Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

«Brexit-free»

Udan egindako ikerketa baten ondorioetako baten arabera Sky etxeko albistegien ikusleen heren bat albistegiak ekiditen ari ziren. Horietatik %70ek Brexitari leporatzen zioten haien jarreraren arrazoi nagusia, debate politiko amaiezin eta errepikakorraz aspertuta zeudela. Bestalde, %60k ziotenez, albistegiek haien umorean eragina zuten; eta, edozein erabaki eta gertakizunetan eragina izateko inongo aukerarik ez zutela uste zuten %40k, beraz, zertarako denbora galdu.

Testuinguru horretan, Sky etxeak albistegi kate berri bat hasi zuen aurreko astean, Brexitaren inguruko informaziorik gabekoa, egunean bost orduz arratsaldeko bostetatik gaueko hamarrak bitartean. Audientziek esaten zutenari kasu egitea ezinbestekoa zela esan du kateko zuzendariak. Aldi berean, albistegien kate berriak kazetaritzaren beste dimentsio batekin esperimentatzeko aukera ematen duela, beste audientzia batzuetara ere iristeko, baita orain artekoak mantentzeko ere. Albistegien kate nagusia erabiliko dute, orain artean bezala, Brexitari buruzko kontaketa eta eboluzioarekin jarraitzeko.

Informazio bera behin eta berriro errepikatzearen eragina muturreko bi egoeratan amaitzen da normalean. Bat, entzulea konbentzitzera iristea, ez duelako pareko beste argudiorik bilatzen edo itzalean gelditzen delako beste edozein informazio. Eta, bi, apatia edo desinteresean erortzea entzulea; aspertuta edo nazkatuta dagoelako. Esango nuke tarteko egoera guztiak epe motzean behintzat ez direla oso eraginkorrak izaten.

Kataluniako buruzagi independentisten aurkako sententzia injustuaren inguruko mobilizazio jendetsuek eta elkartasun mugimenduek oihartzun gutxi izan dute Erresuma Batuan. Brexitaren protagonismoaren kontra lehiatzea ia ezinezkoa dela pentsa genezake, baina banuen itxaropena leku gehiagotan tarte bat egingo ziotela. BBCko albistegien aplikazioan, egun batean ordu gutxi batzuetan zehar goiburuen sailean ikusi nuen albiste orokor bat, baina laster ordezkatu zuten beste informazio batekin.

Espero bezala, futbola gailu bezala «erabiliz» irismen handiagoa izan du gaiak Londresen. Pep Guardiola Manchester City taldeko futbol entrenatzaileak oso garbi azaldu ditu beti preso politikoak babestearen eta Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen aldeko ikuspegiak. Besteak beste, Noam Chomsky AEBetako pentsalariarekin batera grabatutako bideo batean giza eskubideen defentsa aldarrikatu zuen duela hilabete batzuk, eta, aurreko astean, bera bakarrik azaltzen zen bideo bat Twiterren zabaldu zuen Tsunami Demokratikoa plataformak. Aldi berean, futbol partida bateko prentsaurrekoa erabili zuen aurreko asteko sententziaren aurka bere iritzia azaltzeko. Milioika pertsonak ikusi zituzten Guardiolaren bideo horiek denak (ziurrenik BBCko albistegia ikusi zutenak baino gehiago).

Guardiolaren akzioek, eman nahi zuen mezuak baino aipu gehiago sortu zuten –alegia, egokia ote zen prentsaurrekoa erabiltzea gai politiko batez hitz egiteko–, eta horrela ez goaz bide onetik. Hala ere, hori bada behin eta berriro oinarrizko eskubideak bihurritzen ari den Espainiako Estatuaren ekintzak atzerriko jendeari iristeko modu eraginkorretako bat, ezer ez egitea baino hobeto da zalantzarik gabe. Finean, futbolak politikak baino jende gehiago mugitzen du eta hor ez dago apatia edo desinteresean erortzeko arriskurik. •