2019/11/02

Joxean Agirre
Mitxelinak

Bada Selma Lagerlöfen liburu baten hasieran (“Nils Hogelssonen bidaia harrigarria”) antzara migratzaileen eszena bat gogoeta poetiko askotarako bidea ematen duena. Antzarak hegan doaz zeruan barrena triangelu bat osatuz eta beren txilio karrankariak eginez. Eta Nils mutikoaren baserriaren gainetik igarotzean bertako antzara domestikoak asaldatu egiten dira edo hunkitu beren kide basatien garrasiak entzutean eta korrika hasten dira batera eta bestera eta hegaldatzeko imintzioak egiten dituzte modurik patetikoenean, horietako batek, antzara gazte batek, Nils txikia hanketatik zintzilik daramala, hegaldatzea lortzen duen arte.

Hasi gara ehiztarien lehen tiroak entzuten, aurki hasiko dira usoak pasatzen eta haien atzetik antzarak, gezi formako taldeak osatuz, zaharrenak, esperientziadunak, aurrean eta gazteenak atzetik, eta ikuskizun hori ikusten dudan bakoitzean bururatu ohi zait gizakiok ere antzara domestikoak bezala jokatu ohi dugula artista handi bat edo politikari ausart bat ezagutzen dugun bakoitzean eta hasten garela gu ere, antzara domestikoak bezalaxe, hegaldatzeko mugimendu patetikoak egiten, baina ez garela gai aireratzeko, eltzerako gizenduta gaudela, hegaldatzeko alfer.

Kataluniako protestak hasi zirenetik izan dut irudipen horixe, gure artean abertzale izeneko askok gantz gehiegi dutela, gizenegi daudela haien atzetik abiatzeko.

Arzallusenak ez ziren metafora literarioak, baina bai mundu guztiak ulertzeko modukoak eta mitxelinen arazoa aipatu zuenean garbi dago antzara gizenduez ari zela, eltzerako bai baina hegaldatzeko ezgai direnez. Askatasunaren bidean doazen herrialdeen kantuak ederrak iruditzen zaizkigu, mugimendu patetiko batzuk egiten ditugu, baina bertan goxo gelditzen gara, ez diezazkigutela ukitu geure ongizatea, gure kontzertua, estatutua eta batez ere eskuinetik etortzen zaizkigun botoak. Bestela ezin da ulertu Llotja de Mareko adierazpenarekin gertatua. •