2019/11/16

Miren Azkarate Badiola
Hain urrun eta hain hurbil

Estatu espainiarreko hauteskundeak pasa berri diren honetan eta nazioartetik gerra hotsak nonahi ditugun honetan, bi gaiak nolabait lotzen dituen kezka batekin nator gaurkoan. Izan ere, aurreko batean aspaldiko partez zinera joan nintzen. Espainiako gerra zibilari buruzkoa zen filma eta bertan sator bezala ezagutzen diren pertsona horietako baten bizitza kontatzen da. Satorrak haien etxean bertan, zulo batean ezkutatuta urte mordo bat (batzuek 30 baino gehiago) pasatako pertsonak dira; kanpora begira existituko ez balira bezala bizi direnak edo bizirauten dutenak, haien senideek soilik dakitelarik bertan daudela. Ez da gerra zibilean bakarrik gertatu, Euskal Herriko gatazkan ere baditugu horren adibideak.

Hala ere, ez nator gaurkoan pelikula kontatzera edo gai zehatz honetaz hitz egitera, atentzioa eta zer pentsatua salan ginen ikusleek eman baitzidaten. Batetik, uste nuen estreinaldia izanik eta oso eguraldi txarra egonik sala lepo beteta egongo zela, baina ez, hortxe nire lehen sorpresa, erdia hutsik zegoen. Bestetik, adinaren batez bestekoa 60 urtetik gorakoa zen; beraz, seguru aski ni nintzen gazteena!

Ondorengo egunetan antzerako panorama egon omen da eta hortik ondorio garbi bat behintzat ateratzen dut: gerra zibilak ez du interes handirik sortzen, eta gutxiago gazteen artean. Ondorio horrek larritasuna sortzen dit barren-barrenean, are gehiago faxismoaren esnatze berri hau bizitzen ari garen unean. Gehiengoak urrun ikusten du, beharbada, nire ustez, atzo gertatu zena. Norbaitek zioen bezala,«historia ahazten duen herriak errepikatzeko arriskua du». •