2019/11/09

Tutera-Bilbo trenbideko langileak atseden hartzen, 1865ean

Jean Laurent 1816an sortu zen Frantziako Nevers herrian eta 1892an hil zen Madrilen. Egin zuen obra XIX. mendearen bigarren erdikoa da eta mende horretako funts dokumental grafikorik garrantzitsuenetakoa dela esan liteke. Bere argazkietan dokumentatuta agertzen diren eraikin, obra edo materialetako batzuk desagertu egin dira dagoeneko, haietako zenbait XIX. eta XX. mendeetako gerretan suntsituta. Laurentek kolodioi hezea, dagerrotipoak, kalotipoak, irudi estereoskopikoak eta beste teknika batzuk landu zituen, eta bere obra mugagabea dela esan daiteke. Monumentuen, kaleen eta herri eta hirien bista orokorren argazkiak egin zituen, baita tren geltokietako trenbideenak ere. Artikulua ilustratzen duen argazki estereoskopikoa Bilbon egina da, 1865ean. Tutera-Bilbo trenbidea Laurentek dokumentatu zuen argazkiz, eta irudian trenbide hori egiten ari den langile talde bat atseden hartzen ageri da; antza denez, hamaiketakoa egiten. Jatorrizko negatibotik ateratako argazki honetan, argazkilariak marra batzuen bidez markatu zuen merkaturatuko zuen irudiaren ebakina.