta adikzio txiki bat sortzen da».

Aitorren arabera, ziurrenik gure burmuina egokitzen ari da. Aldatzen, errealitate horri aurre egiteko.

«Jakin-mina duen edonori» zuzendua dago liburua. Atal bakoitzak liburu bat eskatzen du eta sintesi lan handia egin behar izan dute. Arriskua zen arinegi gelditzea edo beste muturrera joatea. Erdibideko gauza bat egiten saiatu dira eta «lan duina» egin dutela-eta pozik daude. «Buelta asko eman dizkiogu. Hiru urteko lana izan da».

Ikasleentzako tresna

Aitorrek klasean erabili izan du. Komunikazioaren Historia ikasteko tresna egokia izan daiteke, baita Filosofiarako ere. Josuk liburuko ariketa bat edo beste jarri die Batxilergoko ikasleei.

Funtzionatzen du, baina estimulu audiobisuala eman behar zaie: bideo txiki bat, animazio bat…

Josu: «Oso teknologizatuak daude gazteak eta Internet postmodernitatea azaltzeko oso amu ona da».

Liburuan ariketak, argazkiak eta kantuak txertatu dituzte, hurbilagokoa egiteko.

Politika, txantxa huts

Irudiaren aroak politikan izan duen isla ere agertzen da liburuan. «AEBetan arinago eman zen espektakulua. Europa aldera eta gurera geroago heldu da, baina bete-betean iritsi zaigu», azaldu du Josuk.

«Espainiar hauteskundeetako eztabaida egin zutenean arreta guztia keinuetan eta gorputz hizkuntzan jartzen zuten. Ia edukiari baino garrantzia gehiago ematen zaio».

Aitor: «Irudiaren gizarteak markatzen ditu estandarrak. Horiek espektakulura bideratuta daude asko. Horrelako gizartea edukita politikariek ez dute eztabaida politiko klasiko bat egingo. Espektakuluaren bitartez hurbildu beharko dute».

«Onlife»

«Zer egin du Internetek gure burmuinekin?», galdetzen du Nicholas Carrek. «Hainbeste informazio jasotzen dugu, ezen klik egin eta asko jota titularra bakarrik irakurtzen dugun. Pixka bat denetik ikusten dugu baina ezertan sakondu gabe. Horrantz goazela uste dut, oso bizkor, ez dago astirik patxada hartzeko gauzak aztertzerakoan. Geroz eta gutxiago. Geroz eta bizkorragoa eta azalekoagoa da irakurketa».

Josuk erantsi duenez, intentzionatua dela ematen du, erreakzionatu ez dezagun. «Esaten dizute: ‘Begira zenbat informazio jasotzen ari zaren’… Baina hain jarraian, ezen ezin baitut prozesatu».

Luciano Flori filosofoak dio online eta offline bereizketak jada ez duela zentzurik. Onlife erabiltzen du berak. Beti konektatuta gaude. Beti telefonoarekin. “The Onlife manifesto” liburua atera zuen.

«Bazter hauetan ez dut horrelako asko ikusten. Baina hasi dira Teknologia Humanorako Zentroa, Ongi Erabilitako Denbora proiektua, Bizitza Ona proiektua eta halako ekimenak martxan jartzen. Teknologia izan dadila gure zerbitzura dagoen zerbait, gu geu ondo bizitzeko. Badaude Googletik alde egin duten teknikari batzuk ikusi dutelako sekulako monopolioa ari dela sortzen eta datuen erabilera perbertso batera goazela. Beraiek dira tankera hauetako proiektuen atzean daudenetako batzuk, teknologia premia sozialetarako baliatzen saiatzen ari dira».

Norabide interesgarria dela eta jaramon egin beharko geniokeela aldarrikatu du Aitorrek. «Guk ere indarra egin beharko genuke norabide horretan». Josuk dioen bezala, «itsasoaren kontra egitea da, baina etorriko da».

Aitor: «Ezin da teknologia ukatu, baina goazen galdetzera: zertarako behar dugu? Zeintzuk dira gure premiak? Goazen teknologia horiek estaltzeko erabiltzera».

Josuren arabera, lehenengo premiak zehaztea komeni da, edozeri deitzen diogulako premia. «Teknologiak gure aliatua izan behar du, ez etsaia. Goazen saiatzera erabilera zentzuzko bat ematen. Teknologia humanizatzen. Berez oso hotza baita. Tresnak eduki barik ez dauka helbururik».

Postmodernitatea testuliburuetan apenas agertzen den. Oraintxe hasi dira materiala sortzen eta sartzen. «Filosofia Nietzsche eta Ortega y Gassetekin bukatzen zen. Justu bizi dugun garaia da postmodernitatea eta ez dago ezer. Interesgarriena da ikasleentzat, duda barik, eta gainera bizi dutena».

Aitor: «Kuriosoa da. Literaturan berdina gertatzen da. Erdi Aroko gauzak ematen jarraitzen dugu, eman behar dira, baina irakurzaletasuna eta jakin-mina pizteko ez dut uste estrategia egokiena denik. Eman beraientzat esanguratsuak izango diren gaur egungo gizartearekin lotutako irakurketak. Euren arazoen, estetiken inguruan jardungo dutenak».

Josuk honako hausnarketa egin du: «Agian beti izan da horrela. Inoiz ez gara gure garaira iristen. Beti atzetik goaz. Nietzscheren liburuak erre egiten ziren eta Marxekin ere berdin gertatu zen. Historia pasatzen denean orduan gaurkotzen da, baina dagoeneko atzean geratzen da».

Baliabide ederrak

Bi anaiek baieztatu dutenez, teknologiekin «iraultza bat» eman da irakaskuntzan eta «gozamena» da. «Baliabide asko dauzkazu, ikasleen hurbilekoak».

Ongi erabiliz gero, adibidez Wikipediak potentzial handia du auzolanera begira. Ikastetxe ugaritan ari dira lantzen euskaraz, unibertsitatean ere bai. Edukiak sortzen ari dira. «Beti bezala, aukerak eta mehatxuak ekartzen ditu batera, norbere abilezia da gakoa aukerak gailen daitezen».

Zuberogoitiatarrek ez dute, beraz, liburuaren izenburuko galdera erantzuten. Horrantz goazela bai, baieztatzen dute. «Sistemak berak behartzen gaitu. Pertsonaren eta makinaren sinbiosirantz goaz. Ez gara hasiko esaten hori txarra ala ona den».

«Dena den, zalantzen amaiera ez da inoiz izaten. Eta izan dadila horrela beti. Aurrera egiteko bide bakarra galderak egitea eta gaurkotzea da. Gizakiaren eboluzioa horrela eman da».