Maider Iantzi Goienetxe
Elkarrizketa
Maria de Jesus Patricio Martinez «Marichuy»
Mexikoko presidente izateko lehen emakume indigena hautagaia

«Behetik gora antolatzea baino modu hoberik ez dagoela erakutsi genuen»

Iazko hauteskundeetan parte hartzea aitzakia izan zen herrietara iritsi eta fokuak indigenenganantz jiratzeko. Xedeak beteta, taldea indartua atera zen.

Lumaltik Herriak gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta gurera etorri da Mexikotik Maria de Jesus Patricio Martinez Marichuy. «Hainbat lagunekin batu naiz: Munduko Emakumeekin, EHUko ikasleekin… Gazteek interes handia agertu dute. Niretzat garrantzitsua da Mexikon gertatzen ari dena ezagutaraztea», kontatu digu Donostiako Ibaetako campusean elkartu garenean.

Mexikoko presidente izateko lehen emakume indigena hautagaia izan zen Marichuy, iaz. «Hagitz kritikatua izan nintzen. Etxera garbitzera joateko erraten zidaten». Hautagaitza aurkeztearen helburua ez zen presidentetzara heltzea izan. «Aitzaki bat izan zen herrietara iristeko eta, aldi berean, hedabideek fokuak indigenenganantz jiratzeko».

Kongresu Nazional Indigenak (CNI) aurkeztu zuen Marichuy. Erabaki kolektiboa izan zen, 25 estatutako 43 herri indigenatako 523 komunitatetan egindako kontsultaren emaitza. CNI Mexikoko indigenen koordinakunde handiena da; bertako kide da Nazio Askapenerako Armada Zapatista (EZLN) ere.

Egoera gero eta zailagoa

Mexikon egoera gero eta zailagoa da. «Gure herrietan gabetze handia dago. Inposatzen ari diren megaproiektuen ondorioz komunitateak, basoak, ura, lurra, herrien antolaketa kolektiboa bera amaitzen ari dira. Hortaz, presidentetzarako aurkeztea aitzakia izan zen maila nazionalean problematika indigena mahai gainean jartzeko, baita herri, auzo eta kolonia ugaritara iristea posible izateko ere, behetik parte hartzeko gonbidapena egiteko eta boterea hartzeko beste modu bat azaltzeko, gobernua behetik gora eraikitzen joateko. Herria izateko zer egin erabakitzen duena eta gobernua herri antolatu horren erranak betetzen dituena».

Gonbidapen hori egin zieten herritarrei, behetik antolaketa prozesuak eraikitzen joan daitezen nekazariak, emakumeak, gazteak… «Ados ez gauden egiteko moduei buelta ematen eta berreraikitzen joan gaitezen. Ez zen Marichuy izan, baizik eta gobernuaren kontzeptu indigena bat».

Garrantzitsua izan zen herri indigenak baztertuak, diskriminatuak, ahantziak, abandonatuak daudela ikusteko, are gehiago emakumeak. «Bigarren edo hirugarren mailakotzat hartzen gaituzte. Horregatik erabaki zen emakume batek hartzea ahotsa. Hala emakume gehiago gonbidatzeko, erakusteko parte har dezakegula eta gure herriak ordezka ditzakegula».

Garaipena izan zen

Balorazio ona egiten dute, nahiz eta Gobernuak erran galdu egin zutela, porrot egin zutela, herritarrek ez zutela emakumerik nahi, are gutxiago indigenarik. «Gure balantzean xedeak lortu genituela baieztatu genuen: ez genuen galdu, irabazi egin genuen. Alde batetik, indigenen arazoak plazaratu genituen; bestetik, herriz herri, auzoz auzo behetik antolatzea baino modu hoberik ez dagoela erakutsi genuen. Guretzat garaipena izan zen 32 estatuetatik 29tara heltzea. Beren arazoak hurbiletik aditzea eta eurek prozesu honetako gure asmoa entzutea. Elkarren kontra jarri gaituzte. Ahantz ditzagun alderdiak, hel diezaiogun gure antolaketa propioari aurrera ateratzeko».

Talde handia

Hauteskundeen testuinguruan laguntza sareak osatzen joan ziren. «Gazteak, emakumeak, adinekoak, gizonak… Azkenean, denen artean, talde handia ginen. Ez ginen herri indigenak soilik. Hirian kide gehiago zeuden, proposamena bere egin zutenak».

Talde horiek biltzen jarraitzen dute. «Bakoitzak bere lekua du, bere modua eta denbora, baina zerbait ezberdina nola eraikitzen joaten ahal garen aztertzen ari dira eta hori nahi genuen».

CNIren asanblada

2019ko irailaren 5etik 7ra Kongresu Nazional Indigenaren eta erresistentzia eta errebeldia sareen asanblada izan zen, nazionala eta nazioartekoa. Binniza de Juchitan hirian egin zen, Tehuantepec istmoan. Mexikoko herri indigenen 500 ordezkaritik gora bildu ziren; 107 elkarte eta kolektibo, 10 hezkuntza instituzio eta 22 hedabide libre.

