Iñaki Soto

Estatuaren bahiketa, estaturik gabeko herri batean

Ingelesez state capture esaten zaio. “Estatu bahiketa” deituko dugu euskaraz. Zer da? Laburbilduz, korrupzioaren eta klientelismoaren artean dagoen jokabide bat da; horien bariazio bat, nolabait esateko. Estatuaren baliabideak eta azpiegiturak interes talde txikien mesedetan jartzeko jokabidea da, azken hauek egiten duten presioaren edo duten eraginaren ondorioz. Interes orokorra defendatu behar duten horiek, alegia, gobernuek, interes partikularren alde egiten dute lan. Aurrerantzean sarri entzungo dugun terminoa da.

Sobietar blokearen erorketaren ostean Asia aldeko zenbait estatutan gertatzen ari zen baliabideen pribatizazio sistematiko eta erdi ezkutua salatzeko Munduko Bankuak 2000. urtean asmatu zuen terminoa da. Ordutik hona, kasurik sonatuenak Hungaria, Bulgaria, Mexiko, Kolonbia eta, azken urteotan, Hegoafrika izan dira. Harrigarriro, espainiar Estatuan terminoak ez du arrakastarik izan. Kontzeptuak, ordea, arrakasta itzela izan du. Galdetu, bestela, eraikuntzaren familia handiei.

Hori da, ez beste ezer, Euskatelen gertatu dena

Euskaldunok ez daukagu estaturik, baina hauxe da Euskaltelen auzian gertatu dena. Herritarren diruarekin, administrazioaren bultzadaz, erakunde publikoek duten gaitasunen arabera –ekonomikoa, jakina, baina, lehenik eta behin, legala, gure lurraldeetako lurzorua altxatzeko baimenak erraztu zizkienak–, izaera publikoa eta zentzu estrategikoa zuen azpiegitura eraiki zen: zuntz optikoaren sarea Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan. 1992. urtea zen.

Hamar urte geroago, azpikeriaz, legegintzaldiaren amaieran eta abuztuaren erdian, Parlamentuko diputazio permanentea horretarako espresuki konbokatuz, PSE, EAJ eta PPren babesarekin salmenta onartu zuten; Aralar eta EAk kontra bozkatu zuten –ezker abertzalea legez kanpo zegoen–.

Lakuak 68 milioi euro jaso zituen zuntz sarea pribatizatzearen truke. Gutxi gorabehera 12.000 milioi euroko aurrekontua duen Gobernu batentzat, zifra hori huskeria da. Urrutiago joan gabe, Irekian azaltzen denez, Lakuak aurten “Teknologia” atalean ia 147 milioi euro gastatuko ditu [https://bit.ly/35jjCpD]; sarearen salmentagatik irabazi zuenaren bikoitza da. Ideia bat egiteko, 68 milioi horiekin EiTBren urte erdia baino gutxiago ordaintzen da, besterik ez.

Egindako kaltea onartu eta sarea berreskuratu

Euskaltelek sarea berriro saldu nahi duela baieztatu da. Duela zenbait hilabete Urkulluren Gobernuak esaten zuenaren aurka, Lakuak ezin duela ezer ere egin dio orain. Josu Erkorekak errua gobernuko kide den PSEri bota zion, lotsagabe. Ez da salataria, soilik, gainera beraiek alde bozkatu zutela ezkutatu du. Ejem.

Marka da: nazio gisa estatuek dituzten gaitasun gehienak ukatu egiten zaizkigu, baina beren keria guztiak erreproduzitzeko gai gara. Estatu bahiketa barne.

Laster eskandalu izatera heldu ez den honi –zer gertatu behar da hemen dimisioak eskatzeko?–, polemika gailenduko zaio: sareari prezioa jarriko diote, eta 68 milioiak bider X izango da. Nire iritzia: erosi, mesedez. Badakit mingarria dela, inozotzat hartu gaituztela, baina alternatiba honakoa da: ardurak ez onartzeagatik, estrategikoa den azpiegitura betiko galtzea. Onar dezatela inozoak izan zirela, bestela korrupto hutsak direlako. •