Amagoia Mujika eta Xabier Izaga
BAI EUSKARARI SARIAK

Euskararen bidea argiztatzen dutenak

Bai Euskarari elkarteak Mertxe Mugika, AEK-ko koordinatzaile nagusi izandakoa, Deustuko Bordatxo jatetxea eta Errenteria-Oiartzungo ABB Niessen lantegia saritu ditu, behinola egunerokoan euskararen lan-jantzia janztea erabaki zutelako.

Irudian, sarituak
Irudian, sarituak

Banatu dituzte Bai Euskarari sariak. Aurtengoan Mertxe Mugika, AEK-ko koordinatzaile nagusi ohia, Bilboko Deustu auzoan dagoen Bordatxo jatetxea eta Errenteria-Oiartzungo ABB Niessen lantegia izan dira sarituak, «euskarari eta euskararen unibertsoari argia, indarra eta energia emateagatik». Ponpoxoa begitandu daiteke errekonozimendua, baina sarituek, bakoitzak bere esparruan, xumea bezain korapilatsua gerta daitekeen hautua egin dute: euskaraz lan egin eta euskaraz bizi.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektuak hemeretzi urte daramatza martxan eta elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek nabarmendu bezala, «xedea alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko bidean eragitea da, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz».

Sarituek egunero janzten dute euskararen bidea argitu asmo duen lan-jantzia. Sukaldean, lantegian zein euskaltegian modua baitago euskarari bidea argitzeko eta bide horretan bultzatzeko. Hiru sarituek aspaldi hartu zuten euskaraz bizitzeko erabakia eta horretan ari dira egunero.

Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusi ohia

«Sinergiak batu behar ditugu. Gakoa hizkuntza politika publikoetan dago»

Mertxe Mugika Euskal Herriko kooperatiba handienetariko bateko buru izan dela dio Bai Euskarari elkarteak. Izan ere, Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia izan da hamahiru urtez, joan den irailaren 30ean kargua utzi zuen arte. Urte horietan egindako lana aitortu dio orain Sariak, eta berak AEK-kide guztiekin partekatu du.

Ez da diruz ordaindutako saria, baina, batzuentzat behintzat, badu garrantzia.

Niretzat, bai. Horrelako sariek atzean daukatena da garrantzitsuena, eta, kasu honetan, nork ematen duen. Beste alde batetik, alde pertsonaletik, euskararen aldeko erreferente izateagatik sari hori jasotzea, pentsa. Deitu zidatenean, ez nuen inondik inora espero. Nik lan bat egin dut, eta lan horretan jarraituko dut, beste modu batean. Gero pentsatu egin nuen eta bai, pozik eta harro ere banago, zeren horrek esan nahi du egindako lanak nolabaiteko oihartzuna edo arrasto bat utzi duela.

Zer eman dizu kargu horrek?

Gauza asko. Alde batetik, protagonismoa, kakotx artean betiere, euskararen aldeko lan honetan hainbat kontuan aurrera goazela ikusteko protagonismoa. Hamahiru urteko perspektiba batekin hitz egiten dut, jakina. Egia da oraindik ere asko dagoela egiteko, are gehiago Euskal Herriaren lurralde osoa kontuan hartuta, baina atzera begira, orain dela hamahiru urte pentsaezinak ziren gauza batzuk egitea posible da, eta ni egon naizen lekuan egonda nolabaiteko eragina izan dugula uste dut.

Esate baterako?

Elkarlan arloan. Hor badaude momentu batzuk nik barrutik bizi izan ditudanak baina kanpora begira oihartzun handia izan dutenak. Zorioneko Santiago zubiko argazkia da horietako bat. Pertsona asko ezagutzeko aukera ere eman dit kargu horrek, eta ez bakarrik euskalgintzako jendea. Horrelakoetan ikusi dut berba eginda, enpatiarekin, askorekin –ez mundu guztiarekin, e?– posible dela akordioetara heltzea. Esaten dugunean elkarbizitzarako euskara benetan garrantzitsua dela, hori kontuan izatekoa da, argumentuak eman eta besteari entzun eta ulertzen saiatzea.

