Ramon Sola

Biharkorako hiru motibo eta gertu-gertuko hiru aurrekari

Abstentzioak du biharko hauteskundeen emaitzaren giltza, dudarik ez da hortaz, nahiz eta hauteskundeak deitu dituenaren jokabidea ikusita kontrakoa pentsa litekeen. Azti modernoak omen diren kabinete-buru orojakileen iparrorratza (demoskopia) noraezean jira-bueltan dela, kanpainarik gabeko hauteskunde batzuetara eraman gaituzte, bozak mugitzeko beharrik izango ez balitz bezala, alajaina! Ulergarria da askoren haserrea, baina ulergarriagoa bozik eman gabe ez dela gero emaitzarekin haserretzeko eskubiderik izango. Arrazoi asko eta asko daude beti hautetsontzietara heltzeko, handiak eta txikiak, kolektiboak eta pertsonalak, hangoak eta hemengoak... Modako esaera da boto papera hartzeko hiru motibo behintzat behar direla. Hona doaz askoren arteko hiru, denboran zein geografian gertu-gertuko hiru oroitzapeni loturik.

Faxismoari stop (Andaluzia, 2018ko abenduaren 2a): Orain bezala, gehiengotik urruti omen zen trifachito-a, baina abstentzioak (ia %44) ireki zion aginterako bidea. Laster urtebete egingo duen akordioak ibilbide motza izango zuela pentsatzen kontsolamendua bilatu zuen batek baino gehiagok, baina ederki ari dira moldatzen eskuineko indarrak Andaluzian; eta Madrilen, eta Murtzian... Kristorenak eta bi bota zituen Voxeko ordezkariak astelehen gaueko debatean, baina PPko eta Ciudadanoseko “aurkariek” itxurazko zuzenketak baino ez zizkioten egin: “txiringito” batean ibili izana aurpegiratu zioten, esaterako, ez faxista, Francozalea, matxista, xenofoboa eta abar izatea. Eskuin espainiarrean hegemoniko bilakatu diren kontu horiek eztabaidatzeari beldur diote Casadok eta Riverak. Kontuz, hortaz, arazoa sakon-sakona baita. Apirilean hutsean gelditu zen trifachito-a EAEn; bian cuatrifachito-a Nafarroan, UPNren ekarpenari esker. Euskal Herria ez dute hain erraz kikiltzen.

Independentismoak eutsi (Katalunia, 2017ko abenduaren 21a): 155. artikulupeko salbuespen egoeran lorturiko garaipen horri ez zaio duen garrantzirik eman oraindik. Urrian erditu baino ez-jaiotako Errepublikaren nahi eta ezinak jota zebilen independentismoa une hartan eta luzerako lurperatzeko ahalegina egin zuen Estatuak, baina erronkari heldu eta gehiengoari eutsi zioten independentistek. Horrek ez du momentuz bidea argitu, baina ondo bizi ezin denean bizirautea ere garaipena da. Trantze hartan etsipena nagusitu eta abstentzioa Andaluziakoaren parekoa izan balitz, erraz irudika liteke norainoko zuloan egongo zen sartuta bi urte geroago, segur aski, gainera, are bortitzagoa izango zen Gorenean kolpearekin. Baina bozkatzera joan ez zirenen kopurua ez zen %21era ere heldu.

Politikari bide (Madril, 2019ko apirilaren 28a): Garaiotan Espainia aldean ia adierazpen iraultzailea ematen badu ere, politika egiteko ematen dira bozak. Bitxi-bitxia izan da azken hilabeteotako bilakaera, Madrilgo erregimenaren ikuspuntutik politikaren aurkakoak, antisistemak, biolentoak ziren horiek guztiak politika egitearen aldekoenak bihurtu baitira. Apirileko kanpainan jada estatu sen handia erakutsi zuen Pablo Iglesiasek, Sanchez edo Casadorekin alderaturik. Aurretiko zentsura mozioan “konfort gunetik” ateratzeko prestutasuna frogatua zuen EH Bilduk. Agintari nagusiak kartzelan eta atzerrian izan arren, eskua luzatuta konponbide eske ahalegindu da ERC. Egun politika gerta dadin itxaropen bakarra hortik pasatzen da; beren herrietan jakina, baina Espainia aldean ere bai. •