2019/11/16

Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea
Zergatik porrua jan otarrainxka jan badezakegu?

Zabalkunde handia duen egunkari batean euskal hezkuntzari buruzko azaleko titular nagusia idaztea eskaini dizute. Zer gustatuko litzaizuke jartzea? Zer argazki ipiniko zenioke?

Ariketa horixe proposatu digu irakasle batek beste gai baten harira. Proposamenari heldu eta Euskal Hezkuntza Sistema gaitzat hartuz, ariketa egin nahian nabil: Zer gustatuko litzaidake titular horrek esatea jendarteari Euskal Hezkuntza Sistemaz?

–«Azkenean, neska-mutilak erdigunera ekarri dituen –haurra eta gaztea den horretan aitortuz–, Hezkuntza Sistema eraiki dugula hezkuntza eragile guztien parte hartzearekin. Behar izan den adostasuna, batik bat, elkarren arteko konfiantzatik abiatu eta lankidetzan oinarritu dela».

–«Euskal adierari erantzunez, Euskal Herri osorako den sistema eraiki dugula, euskararen herrietako hezigune guztiak barnebiltzen dituena, alegia».

–«Hezkuntza Sistema berri horretatik aterako diren belaunaldiak euskaldun eleaniztunak izango direla. Euskaraz biziko direnak, edo, gutxienez, euskara erabiltzeko hautua egiten ez dutenetan ere, ez dutela gainerako hiztunen euskarazko komunikazioa eragotziko. Hizkuntzak gehituko dituen sistema izango dela, eta ez kenduko dituena».

–«Sistema berriak aniztasuna arazo baino indargune izango duela, beste kulturetatik datozenei euskaldun gisa bizitzeko baliabideak eskainiko dizkiolarik; Tuterako (Nafarroa) eta Baionako (Lapurdi) euskaldunei euskaraz bizi ahal izateko bezain beste. Segregazioaren kontra lan egingo duela, jendarte kohesioa lortzeko partekatutako kultura bat lortzeko eta, aldi berean, aniztasunari lekua egingo diola: beste kultura eta erlijioak dituztenentzat, eta baita euskaldunak ez diren eremuetan bizi diren euskaldunentzat ere».

–«Publikoa izango dela, noski. Izan ere, ba ote da inor eskola publikoa izatea nahi ez duenik? Ezarri diguten eredu publiko murriztailetik haratago daude publiko izaeraren aukera gehienak, baita eskola publikoarentzat ere. Desikasteko dugu ezarri diguten publiko definizio zurruna, Publikoaren benetako aukera anitzak ikasteko».

–«Gertuko kudeaketan oinarritua izango dela. Bestalde, ikastetxeei autonomia emango dien sistema izango dela, izan barne-antolaketan zein pedagogian».

Gaur-gaurkoz dugun Hezkuntza Sistema Frantziako eta Espainiako estatuetatik jasotakoa da, duela bi mende pentsatutako egitura administratiboa duena. Geroz eta ageriago geratzen ari da XXI. mendeko herri honek planteatzen dizkion erronkei erantzuteko oztopoak sortzen ari dela ditugun sare guztietan. Oztopoak eskola publikoetan eta oztopoak itunduetan.

Bada garaia, sortzen dizkigun oztopo horiek gainditzeko borondatea agertu eta herri bezala eta norbanako gisa ditugun beharrak kontuan hartu eta hobe erantzungo dien sistema berri bat eraikitzeko saiakeran hasteko, elkarlanean. Elkarren beharra dugu: euskal eskola publikoarena, kristau eskolena, ikastolena, eskola libreena, aisialdikoena, sindikatuena, Hezkuntza sailena, gure herriko hezkuntza-egoera hobetu nahi duten guztiena, finean. Guztien lanaren aitortzatik abia gaitezke, denen ekarpenak aintzat hartzeko. Denona eta denentzat izango den eskola berria egituratzeko, bakoitzak beretik emanez. Titular ederra litzateke!

Nik hori irakurri nahiko nuke berandu baino lehen: jakin dugula gaur eguneko antolaketak bere urruneko kudeaketarekin, burokraziarekin, sareen arteko zatiketarekin, etxekoen, ikasleen, hezitzaileen eta herritarren arteko banaketarekin sortu duen mesfidantza gainditzen eta elkarren arteko konfiantzan oinarritutako Euskal Hezkuntza Sistema publiko edo komunitario baterazlea, anitza, parte hartzailea eta inklusiboa eraikitzen.

Hezkuntza etorkizuneko pasaportea da, pertsonen eta herrien etorkizunekoa. Hik Hasik egindako hezkuntza-proposamenean, norbanako bakoitzari konpromisoa eskatzen zaigu: «gure eremuan eta udalerrian lan egingo dugu, eragile, ikastetxe, sare eta gizabanako guztien artean konfiantza eta lankidetza lortzeko». Konforma gaitezke porruarekin, edo saia gaitezke otarrainxka ahora eramaten. •