Bestetik, zer esanik ez, Euskal Herriko leku askotatik pasatzea tokatu zait eta jende asko, ikasle asko ikusi dut euskaraz hitz egiten, eta gainera AEKren karpeta bat besapean bazeramaten, pentsa. Horiek ere oso momentu onak izan dira.

Diozun bezala, pozik eta harro egoteko modukoak.

Edonola ere, nik beti esan dut aurpegia jarri dudala, baina benetan, eta kristoren garrantzia du, saria jaso nuenean esan nuen moduan, sari hau AEK-kide guztiekin partekatu beharra daukat; azken finean, nik hau egin badut, AEKn ekipo zoragarria, prestatua, proiektu honetan sinisten duena dagoelako egin dut. Nik hori ikusi nuenean, «aurrera!» esan nuen. Hori da AEKren balore erantsia, 500 lagunen enpresa horrena, kooperatiba kasu honetan.

Beraz, AEK barrutik ezagututa, proiektuak eta lan taldeak kargua hartzeko adorea eman zizuten.

Bai, hori da. Eta azken finean diskurtsoak etxean bertan landutako kontua dira, AEKren misioari eta helburuei ahotsa jarri diet, nik errelato bat kontatu dut, baina etxeko kide askorekin batera egindakoa.

Kargu bat utzi duzu, baina AEKn jarraituko duzu.

Begira, horretan ere asko zor diot AEKri. Erabaki hau orain dela urte asko hartutakoa da. Uste dut kargu hauek hasiera eta bukaera izan behar dutela, haietan urteak eta urteak egotea ez dela ona; alde batetik, inertzia batzuekin lan egiten duzulako, eta, bestetik, gu lantalde bat garelako. Lantaldearen proiektua da, eta ez pertsona batena. Bere momentuan esan nuen Durangaldetik Euskal Herrira egin nuela salto, baina momentua heltzen zenean berriro Durangaldera bueltatuko nintzela, eta hemen nago. Hau trantsizio urtea izango da, alde batetik nire ordezko Alizia Iribarreni laguntzen ibiliko naizelako, eta, bestetik, Durangaldean badaudelako zenbait proiektu, euskararen erabileran sakontzeko, Euskaraldia eta beste kontu batzuk kasu.

Ez dakizu irakaskuntzara itzuliko zaren?

Neure burua ere jantzi egin behar dut, zeren hamahiru urte ez dira alferrik pasatzen, eta egia da hizkuntza politikaz, kudeaketaz-eta asko ikasi dudala, baina eskoletara besterik gabe itzultzea, halako birziklatzerik gabe... uste dut errespetu handia zor diegula gure ikasleei. Eta gero erabaki behar dut irakaskuntzan edo hizkuntzaren normalizazioko beste ardura batean jardungo dudan, zeren AEK-k ez dauzka arrautza guztiak saski berean sartuta. Guk beti esan dugu euskararen normalizazioak hiru zutabe handi dituela: ezagutza, erabilera eta sustapena, eta gu ezagutzagatik izango gara ezagunak, baina era berean hor ditugu besteak ere, eta, etxera bueltatuta, «eskolak emateko gu gaude», esaten didate, eskualdean hankamotz-edo egon litezkeen beste proiektu batzuetan behar handiagoa egon daitekeela. Alde horretatik ere, beraz, oso pozik, trantsizioa ondo egiteko aukerarekin. Kargu bat utzi dut, baina ez dut erretiroa hartu, oraindik urte batzuk geratzen zaizkit eta uste dut badaukadala zer egin eta zer eman.

Instituzioekiko elkarlanean ere aurrera egin dela dirudi.

