Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

EVO MORALESEN KONTRAKO GURUTZADA ABIAN

Jeanine Añezen Gobernuak Nazioarteko Justizia Auzitegian Evo Moralesen kontra bi salaketa jarriko dituela iragarri du, bata gizateriaren kontrako krimenengatik, eta, bestea, sedizioagatik, «terrorismoagatik» eta altxamendu armatuarengatik. Estatu kolpea eman ondoren bere burua presidente izendatu duen Jeanine Añezek Moralesi ohartarazi zion Boliviara itzultzekotan, atxilotua izateko arriskua zuela. Orain, Arturo Murillo Gobernu kolpistako ministroak beste pauso bat eman du, eta Morales auzitegietara eramango duela esan du. «Jada ez da presidentea. Bere kontrako prozedura arrunta izango da, ez du tratamendu berezirik izango. Gogor egingo diogu», esan du. Eta «datorren astean edo hamar egun barru Nazioarteko Justizia Auzitegira joko dugu, hirien sitioa agintzeagatik», gaineratu du. Kalean Moralesen jarraitzaileen kontrako errepresioak ez du etenik. Hogei pertsonatik gora hil dituzte jada. El Altoko Senkata hidrokarburo instalazioan zortzi herritar hil zituzten militarrek. Gorpuak suzko armek eragindako zauriak zituzten. Ainara Lertxundi