Maider Iantzi Goienetxe

Hiru ahizpa

Baziren behin hiru ahizpa. Gizonezko bat hurbildu zitzaien, haiek baino helduagoa. Lehenbizi ahizpa zaharrenarekin hasi zen solasean, baina, hagitz atsegin agertu arren, neska ez zen ongi sentitzen berarekin eta ez zion jarraitu. Horretaz ohartuta, erdiko ahizparekin saiatu zen gizona. Baina bere gaztelura gonbidatu zuenean kalabazak jaso zituen berriro.

Ahizpa gazteena gelditzen zitzaion, beraz. Ez zitzaion kosta hura liluratzea. Bien begiak gurutzatu ziren eta neskaren denbora han izoztu zen.

Gizonak gerraren batera edo zerbait garrantzitsua egitera atera behar zuela-eta, gaztelu guztia utzi zion neskari. Giltzatako erraldoi bat luzatuz, zera erran zion: «Ate guztiak ireki ditzakezu, beheko txokoko txikia izan ezik».

Neskak ahizpak gonbidatu zituen eta ederki ari ziren pasatzen ateak banan-banan irekiz, beheko txokoko ate txikiaren aitzinera iritsi arte. Jakin-minari ezin eutsiz, giltzatakoko giltzarik berezienari dardarka heldu eta leunki jiratu zuten sarraila. Ireki orduko itxi zuten atea, zurbil, pertsonen hezurrez beterik baitzegoen gela. Orduantxe iritsi zen gizona eta ahizpa gaztea disimulatzen ahalegindu zen, baina giltza odola isurtzen hasi zen.

Clarissa Pinkola Estes-en “Mujeres que corren con los lobos”-en ipuin bat da, barrenean gordea dudan bezala kontatua. Oroitzen naiz lehenengoz irakurri nuenean gustatu zitzaidala baina ez zidala eragin; bigarrengoan, ezin izan nuen bukatu min handiegia ematen zidalako. Hirugarren irakurketa bat egiteko gogoa dut orain, disfrutatuz.

Hiru ahizpak pertsona bera izan daitezke garai ezberdinetan, edo pertsona beraren alderdi desberdinak. Hezurrak traumak edo krimenak izan daitezke. Giltza odoldua, aldiz, estali, garbitu edo harrika bota dezakegu, baina ez dago jarioa gelditzerik. •