Uste dut asko aurreratu dugula, baina oraindik badago zer aurreratu, zer konpondu eta zer bideratu. Euskara bidegurutzean dagoela esaten da, eta uste dut bidegurutze horretatik ateratzeko aukera izugarria dagoela une honetan. Proiektu asko eta diagnostiko partekatuak daude, eta uste dut horiek aprobetxatu eta sinergiak batu egin behar ditugula. Bakoitzak beretik tiratuko du, normala denez, baina gakoa uste dut dagoela hizkuntza politika publikoetan, publikoak hasieratik bukaerara. Diagnostiko partekatua, ekintza partekatua eta ebaluazioa ere partekatua. Ondo daude plangintza sektorialak, eta beharrezkoak dira, zalantza barik, eta orain arte egindakoa ere izugarria da. Orokorrean berba egiten ari naiz, e? Zeren pentsatu behar da Nafarroan lau urte hauetan egin diren aurrerapauso txiki horiek momentu batean atzera egiteko posibilitatea ere badagoela. Ipar Euskal Herrian hobera egin da, eta asko dago hobetzeko, baina hor ez dut ikusten atzera egiteko aukerarik. Eta EAEn une honetan uste dut ez dagoela atzera egiteko aukerarik. Baina uste dut aurreko Korrikako mezua, “Klika”, arlo guztietara eraman behar dugula. Maialen Lujanbioren hitzak nire eginda, uste dut klabea dela sistema eragilean klika egitea, eta hori da denok batera egitea, hizkuntza politika publikoa, eta norbanakooi ere badagokigu euskaraz bizitzeko aukera guztiak baliatzea, baina ez bakarrik dena gure bizkarren gainean utzita. Eragileei dagokiguna, kasu honetan AEKri, eragitea da, eta hor indar metaketa itzela izan dezakegu. Eta Administrazioari eginaraztea dagokio, baliabideak jarri eta eginaraztea.

Optimista zara?

Bidea hau dela sinistuta eta herri honek euskaraz bizitzeko hautua egina daukala jakinda, ni oso optimista naiz, eta ez bakarrik berez optimista naizelako, baizik eta uste dudalako une honetan horretarako baldintzak daudela, eta, gainera, hainbat kontu giltzarri dira. Horiek ondo mugitzen badira, euskararen geroa ez dakit bermatuta, baina dauden zuloak estaltzeari begira, bai. Neurri asko hartu behar dira, publikoak, integralak eta ausartak. Herri gogoa dagoela pentsatu behar dugu.

Besterik esan nahi duzu?

Komunikabideoi eskerrak eman nahi dizkizuet AEKren iritzia emateko aukera eman didazuelako eta paper izugarria egin duzuelako euskara biziberritzeko.

Gorka Ganboa

Bilboko bordatxo jatetxea

«Euskaraz bizitzeko euskaraz lan egin behar dugu, logikoa da»

Deustun dagoen Bordatxo jatetxearen jabeak dira Gorka Ganboa eta Estitxu Lezea. Badira hamarkada batzuk euskalduntzeko erabakia hartu zutela; ez euskaraz ikasteko erabakia, euskaraz bizitzekoa baizik. Hogei bat urte darama Bordatxo jatetxeak martxan eta lehentasuna du euskara. Konpromiso hori saritu du Bai Euskarari elkarteak. Ganboaren hitzetan, saria gazi-gozoa izan da. «Gozoa, pozgarria, gure ahalegina aitortzen duelako. Gazia, ostalaritzan apenas dugulako lehiarik euskarari dagokionez. Oso gutxi gara ostalaritzan euskararen alde egiten dugunak. Gehienek, asko jota, ‘eskerrik asko’ jartzen dute ahozapietan».

Zein harreman daukazu euskararekin?

Bai ni eta bai nire bazkidea, Estitxu, AEK-ko “umeak” gara, euskaldun berriak. Guk ez genuen erabaki euskara ikastea, baizik eta euskalduntzea. Eta euskalduntze prozesu horren baitan logikoa zen gure lana euskaraz egitea. Naturaltasun osoz egin dugu Bordatxon euskaraz, apustua aurretik zetorrelako. Ez da izan enpresa erabaki bat, bizitzeko modu bat baizik. Euskaraz bizitzeko euskaraz lan egin behar genuen. Logikoa eta naturala hori zen.

Zergatik erabaki zenuen euskaraz bizitzea?

