2019/11/02

Oier Gorosabel -@Txikillana
Fisioterapeuta
Porlan arteko eguzki izpiak

Altsasuko gazteei emandako epaiaren kolpea hartu eta gero, haien herrikideek gizartearen aktibazio handia lortu dute. Halere, badakit beroaldia pasatu eta gero gizarteak bere bizimoduarekin jarraitzeko joera duela –zer bestela?– eta orduantxe, adrenalina maila jaisten denean, sentitzen duela bakardaderik handiena ziegan dagoenak.

Une horietan pentsaturik, egokia iruditzen zait gogoratzea epaiaren osteko ordu etsigarrietan irratian entzun nuen gurasoei eginiko elkarrizketa bat. Bertan agerian geratu zen “justiziaren” aurka pultsuan aritzeak ez duela kentzen norbere burua jagotea: ekaitzaren erdian, preso dauden gazteetako asko ikasketetan eta kirolean babestu direla jakin genuen. Mundutik aparte egingo dituzten urteetan, urliak Psikologia ikasiko du, sendiak Zuzenbidea... Sinbolo ederra iruditu zitzaidan, arazoaren muinean sartzeko jorratu behar diren arlo garrantzitsuak direnez. Hartutako kolpearen indarra itzultzeko bidea, zesta-punta jokalariaren estiloan.

Gauza txarrenetik irakaspen onak atera daitezke: “sakanikolak” egiten ari diren kanpainak, zeharka, preso dauden beste pertsona askoren egoera ere irudikatzen du. Haiekin eginiko bidegabekeriak hain nabarmenak ez direlako, edo hainbeste “zarata” ateratzeko ahalmenik ez dutelako, Altsasukoek jasan duten antzerako tratua jasan duten pertsona asko baitaude kartzelan. Kasu honek beste haienak ere irudikatzen ditu, neurri batean. Eta horrek ez dio Altsasukoen aldarrikapenei indarrik kentzen, baizik eta beste dimentsio bat ematen: “justizia sistema” izeneko oximorona ezin hobeto azaleratzen du, eta gure gizarte ereduaren porrota gordetzen duten porlanezko kaiolen alfonbra altxatzeko aukera eman.

Jakina: espetxean dagoen edozein pertsonaren lehentasuna norbera ondo egotea da. Baina norbere buruarekin egokiro jokatzen duena ingurukoentzako eredu izaten da; eta zerbait irakasten duenak ere asko ikasten du, askotan ikasleek eurek baino gehiago. Ildo horretan, esango nuke Altsasukoak Zaballako espetxeko “maizter” guztien artean eguzki izpiak bezalakoak izan daitezkeela. Kartzeletan, preso politikoen proportzioa txikia izaten da preso sozial guztien artean; baina azken horiek dira egoera dramatikoenean daudenak. Esklusio soziala, adikzioak, pobrezia, etorkizun iluna... Preso politikoak, “marrajoen” aldean, askoz ere hobeto egoten dira: gehienetan kultura maila handiagoa eta kanpoko babes handiagoa izaten dituzte. Testuinguru horretan, preso politikoek oso eragin mesedegarria izan dezakete preso sozialengan. Eta ez nabil proposatzen kartzelako zuzendaritzarekin kolaboratzea (hezkuntza programetan eta abar), denen laguna izatea (ezinezkoa, denbora guztian zure diruarengan pentsatzen ari direnekin), proselitismo mesianikoan hastea edo matxinada bat bultzatzea. Hori baino sinpleagoa da: norbere burua zaintzea, ereduaren irakaspena emanez, eta hurbildu daitekeen pertsonarekiko irekia izanez, ideologien eta desberdintasun pertsonalen gainetik. Pertsona bakarrari irakurtzen ikasteko gogoa piztea, kalean eginiko ekintza iraultzaileenaren pareko izan daitekeelako. •

www.abante.eus