Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Adimen desgaitasun egoeran dauden pertsonen sexualitatea

Adimen desgaitasun egoeran dauden pertsonek sexualitatea daukate. Hau da, ez dira sexurik gabeko aingeruak. Izan ere, pertsona guztiok gara izaki sexudunak. Nahiz eta berau ezkutatzen eta ezeztatzen saiatu, nolakotasun hau desagerraraztea ezinezkoa baita. Adimen desgaitasun egoeran egoteagatik ezaugarri hau ukatzen denean, beronen adierazpena ez da faltan botatzen. Ondorioz, aditzera ematen dutenean, esajeratua, lekuz kanpokoa eta konpultsiboa dela interpretatzen da. Aldiz, jakinarazten ez dutenean, ez dio inori atentzioa ematen eta ez du inork faltan botatzen.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, sexu eskubideak giza eskubideak dira eta ongizate sexuala osasunaren parte da. Hortaz, badirudi, adimen desgaitasun egoeran dauden pertsonak eskubide eta definiziootatik at daudela. Zehazki, pertsonon sexu eskubideak urratzea legitimoa dela edota eskubiderik gabeko pertsonak direla. Beraz, kolektibo honi, sexualitatearen giza dimentsioa aitortzea, gizatasuna itzultzeko modu bat da. Azken batean, sexu eskubideak giza eskubideen artean eskubide humanoenak direlako.

Kolektibo hau, sexu aniztasunari dagokionez ere, oso heterogeneoa da. Hala ere, pertsonongan, transexualitatea, homosexualitatea eta bisexualitatea onartzeko eta errespetatzeko zailtasunak daude. Kondizio horiek, adimen desgaitasunarekiko independenteak eta naturalak direla ulertu beharrean, horren ondorio direla interpretatzen delako. Beste behin, jendartean nagusitzen den ezjakintasun sexuala agerian gelditzen da. Eta horrekin batera, baita ugalketa paradigmatik begiratzen dugula ere. Hots, adimen desgaitasun egoeran dauden pertsonen sexualitatea infantilizatzeko eta patologizatzeko joera dugu.

Betiko umeak direla pentsatzen jarraitzen dugu. Eta umeek larrua jotzen ez dutenez eta ugaltzeko gaitasunik ez dutenez, sexualitaterik ez dutela ondorioztatzen da. Aldiz, adimen desgaitasun egoeran dauden pertsona helduek ugaltzeko gaitasuna dute eta larrua jo dezakete. Horregatik, pertsonon familientzat, sexualitatea arazoa bilakatu da. Gainera, arau sozialak barneratzeko zailtasunak dituzte. Funtsean, horrek guztiak, familiengan beldurra eragin eta alarmak pizten ditu. Orduan, sexualitatea adieraztea galarazten diete, eta, intimitate eta aukera faltagatik, kalean eta leku publikoetan sexu harremanak edukitzera irits daitezke.

Familiek, kasu batzuetan, pertsonokin sexu heziketa egitea ukatu eta besteetan debekatu egiten dute. Nahiz eta helduak izan eta horretarako eskubidea eduki. Horregatik, ondorengoak garatzen dituzte: esperientzia sentsorial baxua, autoezagutza falta, gozamenarekin kontaktu gutxi eta norbereraren eta besteen muga korporalekin zailtasunak. Azken batean, esperientzia sexuala esperientzia emozionala da.

Laburtuz, sexu hezkuntza funtsezkoa da, batez ere, kolektibootako pertsonen familiekin. Izan ere, Havelock Ellis sexologoaren arabera, sexuan, sendatu beharreko trastornoak baino, gehiago daude sustatu beharreko baloreak. Adimen desgaitasuna dutenei sexualitateaz hitz egiten bazaie, norbere burua ezagutzera, onartzera, maitatzera, norbere kabuz asebetetzen ikastera egiten zaie bultza. Hitz batez, sexua deskubritzera eta ez sexua praktikatzera. •