Koldo Sagasti

Hondarrak

Espainiako Auzitegi Gorenak jakitera eman du Altsasuko gazteen aferaren gaineko ebazpena. Urtebete eta bederatzi urte eta erdi bitarteko kartzela zigorrak ezarri dizkie zorigaiztoko gau batean lan orduz kanpo zebiltzan guardia zibil batzuen bidean gurutzatu ziren zortzi gazteei. Ordu txikitan eta jende gehiena behar baino gehiago edanda zebilen festa-gau hartan Koxka tabernan sartu ziren benemeritoak ez ziren sartu futbolinean jokatzera, topatu zutenaren bila baizik. Baina, sanferminetan, taldeka, neska babesgabe bat bortxatu zutenak ez bezala, Altsasuko guardia zibilak, lan orduetan ez izanagatik, guardia zibilak dira; eta haiei zuzendutako edozein mehatxu edo keinu txar, autoritatearen aurkako erasoa. Arazoa da Altsasu ez dela Carrizo de la Ribera. Iragan otsailaren 28an Leongo herri horretako tabernan sartu ziren guardia zibilei ez zien inork eragozpenik jarri bezero talde bati eta tabernariari ahoan bala batzuk sartu eta “Cara al sol” abestera behartu zituztenean. Areago, Leongo Zigor Epaitegiak zigorrik gabe utzi ditu, autoritatea izanik, haien testigantza biktimena baino sinesgarriagoa delakoan.

Hautsak harrotu ditu Espainia aldean Francoren hondarrak hobitik aterako dituztelako iragarpenak. Baina susmotan nago harlauza jasotakoan horixe baino ez dutela aurkituko, hautsak. Izan, ere hondarrak ez daude bertan, hondarrak Auzitegi Gorenean daude, eta Leongo Zigor Epaitegian, eta Guardia Zibilean, eta zangomotzak lotuta-eta-ondo-lotuta utzi zuen estatu egitura baten zirrikitu guztietan. Espainiako Estatuaren aparatuek egunero erakusten digute trantsizioa zeritzoten ura transakzio bat baino ez zela izan, eta sasidemokrazia hau, diktaduraren hondarrak. •