Itzea Urkizu Arsuaga

Zelai minatuak gara

Mahaiaren bueltako hitzorduak zelai minatu izan daitezke, askotan, Bera bezalako pertsonentzat. Bizitzan garrantzitsutzat dituztenak zainetan daramatzaten jende klase horrentzat edo, bestela esanda, mundura jaio, eta mundutartze pasional bat izatearen aurki eta ifrentzua ondo samar ezagutzen duten guztientzat. Gure herriak, ordea, bere-berea du albiste onak, makurrak eta, besterik gabe epelak, oturuntzaren batekin seinalatzearen ohitura; joko-zelaia jakiek osatuko balute bezala, minak gu geu garen bitartean. Tira, aitor liteke bazkari-afarietako hizketaldiek aurrez irentsitakoak baino gehiago elika gaitzaketela sarri; zakildun koinatuen arteko eztabaiden topiko patriarkalaz harago, bada unibertsorik.

Bera eta bere kuadrilla duela gutxi elkartu dira, asteari pizgarri bat jartzen dioten baina errutinazkoak diren afari horietako batean. Fuet, sagardoa, mahonesa-txaka eta letxuga-izan-ezik-dena-duen-entsalada artean lasai doa gaua; “eta zu, zer moduz?” bezalakoak dira galdera muturrekoenak. Horregatik, mahaian hartu duen kokapen geoestrategikoa eskasa izanagatik –erdi-erdian–, lasai dago Bera, sentitzen duelako ez duela mina zelaian sartzeko arriskua usaindu ere egingo.

Halako batean, norbaitek, mahai burutik, erabakitzen du egokia litzatekeela, ostegun gau nekatuari kortesiazko galderak kendu, eta 2019an norbait izateko hizpidera halabeharrez ekarri behar diren gai horietako bat mahai-gaineratzea: transexualitatea. Hasi da iritzi-trukea, eta Bera, mahai erditik, harrigarriki ondo eusten ari zaie oheratzerakoan buruko min baino bilakatuko ez litzaizkiokeen erreakzioei. Harrigarriki. Mahaiburuak berretsi duen arte, transgeneroen errealitatea normalizatzeko, haiek beren gorputza onartu besterik ez luketela egin beharko, guri geurea onartzea dagokigun neurri berean.

Eta, orduan, Berari burutik pasatu zaio fotograma errenkada luze bat, azkar, egunero sare sozialek eskatu gabe ematen dizkioten irudi zenbaitekin. Denbora gutxian gorputza asko aldatzea promesa bakar duten egitura piramidal handikiak. Eguraldi ona denean, etxeko balkoian gibel-handiarena egiten eta irakurtzen ez garela gelditu, eta mendira igo garela erakusten duten argazkiak. Korrika izan baldin bada, askoz hobe. Crossfit-a pabiloi erraldoietan, eta lehen gutxi batzuentzako zena orain hegemoniko bilakatzeko dugun erraztasuna.

Mahaiaren erditik, suabe eta autokontrolari dei eginez, Berak aipatu du beraiena dela miss txapelketak telebistan ezagutu, eta 90-60-90 neurriak oraindik ere gazteleraz eta jarraian ahoskatzen dituztenen belaunaldia. Norbere gorputzean preso sentiarazi dituztenen giza-taldea direla, giro ospel horretatik irteteko feminismoaren heldulekuak eskura dituzten arren.

Bai, Bera izan ninteke ni, eta mahairen buruan dena nire kuadrillako norbait, eta istorioa ez litzateke gehiegi aldatuko. Gu ere sinetsita gaudelako, izerditzen dugula aske sentitzeko, laneko burmuin-xahutzea oxigenatzeko eta zainak pasioz bezainbeste betetzeko endorfinaz. Baina, egiazki ez gara rinascimento garaia berriro pizteko ahalegin betean baino bizi, gizonaren ardatzean eta gorputz perfektuaren bila. Eskubide gutxi izan beharko genuke, beraz, besteri tokatu zaiona onartzea eskatzen aritzeko. •