2019/11/09

EURIA MAITATZEA
Amagoia Mujika Telleria
0911_ikusmiraeuria

Blaitu zaizkigu oinak, euriak kolpekatu digu aurpegia eta bat-batean udazkena jantzi behar izan dugu. Eguraldiaren iragarpenak euria agintzen du datozen egun luzeetarako eta batzuk eguraldiaren telebistako aurkezlearekin haserretu dira sofa ertzetik. Asmatzen ez dutenean asmatzen ez dutelako eta asmatzen dutenean... Baina denak ez dira haserre edo suminkor euriak agintzen duenean; euriak ere baditu maitaleak. Pluviofilia deitzen zaio euria maitatzeko joerari. Eta “filia” amaiera izanagatik, ez da gaixotasun bat, zaletasun bat baizik. Euriaren maitaleek gertakari ederra eta gozagarria dela sentitzen dute eta gozatu egiten dute euriarekin. Euria ari duenean leihora gerturatu zaleak dira; euri tantei begira liluratuta geratzen dira, zein handiago, zein lehenago... Gainera, zeru grisa eta lainotsua maite dute, ederra ikusten dute. Gusturago sentitzen dira eguzkia ezkutuan dagoenean. Euria maite dutenek gozatu egiten dute euripean jarrita, busti-busti egon arte, zeharo zopatuta. Gustuko dute euria gorputzean sentitzea tarte batez. Horientzat plazera da euriaren soinua entzutea. Etxean eta gozo daudela, kanpoan euria sumatzen dutenean, babestuta eta bakean sentitzen dira. Eta maite dute, era berean, euriaren usaina. Batez ere, euria egin eta gero zabaltzen den hori. Tira, akaso euria behatzen, sentitzen, entzuten eta usaintzen egotearen plazera probatzeko modukoa da. Izango omen da horretarako tartea. Amagoia Mujika Telleria