Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Mugitu

Dena geldi dagoenean, mugitzen ote da zerbait? Eta mugitzen bada, zer? Aspaldi gorritu zitzaizkidan belarriak «gazteok geldi zaudete» entzutearen entzutez. Nindoan tokira nindoala ere ez zitzaien beste konturik iristen nire tinpano minberatuei. Kontzentrazioetan, eztabaidetan, giza kateetan eta bertso saioetan, “asko etorri gara, baina, gazteok non zaudete?”. Nigandik erantzunen bat esperoko zuten akaso, sententzia bihotz-altxagarriren bat. Galderak berak kolokan jartzen ninduen ordea. Ez akerrak baino adar okerragoak dauzkan gai bat erantzun bakarrarekin konpondu nahi izateagatik bakarrik. Harri eta zur uzten ninduena ni “gazte” izendatzea zen. Ni gazte izendatzeak garbi uzten baitzuen galdera egin zidanaren kokapena eta, batez ere, nik gaztetzat dauzkadanekiko kokapen falta.

Pentsiodunen astelehenetako mobilizazioekin txundituta harrapatu nau urtaro aldaketak, eta ostiraleroko enkarteladako soziologia ez da gauetik goizera aldatu. Hertzainak itzuli ez diren arren Hertzainak-en itzuleraren aparretan kantatu ditugu hogeita hamar urtean zahartu gabeko ereserkiak, eta bati baino gehiagori entzun dizkiot 80ko hamarkadako batailatxoak: suak eta barrikadak eta elkarri hitza zeinek ozenago irabaziko gauzatutako asanbladak; gaztediak zainetan zeraman dena aldatu nahia, geldi egon ezina. “Nola aldatu diren gauzak, kamarada”. Zuhurtzia helduaroaren ezaugarri omen zen. Bere usteetan gotortutako ile urdindu asko ezagutuak gara, gazteagoei geldi egoteko eskatzen zigutenak. “Itsasoa joko duzue” esaten zigun aitona zenak. Eta orain guk itsasoa ez, itsasoak joko omen gaitu gu. Jo edo irentsi behintzat. Egunkari askotako azaletan ikusi ditugu Artikoko izotzek gizendutako ozeanoek gure kostaldeetan eragingo dituzten txikizioen estimazioak. Mundua berotu eta gu hoztuta harrapatu, nonbait.

Eta halako batean, Greta Thunberg delako baten deiari jarraika, milaka gazte ikusi ditugu kalean, klima aldaketaren aurka oihuka, gobernuei neurriak har ditzatela eskatuz. Ura pasatakoan ez dagoela presa egiterik, ez daukagula beste planetarik, ez dezagula haien geroa gure orainaren izenean sakrifikatu. Eta berriz ere etorri zaizkit, haserre, gazteak non ote zeuden galdetzen zuten horiek. Mugimendu hau ez omen dela aski politizatua, gorputzik gabeko lelo abstraktuak direla oihukatzen dituztenak, iraultza ezin dela pertsona batengandik abiatu, enpresa multinazionalak daudela atzean. Duela urte batzuk Occupy Wal Street eta M-15a kritikatu zutenek berotu dizkidate belarriak, gazteak bertan goxo dauden izaki maneiagarritzat dauzkaten horiek.

Akaso, kontua ez baita ez direla mugitzen; mugitzen direnak ikusteko betaurreko graduatuegiak dauzkagula, baizik. •