Nire bizimoduarekin bat zetorren. Ni Basaurikoa naiz eta lehen aldiz euskara kalean Errioxan entzun nuen, 8 urte nituela. Uda pasatzera joaten ginen eta Gipuzkoako jendea ere bazen tartean. Haiek euskaraz hitz egiten zuten eta han entzun nuen nik euskaraz elkarrizketa oso bat lehen aldiz. Gaztaroan euskal munduan mugitzen nintzen eta erabaki nuen beste pauso bat eman behar nuela. Euskaraz ikasten hasi nintzen eta hurrengo pausoa euskalduntzea eta euskaraz bizitzeko erabakia hartzea izan zen.

Bordatxon, non dago euskara?

Denean, toki guztietan. Bordatxon lehentasuna euskarak dauka. Badugu euskaraz oso ondo moldatzen ez den langile bat, baina ulertzen du eta jarrera ona dauka. Horrez gain, gure dokumentazio guztia, hornitzaileen fakturak, informatika... dena euskaraz daukagu. Pentsa, informatika hornitzailea Cadizekoa da, Puerto de Santa Mariakoa. Zerbitzari informatikoa bidali zigun, itzuli egin genuen eta eskatu genion dena euskaraz jartzeko. Eta halaxe egin zuen. Dena euskaraz daukagu; batzuetan euskaraz bakarrik, beste batzuetan euskaraz eta gazteleraz eta ingelesez ere bai. Baina lehenengo beti euskara.

Beti ez da erraza izango.

Ez da erraza eta hornitzaile batzuekin ezin da. Coca-Colarekin, adibidez, inoiz ez duzu irabaziko. Baina saiatu gara eta borroka egin dugu. Guztiekin egin dugu borroka eta gauza asko lortu ditugu. Guk konpromiso hori daukagu gure buruarekin eta beti saiatzen gara. Eta askotan lortzen da. Hori bai, beti adi egon behar duzu, beti eskatzen. Adibidez, banketxean ez baduzu eskatzen taloitegia euskaraz, normalean txekeak gazteleraz etorriko zaizkizu. Egun osoan zorrotz egon behar duzu, bestela naturaltasunez eta ohituraz erdarara jotzen da.

Pertseberantzia.

Zalantzarik gabe. Eta gauza asko lortu ditugu. Adibidez, Deustu Bizirik merkatari elkarteak haien ekitaldi batean parte hartzeko eskatu zigun, pintxo lehiaketa baten harira. Gu dezente ibili gara pintxo txapelketetan Bizkaian. Baldintza bat jarri genien, informazioa eta ekitaldia gutxienez elebidunak izatea. Guk bakarrik eskatu omen genuen, baina gure baldintza bete eta elebitan jarri zuten guztia. Orain naturaltasunez egiten dute. Adibide bat baino ez da. Jarrera irmoak badauka bere emaitza.

Eta inguruan zer-nolako panorama daukazue?

Negargarria. Sari honek bi aurpegi dauzka. Alde batetik oso pozik gaude eman digutelako, baina, bestetik, oso triste lehiarik ez dugulako. Ostalaritzan Bilbon penagarria da euskararen egoera; frantsesak, ingelesak edo beste edozein hizkuntzak euskarak baino garrantzia handiagoa daukate. Enpresek berek ez dute ikusten balio bat bezala, ez diote etekinik ikusten. Gainera, euskara ez da ikusten ostalaritzan, ez jarreran, ez karteletan ez inon. Asko jota, ahozapietan “eskerrik asko” jartzen du.

Tira, segi dezazuela euskararen bidean.

Zaila da dagoeneko gu hemendik ateratzea. Pentsa, euskaraz bizitzeko erabakia hartu nuenean emaztearekin ere euskaraz egitera pasatu nintzen. Bera azpeitiarra da eta ezagutu nuenean uste dut ez zekiela ondo gazteleraz [barreak]. Orain, gure harremana euskaraz da eta pozik nago. Hala ere, euskararen aldeko bide hau ez da inoiz amaitzen, beti dago zer egin eta zer hobetu.

Txuss Alfonso ABB niessen

«Euskarak etekinak ematen dizkio enpresari, horregatik bultzatzen du»

Niessen enpresako euskara batzordeak hogei urte bete ditu. Hartara, Bai Euskarari Saria jasota urteurrena borobiltzeko moduan dira Errenteria eta Oiartzun arteko enpresan. ABB multinazionalaren kidea da 1996tik eta tentsio baxuko material elektrikoa diseinatu eta ekoizten du.

