Andoni Urbistondo
Elkarrizketa
Iker Vicente
Euskal herriko aizkora txapelduna

«Etekin ekonomiko justuko eliteko kirolaria naiz»

Nafarroako Pirinioen bihotzean jaio zen Iker Vicente (Otsagabia, 1997). Han bizi da lasai, gurasoekin, Iratiko pago handien epelean, eliteko kirolariek daramaten eguneroko bizitza gogorrean murgilduta: sei entrenamendu astean, elikadura zorrotza, parrandak oso neurrian… Inoizko aizkora txapeldun gazteena da, eta marka guztiak txiki uzteko pausoak ematen ari da. Afizio latza du, aizkorak itsutzen du, orduak jan: egokiena hautatu, teknika hobetu, txapelketak, apustuak, erakustaldiak, babesleak… Aberastuko ez duen zaletasuna dela onartuta ere.

Iker Vicente, aizkolaria
Iker Vicente, aizkolaria

Maribi Saralegi amarekin agertu da elkarrizketara, ordu erdiko atzerapenarekin, BMW auto zuri dotorean. Australian erosi dituen aizkora batzuk Gasteizko aduanan daudela jakin du, segurtasun neurriak pasatu zain, eta egoera hori konpontzen aritu da, telefonoz.

Otsagabia, bai herri xarmanta. Bertan jaio eta bertan bizi. Gustura?

Gustura, bai. Deskonektatzeko aproposa da. Lasaia, mendia dut gustuko, eta asteburuan hara eta hona ibili eta gero gustura bueltatzen naiz. Herrian kuadrilla polita osatu dugu, nire adinekoak zortzi bat lagun gara. Taberna batzuk ere badaude, eta ez gara sobera mugitzen. Udan besta asko daude inguruko herrietan. Bizitza badago hemen, oso turistikoa da, eta mugimendua ikusten da. Herri txiki asko ere badaude, inguruetan, eta horietan zailagoa da irautea, baina Otsagabia herri koskorra da.

Iratiko oihanera sartzeko ate ezagunena da Otsagabia. Zer da zuretzat Irati?

Nire txoko kuttuna. Aspaldiko oroitzapen onak ditut, oso ondo ezagutzen dut, txoko pribilegiatua da. Mendi purua, garbia. Iratin jende asko ibiltzen da udazkenean, baina oso gutxi ibiltzen den txokoak ere badira, eta horietara joaten naiz.

Zuhaitzak maite dituzula agerikoa da, pago sendoak mozteak pena ematen al dizu?

Bueno, batzuk moztea bai, egurra ona delako, eta txapelketetarako ona, baina ez izaki biziduna delako.

Egun aizkorari eskaintzen dizkiozu eguneko ordu asko, baina ikasketaren bat baduzu?

DBH bukatu nuen Otsagabian, eta ondoren Iruñera joan beharra neukan ikasketak jarraitzera, aste osoa han biziz. Ordurako aizkorarekin hasita nengoen, eta ikasketak alboratzea erabaki genuen etxean tarte batean, bai behintzat auto gida-baimena lortu arte, nire kabuz moldatzeko gai izan arte. Otsagabian bizi bazara, eta autorik gabe, ezinezkoa da egunero Iruñera joan-etorria egitea. Gida-baimena lortuta, Kirol Aktibitateen gradu ertain bat osatu dut Irunberrin, bi ikasturtez.

Ikasketak bai, baina aizkolari izan nahi zenuela txikitatik garbi.

Bai. Han eta hemen hasten zara, jolasean, eta halako batean, 12 urterekin edo, nabarmentzen hasi nintzen, marka bat eginda. 18 urterekin Nafarroako Txapelketa irabazi nuen, Lehen Mailan aritzen nintzen lehen aldian. Nazabal izan zen aurkarietako bat, eta hor jauzi kualitatiboa eman nuen.

[Maribi Saralegi amak hartu du hitza]. Aizkora txikia eramaten zuen aitak parte hartzen zuen txapelketetara, eta horrela hasi zen. Sei urterekin egur bat mozteko gai izan zen, 12 urterekin berak esan duen marka hori, eta Nafarroako kirol fitxa egin ahal izan zuenean, 15 urterekin, ametsa bete zuen.

Fisikoki indartsu itxura duzu kanpotik, zaintzen den kirolari petoa. Hala al da?

Bai, bai. %7ko koipe portzentajea dut, egin kontu.

Zein da zure eguneroko jarduna?

