Iker Barandiaran

Aurrez aurre

Badakit zentzu askotan estralurtar samarra naizela –nahiz eta horrek ez nauen askorik kezkatzen–, baina aldi bakarrean erosi dut zerbait Amazonen bitartez eta ez dut orain arte inoiz Airbnb plataforma erabili. Aldiz, baditut inguruan ehunka batailen erreferentziak paparrean eramaten dituzten lagun eta ezagunak, aipatutako plataformetan egun batean bai eta hurrengoan ere bai aritzen direnak axolagabeki.

Era berean, badaukat lagunik lehen Podemita eta orain Bildukoa izanik, haginetako pasta ere Amazonen bitartez erosten duenik. Horiek guztiak ez al dira, bada, jakitun plataforma horrek poliki-poliki –eta hasia da dagoeneko– herri eta hirietako saltokiak desagerraraziko dituela? Eta egoera txarrenean, behin beste saltoki guztiak itxita eta aurrera egiteko aukerarik gabe, berau bakarrik egonez gero, sudur puntan jarriko litzaiokeen prezioak ezarri eta hori ordaintzera derrigortuta egongo ginatekeela, gure lepora barre egiten duten bitartean?

Nik uste koherenteagoak izan behar garela pentsatzen, esaten eta egiten dugunarekin. Baina, antza, nazioarteko eta benetako aurpegirik gabeko plataforma erraldoi horietan kontsumitzeak ez digu inongo kezkarik ezta damurik sortzen. Aldiz, ni bizi izan naizen herrian –eta seguru beste askotan ere– behin baino gehiagotan entzun dut marokoar eta pakistandarrek zabaldutako negozioetan baino, hobe dugula “hemengoen” saltokietan gastua egitea. Serio ari gara? Zer da hemengoa, zer da hangoa, eta nori ari gara gastua egin eta dirua ematen? Izan ere, etxetik edo sakelakotik klik bat eginda erosten dioguna da “hemengoa” ez dena, zergak auskalo non eta zenbat ordaintzen dituen negozio-talde ezagun eta iluna. Eta, aldiz, oso modu kontzientean kontra egin nahi diogu bere herrian bizi izan duen egoera gogorragatik ihesi milaka kilometro egin, bizilekuz aldatu, gorriak ikusi eta hemen negozio bat aurrera atera edo bertan jarduten duenari. Zer hipokrisia edo oharkabean sartu diguten inozokeria da hori?

Ez naiz neu herrian bertan gehien gastatzen duen horietarikoa; izan ere, janariaz gain, ez dut horrenbeste gastu egiten. Baina gastatzen dudana dendariarekin –nik nahi dudanarekin– hartu-emana aurrez aurre izanda aukeratzen dut, nire herrian, albokoetan, zein bisitatzen dudan horretan.

Gauzei balioa ematen diegu ez daudenean eta egia da gure herrietako saltoki sarea gero eta murritzagoa dela; poliki-poliki desagertuz doa. Askotan aipatzen dugu erdiguneetan –eta zer esanik ez– auzoetan lokal huts ugari daudela, lehen baino gehiago; baina ez dugu horren gaineko hausnarketarik egiten.

Saltoki eta bestelako negozioek egunez bizitasuna eta giroa ematen diete herriei; eta gauez, argia eta segurtasun sentsazio handiagoa. Lanpostuak ere sortzen dituzte, eta askotan ikasketa espezializaturik ez baina lan egiteko borondate ona eta jendaurrean aritzeko gaitasuna duten pertsonendako bada aukera bat, garrantzitsua laneratze hastapenetan bada. Lehen aipatutako aurpegirik gabeko negozioen aurrean, herrietako komertzioak badauka gertutasun eta konfiantza plusa, edozein hartu-emanerako oinarria dena eta, testuingurua kontuan hartuta errepikakorra badirudi ere, edozein lekutan erosi ezin dena.

Hori guztia, beste inon aurkituko ez duguna, hain merke saltzeko prest gaude? •