Amagoia Mujika Telleria

Eztarrian trabatuta

Eztarrian trabatuta geratu zaizkie hitzak. Aurretik ez genituen horrela sumatu. Beti gogor, beti tinko, beti aurrera begira. Altsasuko gurasoei hitzak eztarrian trabatuta geratu zaizkie aste honetan eta gu mutu geratu gara. Zer demontre esan behar diegu?

Seme-alaba baten sufrimendua sufritzea da ezagutu dudan sufrikariorik latzena. Hain txiki eta inuzente mundu aldrebes honetara botatzen ditugunean, beti egoten gara tente, adi, noiz eroriko, nork botako. Kostata, ikas dezakegu gure gorputza haien gorputzetik askatzen, bi pertsona desberdin garela ulertzen. Mikel Laboak kantatzen zuenez, «ama eten dezagun lehen gorputzarena bezela, orain gogoaren zilbor-hestea». Eta nola seme-alaba autonomoak, osasuntsuak eta askeak nahi ditugun, eta nola hitzaldietan eta aldizkarietan besterik ez diguten aholkatzen, soka pixka bat askatzen dugu, minez bada ere.

Ikasteko erori egin behar dutela esaten digute, tresnak behar dituztela bizitza petral honetan aurrera egin ahal izateko, esne-mamitan izatea beren kalterako dela... Gutxiena espero duzuna gau batean parrandan atera eta datozen zortzi-hamar urtean kartzelan ikusi beharko dituzula da. Ametsik txarrena, zitalena, ilunena, errealitate eginda. Inuzentea litzateke errua zorte txarrari botatzea. Euskal Herrian injustiziak aurretik ondo landutako lurrean ereiten dira eta kasu honetan ere horrelaxe izan da.

Altsasuko ama bati entzun diot esaten semeak erakusten diela bidea, kartzelatik hark egiten diela argia, lapurtzen dioten egun bakoitza beretzat izango dela, baliatu egingo duela. Askotan gurasoak hitzik gabe geratzen garenean, hitzak eztarrian trabatzen zaizkigunean, seme-alabek eskutik eutsi eta tira egiten digute, aurrera. •