Sei egunetan entrenatzen naiz, eta astelehenetan atsedena hartu. Bi egunetan gimnasioko lanak egiten ditut, Iruñean; beste bi egunetan, aizkoran; eta beste bi egunetan erresistentzia lantzen dut. Egun bat bizikleta, eta, bestean, korrika. Goizean jaikitzen naiz, gosaldu, eta entrenatu. Iruñera joaten naizenean, goiz guztia ematen dut. Bazkaldu, eta arratsaldeetan atseden hartzen dut, entrenamenduak gogorrak baitira. Txapelketak gertu baldin badaude, psikologikoki ere prestatzen saiatzen naiz arratsaldez, presioa ondo eramaten, nerbioak zaintzen.

Fisikoki indartsua, eta teknikoki ere oso konpletoa omen zara. Hala da?

Aizkora oso teknikoa da. Bi parte ditu: norberaren teknika egurraren gainean, eta gero aizkora bera. Aizkora mundu bat da, puntu egokia bilatzea oso zaila da eta, behin bilatuz gero, agian ez da egokia niretzat. Ordu asko ematen ditut aizkora egokia bilatzen, probatzen [Otsagabian daukan biltegian 100 aizkora baino gehiago ditu]. Langile arrunt baten agenda daukat, egun guztia aizkorari begira. Zertan hobetu dezakedan, zerk kaltetu nazakeen aztertzen beti. Dena den, ‘lore’-ekin-eta ezin zara lasaitu, zure bilakaera eten daitekeelako. Berezko gaitasun fisikoa daukat, eta teknika egokia ikastea ere nahiko erraza egiten zait. Fisikoa asko lantzen dut, eta horregatik indarra. Gorputz gehixeago hartzen saiatuko naiz etorkizunean.

Elikadura ere zaintzen duzu? Fin-fin sumatzen zaizu!

Zaindu, noski, arreta handia eskaintzen diot: janariren bat olioarekin edo gabe prestatu, zer komeni zaidan, zer ez… Bizitzeko era bat da. Dieta zorrotza egiten dut.

Alegia, bakarren batek mendi eskualde bateko morrosko indartsu arrunt soila zarela pentsatzen badu, oker dagoela.

‘De morrosko nada’. Aizkora ez da profesionala, baina entrenamendu eta dieta mailan profesionalizatua dago, eta gero eta gehiago izango da etorkizunean. Eliteko edozein kirolariren pare ibiltzen naiz.

Bistan da sakrifizio asko egiten dituzula. Zeintzuk?

Asko egiten ditut. Aisialdirako monitore ikasketak egin nahi izan nituen, eta ezin, igeriketa egin behar nuelako, eta horrek esku eta besoetako azala sobera leuntzen zidalako. Eskalada ere egin behar nuen, eta hori bateraezina da aizkorarekin. Lagunekin afaltzera joateko ere larri. Parranda egiteko, txapelketa gertu badago, ezin. Hamaiketan etxera, ohera, eta lagunak parrandara. Edo frontenis partida jokatzeko aukera izan, eta nik ezin goizean lan saio gogorra egin dudalako. Kalean ere lasai ezin egon, hemen hotz handia egiten duelako eta hoztu egin naitekeelako.

Eta lagunek zer esaten dizute?

Dagoeneko ezer ez. Badakite zer dagoen. Urte batzuk atzera esaten zidaten, ea merezi duen, halako sakrifiziorik… Orain dagoeneko ez. Eliteko kirolari kontsideratzen naiz, baina etekin ekonomiko justuko profesionala. Eta 22 urteko gazte bat naiz. 30 urte banitu, gazte garaian bizitzari zuku gehixeago ateratakoa banintz, hainbestean… Ez da erraza. 40 urtera bitarte aizkolaria egurrean ibiltzen omen da, pentsa zenbat urte geratzen zaizkidan antzeko bizitza egiten.

Ihes egiteko, aizkora ahazteko zer egiten duzu?

Ehiza, lagunak ere badira, edo mendi buelta bat. Onddoak bildu zalea ere banaiz. Ez naiz oso futbolzalea. Pilota oso gustuko dut, biharko finala ikustera noa. Ezkurdiak irabaztea nahi nuke, lagun mina baitut. Nire txapelketa asko ikustera etortzen da, baina Altuna oso fuerte ikusten dut.

Apustuak eta txapelketa ofizialak dira aizkolarien lehiaketak. Euskal Herriko txapela irabazi zenuen ez aspaldi, Gasteizen. Gustura?

Euskal Herriko Txapelketa aise irabazi dudala esan eta esan ari dira, Aitzol Atutxa ez zelako aurkeztu. Aitzol bueltatzea espero dut, oraindik gaztea da, eta aizkolariok 30 urtetik gora ematen dugu geure onena; lehengo txapeldunak adin horrekin hasten ziren txapelak irabazten.

Apustu soinurik ba al da, ala ez?

Momentuz ez dago ezer. Entzun diren zurrumurru guztiak gezurra dira. Nik ez dut ezer esan, ez baldintzarik jarri, ez ezer. Norbaitek nahiko balu, ni negu honetan prest nengoke apustua egiteko.

