Amaia Nausia Pimoulier

Kontakizunaren garrantzia

Azkeneko boladan kezkatuta nago Historiaren kontakizunarekin. Ez hainbeste egia historiko absolutuarekin –badakit hori ez dela existitzen–, baizik eta Historiaren transmisioarekin. Historiagile bezala beti kezkatu izan nau herri bakoitzak bere memoria kolektiboa eraikitzeko aukeratzen dituen mugarriak aztertzea. Asko esaten du herri baten izaerari buruz zein ekintza, momentu historiko, leku eta pertsonaia aukeratzen dituen bere iragana kontatzeko.

Historia irabazleek kontatzen dutela entzuten da askotan. Ados nago. Gutxienez egia da garaileen kontakizuna askotan inposatzen dela eta herriarengana iritsiko den narratiba hori garaileek erabakitzen dutela. Baina ikertzaile bezala badakit galtzaileei ere ahotsa eman ahal diegula. Nire kasuan, emakumeen iraganari buruz ikertu dudan heinean, galtzaileen ikuspuntua mahaigaineratzen saiatu naiz beti; sorginkeriarengatik salatuak izan zirenak, emakumearen idealarekin apurtzen ausartu zirenak, edo besterik gabe emakumeak izateagatik zapalkuntza jasan zutenak.

Lan horretan beti aldarrikatu dut emakume horien memoria berreskuratzea ezinbestekoa dela. Ez hainbeste beraien memoriari ohore egiteko, ezta justizia poetikoa bilatzen dudalako ere, baizik eta kontakizunaren bidez beste errealitate bat eraikitzea posible dela uste dudalako. Emakumeentzat justuagoa izanen den errealitate hori eraikitzeko gaur eguneko neskatilek erreferenteak behar dituzte eta egia zein izan den, edo kontatu ez den egiaren aldea behintzat, ere ezagutu behar dute.

Herri bezala ere historikoki galtzaileen aldean kokatu gaitezke, nahiz eta beste momentu historikoetan zapaltzailearen aldean ere izan garen (urriaren 12a gertu dugu gogorarazteko euskaldunok ere mina zabaldu dugula munduan barna). Eta horregatik badakigu zein garrantzitsua den kontakizuna herri bezala etorkizun posible bat eraikitzeko. Horretarako beti defendatzen dut gure memoriaren mugarriak ongi aukeratu behar ditugula eta gaur egun defendatu nahi ditugun balioen arabera aukeratu behar ditugula mugarri horiek. Bataila militarrak, errege-erreginen figurak aukeratu beharrean, gure mugarriak kolektibotasuna, feminismoa eta antimilitarismoan oinarritu beharko lirateke, nire ustez.

Herri baten iraganaren kontakizuna eztabaidan dago etengabe, zer esanik ez egun; gure lurraldeak azken hamarkadotan sufritutako biolentziaren inguruan, baina baita gertuagoko kasuen aurrean ere, Altsasu, esate baterako. Orain Estatuko beste herri bat bere azalean pairatzen ari da guretzat horren ezagunak diren Estatuaren narrazioaren makinaria krudelaren erremintak; Kataluniaz ari naiz, noski. Bertako herritarren kontra zabaltzen saiatzen ari dira gure kontra zabaldutako diskurtso berdinak. Baina zerbait badute oraingoan kontra, sare sozialen bozgorailua. Zailagoa eginen zaie egun garai batean Euskal Herriaren kontra Estatuan inposatu zuten eta gehienek erosi zuten kontakizuna inposatzea. Hori pentsatu nahi dut behintzat, batzuetan Espainiako ezkerra epelegia dela iruditzen bazait ere.

Edozein kasutan, kontakizunaren garailea zein izanen den ez da erabaki. Aukeratu dezagun ongi zertan oinarrituko dugun guk gure kontakizuna. •