Hogei urte bete dituen Euskara Batzordea. Hori bada nahikoa berezitasun enpresa batentzat.

Bai, egia. Duela hogei urte gure enpresan ez zegoen sindikaturik, langile asanblada zegoen. Multinazional bihurtzerakoan, langileen asanbladak proposamen bat helarazi zien zuzendari berriei eta bertan aipatzen zen zer garrantzitsua zen euskara enpresaren egunerokotasunean txertatzea. Hortik hasi ginen langile batzuk Euskara Batzordea antolatzen.

Langileetatik sortu zen, beraz.

Bai. Galdeketa bat pasatu genien langile guztiei eta %95 agertu zen euskararen normalkuntzaren bidean pausoak ematearen alde.

Errenteria eta Oiartzun artean kokatzen da enpresa. Duela hogei urte zein zen egoera linguistikoa lantegian?

Garai hartan langile gehienak Oiartzungoak eta Errenteriakoak ziren. Geroztik, Donostia inguruko jende asko etorri da lanera eta, azkenaldian, munduko toki desberdinetatik. Multinazionala izaki, hori da egoera. Duela hogei urte apenas erabiltzen zen euskararik lantegian. Oiartzuarrek gehiago, eta, errenteriarrek, gutxiago. Kontuan izan behar da Errenterian immigrazio mugimendu garrantzitsua gertatu zela, jende asko etorri zela hona lanera eta horiek ez zekitela euskaraz. Baina bistan da euskararen aldekoak zirela. Baina egoera hori gainditu egin da eta egun euskarak presentzia handiagoa dauka.

Zer bide egin du euskarak Niessenen?

Euskara Batzordearen urteurrenaren harira liburu bat osatu dugu. Honako izenburua du: “Sinistea egitea da”. Uste dut hori klabea dela. Lantegian bagaude euskarak zeharkakoa izan behar duela sinisten dugunok. Zoritxarrez, lan munduan jende gutxik sinisten du horretan. Bestetik, une batean erabaki genuen motibazioa bultzatzeko ekintzetatik harago pasatu behar genuela, kudeaketa plan bat behar genuela. Eta horretan Emun Aholkularitzaren laguntza oso garrantzitsua izan da. Guk torlojuak egiten ditugu, apenas dakigun ezer hizkuntza planez. Baina lortu dugu enpresaren erronketan euskara sartzea.

Uste dut beste klabeetako bat eraginkortasunaren triangelua izan dela, hiru ertz dituena: enpresa, entitateak eta langileak. Hiru ertz horiek norabide berean sentitzea eta aritzea izan da beste gakoetako bat.

Motibaziotik harago pauso bat diozu.

Nik uste dut garrantzitsua dela hori. Motibaziotik ardurara edo konpromisora pasatu behar dugu. Baina konpromisoa hartu benetan sinistu dugulako bide horretan, ez motxilan jasan beharreko beste karga bat bezala hartuta.

Euskara gehiago entzuten da orain lantegian?

Bai, eta gainera saiakera egiten ari gara kafe-makinaren alboko elkarrizketetan ez ezik, laneko bileretan ere euskaraz egiteko. Etorkizuneko erronka oso polita da eta jada ari gara saiatzen. Bilera horietan euskaraz dakitenek eta ez dakitenek parte hartzen dute, baina ulertzeko saiakera egiten dute eta emaitza ona izaten ari da.

Hogei urteko bidea modu positiboan baloratzen duzue orduan.

Zalantzarik gabe. Euskarak lantegietara gizarte kohesioa ekartzen du eta horrek langileen artean lasaitasuna eta poztasuna eragiten ditu. Langilea pozik badator lanera, produktu hobeak ekoizten ditu eta enpresak etekin handiagoa lortzen du. Hori garbi dago, bestela ez dauka zentzurik multinazional batek hainbeste baliabide bideratzea euskararentzat. Euskarak etekinak ematen dizkio enpresari, etekin ekonomikoak, eta horregatik bultzatzen du enpresak.