Apustua behar al da? Behar al duzu zuk apustua sosak lortzeko? Zer iritzi daukazu?

Errespetu handia diet apustuei. Ez dira egiteagatik egin behar. Pikea da, baino sanoa, eta ez dira dirua lortzeko helburu soilarekin egin behar, aizkorari errespetua galtzea bailitzateke. Ni ez naiz apustuaren bila joango joateagatik, motibazio ekonomiko soilagatik.

Apustua beharrezkoa ote den profesionala izateko? Ez, behar dena da txapelketa ofizialak hobeto ordaintzea. Euskal Herriko Txapelketa irabazi berri dut eta 2.000 euro ordaindu dizkidate… Zer egin behar dut bi mila eurorekin? Kotxean hara eta hona, egurra ere ordaindu egin behar da, Zaraitzu bailarako Irati elkarteak egurra musu-truk ematen badit ere. Urtero zortzi txapelketetatik sei irabazita, profesional izan beharko nuke arazorik gabe, ezta? Txapelketa bat irabazi eta lau sos ematen badizkizute, zaila…

Erakundeen babesa oso eskasa da, aizkolariak gastu asko du, eta eliteko kirolari baten prestakuntzak dakartzan gastuekin, zer esanik ez. Apustua itsustu egin zen urte batzuk atzera, dirua irabazteko asmo soilez antolatu zirelako, eta ni horren kontra nago. Apustu serioak antolatzearen aldekoa naiz. Igual ez dut hainbeste diru irabaziko, baina maite dudan kirol diziplinari balioa emango diot. Niri apustua gustatzen zait, besteari irabaztea ohorea da. Diruaren gainetik. Nahiago nuke txapelketak irabazita ateratzea jornala, apustuekin baino, baina egoera hori utopia bat da; erakundeekin jai dugu.

Apustu handietan bi aizkolariek, garaileak eta galtzaileak, dirua irabazten dutela esaten dute mingain gaiztoek. Zer diozu?

Hasteko, aizkolarion artean giro jatorra dagoela, galtzaileak onartu egiten duela porrota, eta kito. Bi aldeek dirua irabazten dugula dioen zurrumurruez… Jende asko joaten den apustuetan baliteke, baina badira mila lagun baino gutxiago batzen diren apustuak, eta horietan izan ziur galtzaileak dirua galtzen duela. Apustuak du gastu asko, janarian, prestakuntzan, masajistan, egurrean, lana utzi beharra… eta gero igual galdu! Apustuak ez du sosa ziurtatzen.

Erakustaldiak ere ematen dituzu, han eta hemen. Diru iturri ona al da hori zuretzat?

Bai zera, 300 euro eskatzen ditut, baina Gasteiz, Bilbo edo Donostiaraino joan behar badut, egin kalkuluak…

Zer pertzepzio ote dauka jendeak zurekin? Zer sumatzen duzu?

Ezagunagoa egiten zara pixkanaka. Herrian jakina. Telebistan agertzen zara, elkarrizketa gehiago eman… Lehen Iruñean ez ninduen inork ezagutzen, eta orain bai. ‘La Resistencia’ programaren ondoren jende gazte asko hurbildu zait, argazki eske-eta, batez ere parrandan ibili naizenean. Gustuko dut. Ona da aizkorarentzat, aizkoraren mundua jendearengana hurbiltzeko.

Nola izan zen Movistar + etxeko «La Resistencia» programan elkarrizketatzeko kontua?

Amak gestionatzen dizkit gauza horiek, pixkanaka ardura ni neu hartzen ari banaiz ere. Amari deitu zioten, eta ez zuen programa ezagutzen. Diruari eta sexuari buruzko galdera famatu horiek egiten dituztela esan zidan, eta pixka bat urduritu egin nintzen [kontu korrontean zenbat euro dituen, eta azken hilabetean zenbat sexu harreman izan dituen galdetzen die David Broncano aurkezleak programara joaten diren gonbidatuei]. Hasiera batean ezezkoa bota nuen, programa ikusi eta gero, programa horretara ze jende joaten zen ikusita… Baina azkenean aizkora bera eta ni neu jendearengana iristeko bitarteko ona dela ulertu, eta joan egin nintzen.

Zenbait galderetan agerikoa izan zen aizkoraz arrastorik ez dutela programa horretan, eta astapotro samartzat hartu zintuzten…

Tontakeria batzuk entzun behar izan nituen, bai. Ez zidan grazia handirik egin, baldar eta arlote bezala irudikatzen dutelako aizkora eta aizkolaria, baina ezjakintasunaren ondorio da. Nire ohiko elkarrizketekin alderatuta, oso diferentea izan zen. Egin nuen eta kito. Ulertzen dut beraientzat ere ez zela erraza izango elkarrizketa prestatzea, aizkora erabat ezezaguna dutelako. ‘Informe Robinson’ programarako dokumental bat prestatzen ari dira orain nirekin.