Gertatzen ari den guztiaren aitzinean eta megaproiektuekin okertzen ari den egoeraren aitzinean zer egin aztertu zen. «Ikusten da elkarlana ezinbestekoa dela, baina bakoitza dagoen tokian egonda. Hainbat ekintza adostu ziren».

«Garrantzitsuena da nola joanen diren indartzen dauden lekuetan, nola joanen diren lantzen antolaketa. Hor egiten dugu apusturik handiena, dauden lekuetatik antolatzen ez badira beti eroriko garelako ekintza batzuetan: errepide bat gelditu behar dela, planto egin behar dela… Hori ere parte da, baina inportanteena beste antolatzeko modu berri bat eraikitzen joatea da, behetik, gauden tokitik. Emakume, ikasle, irakasle, abokatu, mediku… Diseinatua dagoen moduarekin ados ez bagaude, nola eginen dugu lan horri buelta emateko? Alternatiba horrek tokian bertan jaio behar du, leku bakoitza ezberdina baita», defendatu du.

Errepresioa, gora

Kongresu Nazional Indigenako 117 kide hil dituzte gutxienez 1996an erakundea sortu zenetik. Megaproiektuen inposaketarekin lotutako hilketak dira. «Herri indigenek ez dute meatzerik, gasbiderik, eolikorik, hidroelektrikorik, tren maiarik inposatzerik nahi. Hala erran dute eta manifestazioak egin dituzte. Eta manifestazio horietan hil egin dituzte, edo desagerrarazi, edo kartzelan sartu. Errepresioa handitu da».

Marichuyk baieztatu duenez, Mexikon gerra deklaratu dute lurra defendatzeko elkartu diren eta antolatzen diren herrien kontra. «Isilik egon behar dugula erraten digute, gure herrietatik aberastasuna eramaten duten bitartean».

Badaude hegoaldean komunitateak beren lurraldean aberastasuna dagoela jakinik, horretaz jabetzeko lekualdatu dituztenak. «Petrolioa edo ura izan daiteke. Gabetzea handitzen den neurrian handitzen da errepresioa ere. Eta ez dute bertan biztanlerik nahi».

Istmoan egiten ari diren megaproiektuetako baten bultzatzaileetako bat Iberdrola da. «Onuradun bakarra enpresa izan da; herriei lurren kutsadura baizik ez die utzi. Lur horiek jada ezin dira erein. Helize batzuk etxeko patioetan jarriak daude eta hain dira handiak ezen batzuetan etxeen gainean erortzen baitira. Jendeak ez ditu nahi, baina gero eta gehiago dira».

Jendea antolatzen ari den lekuak militarizatzen ari dira. Chiapaseko Chicomuselon erresistentzia dago meatzearen aurka eta herrialdeko base militarrik handiena eraiki dute megaproiektua zaintzeko.

Gaztetatik

Gaztea zenean, Marichuy gizonek soilik parte hartzen zuten dantza tradizional batean dantzatzen hasi zen. «Ikusten nituen eta dantzatu nahi nuen. Aitak erraten zidan ez ateratzeko, baina musika entzunez, inork ikusi gabe, pausoak egiten nituen. ‘Joan zaitez, baina motel bazabiltza atera egingo zaitut!’, erran zidan azkenean aitak. Baina ez nintzen okertu. Mutilek tinko zapaltzen zuten, eta nik ere bai», oroitu du.

«Ahulak ginela zioten, kasik ez zela aditzen gure pausoa, baina azkenean onartu zuten. Ordutik dantzan jarraitu nuen eta orain emakume aunitzek dantzatzen dute. Bada dantza bat emakumeena soilik».

Zapatistek, 25 urte

Altxamendu zapatistatik 25 urte igaro dira. «Eredu dira gure herrientzat, batez ere antolakuntzan. Indartzen eta hazten joan dira, gizon-emakume gehiago dira orain. Karguak soldatarik gabe hartzen dituzte, kargu kolektiboak dira, txandakatu egiten dira. Horrek indarra eman dio antolakundeari hegoaldean. Eta iparralderago dauden gure herriak motibatu ditu. Indar kolektiboa hainbeste hazi da, ezen ez baitago ekonomikoki Gobernuaren mende. Euren eredua hartzen ari gara».

«Eurek egin badute, guk zergatik ez? Lurra, basoak, ura… ditugu. Antolatzea da kontua», erantsi du.

Antolakuntza horretan emakumeen partaidetza gero eta handiagoa da, bereziki Chiapasen, kide zapatistekin. Kooperatibetan antolatzen ari dira, beren artean babesten, eta motorra dira bertze herrietako emakumeentzat.