2019/11/16

Gasteizko gozogin aitzindariak

Gasteizko Garcia gozo dendako lantegia, 1918an. Aurrean, eskuinean, Pedro Garcia jabea, Alberto Schommer argazkilariaren aitona. Gozo denda Dato kalean zegoen. 1929an, Teresa Garcia, Pedroren alaba, Jose Goya halaber gozoginarekin ezkondu eta beren negozioak batu zituzten. Bonboi berezi asko sortu zituzten, hala nola «vasquitos» eta «nesquitas» ezagunak, trufak, turroiak, marmeladak eta beste gozoki batzuk. Argazki honen egilea Balbino Sobrado ekintzaile eta argazkigintzaren zalea izan zen, oso gaztetatik Bordelen gozogin eta gozogintzaburu bezala lan egin zuena. Motoen zalea ere bazen, eta taxilari gisa lan egin zuen sidekar batekin. Horrez gain, 20ko hamarkadaren hasieran motozikleta salmenta eta konponketa tailer bateko arduraduna izan zen Gasteizen. Gaztetatik zuen argazkigintzarako zaletasunak zenbait sari ekarri zizkion, eta erakusketa batzuk ere egin zituen.