Kirolari ez profesionala izateko, oso deigarria da zuk kamisetan erakusten duzun babesle kopurua: Etxenike, Urzante, Lurauto BMW, Irati… Nola lortzen da hori?

Amak lortutako gauzak dira. Nire ordezkaria da. Auritzen dago Etxenike pate enpresa, Urzante etxekoengana Cascantera joan zen, eta Lurautokoa Muskildako ermitan, Otsagabian bukatu zen txirrindularitza etapa bateko bukaeran ezagutu genuen. [Amak agertu duenez, semearen kontua aipatu eta BMW bat eman zioten. Geroztik, Nafarroako enbaxadore da, Miguel Indurainekin batera].

Amari askotan galdetzen diote zuk egindako galdera bera, eta zera esaten die, ea aizkolaria naizelako ezin ote dudan babeslerik izan.

Australia gustuko duzu. Aizkoragatik, noski.

Lau aldiz egon naiz dagoeneko. Ingalaterrara joan nintzen ingelesa ikastera, 17 urterekin, eta gero Laurence O’Toole aizkolariari bisita batzuk egin nizkion, zutik aizkoran nola egiten duten ikasteko. Ia urtero joan naiz Australiara. Munduko Txapelketa batean parte hartu nuen, eta txapeldunorde izan nintzen, batere eskarmenturik ez daukadan aizkora diziplinan. Australian enbor bakarra mozten dute, eta azkartasuna saritzen da, ez erresistentzia Euskal Herrian bezala. Han aizkolari oso onak daude, Euskal Herrira etorritako batzuk ere bai.

Nolatan sortu zen Australiako aizkolariak bisitatzeko aukera hori?

Aitak Stihl motozerra enpresarekin harremana du, eta haiek halako txapelketa edo erakustaldi bereziak egiten dituzte, eta O’Toole ezagutu nuen. Txikia nintzela ikusi nuen aizkoran, eta idolo bat zen niretzat. Berak nire bideo batzuk ikusi omen zituen Youtuben, eta lagunduko ninduela esan nuen. Gero Facebook sare sozialaren bitartez hitz egin izan dugu, eta lau bisita egin dizkiot, bere etxera. Aizkora lehiaketak Euskal Herrian bakarrik egiten direla pentsatzen dugu euskaldunok, baina 27 herrialdetan antolatzen dira lehiaketak. Australian minutu bateko lehiaketak egiten dituzte, eta guk 40 minutu pasakoak egiten ditugula esaten diegunean aho bete hortz geratzen dira, ea erotuta ote gauden galdetzen digute. O’Toole gaztetan lan luzetan hasi izan balitz Euskal Herrian ere onenetakoa izango litzateke. Zutik aizkoran erakutsi zidan, eta egur bateko lehiaketetan ondo moldatzen naiz.

10-12 urte barru non ikusten duzu zeure burua? Nola?

Ez dakit. Aizkolari ahal bada, txapelak biltzen. Etorriko da etorri behar duena.

Otsagabian izango al da?

Hemen hainbat gazte geratu gara, bertan bizitza egiteko intentzioarekin. Erabakia hartzea zaila da, baina behin hartuta, aurrera egiten da. Erakundeen aldetik nahiko ahaztuta sentitzen gara. Bisitan etortzeko polita da hau, baina bizitzeko… Neguan elurra egun askotan egiten du, eta ez da erraza. Beste herritar arrunt bat naiz Otsagabian, mendira, tabernara... lasai bizi naiz, eta gustura nago hemen.

Eta aizkorak, zer etorkizun dauka?

Deus ez. Gure kirola da, baina erabat ahaztuta daukate. Ez dago laguntza ofizialik, txapelketetako diru sariak kaskarrak dira, gazteen segida ziurtatzeko ez da lanik egiten. Txapelketetan, podiuma jartzean argazkia egitera etortzen dira politikariak, baina gero… Nola animatuko dira gazteak, dirua musu-truk xahutu behar badute? Afizioa ikusten dut, baina egin kontuak: aizkorak, 10 edo dozena bat behar duzu, egurra ordaindu, lana egin… Askotan gazteak hasten dira, baina gero ze gastu suposatzen duen ikusten dute, eta alboratu, denon helburua soldata duin bat lortzea delako, gure afizioak baino. Nik neuk lanbide jakin batean lanik egin gabe egiten dut aurrera, baina soberako handirik gabe, ez pentsa aizkolari jardunean aberastuko naizenik. Pentsa buru-buruan ez dagoen aizkolariak, zer pentsatuko duen… Eta ez dira milioiak behar aizkorari bultzadatxoa emateko.