2019/11/02

Nekane Zinkunegi Barandiaran
Asertibitatea

Ez dakit gaixotasuna ote den ezetz esaten ez jakitea. Baina, horren ondorioz, egonezin fisikoa sentitzeraino hel daiteke bat. Bada jendea kostatzen zaiona edozein proposamen edo eskaerari ezetz esatea: harekin batere zerikusirik ez duen zerbait izan behar du, edo inplikatzea eskatzen dion une horretan beste zerbaitekin okupatuta egon behar du. Auskalo, parekoak ezezkorik onartuko ez duela iruditzen zaiolako izango da. Edo egoera ezerosoak kudeatzeko gogorik eta ausardiarik ez duelako.

Arazoa da egoerarik ezerosoenak ere orduan sortzen direla, gauza gehiegiri ezetz ez esatean. Baietz esandakoak eta hartutako konpromisoak gehiegi direnean, pilatzen direnean. Orduan, denera iritsi ezinagatik sortzen da egonezina, inpotentzia, eta ingurukoei huts egiteko beldurra. Egoerak gain hartu, eta modu onean edozer esatera datorrenari ongi erantzuteko pazientzia ere galdu egiten da.

Asertibitatea, hain justu, egoera gogorrei lasaitasun eta segurtasunez erantzuteko gaitasuna omen da, gatazkak arrazoiz konpontzeko jarrera. Seguru asko, parekoak eduki dezakeen jarreraz kezkatu aurretik, nork bere aldartea kontrolatzea. Horrek ez du esan nahi erreakzionatu behar ez dugunik edo pasiboak izan behar dugunik. Bestela, presioa egiten digutenean, edo haserretuko zaizkigun beldur garenean, amore emateko joera izango dugu. Pasiboak bagara, ez gara gai sentitzen gatazkak kudeatzeko eta saihestu egiten ditugu. Horren aurrean, besteek indar handia hartzen dute, baita abusatu ere. •