Iñaki Altuna

Epe laburreko zurrunbiloan murgilduta

Norbaitek esan al dezake zer pasatuko ote den datozen hilabeteotan? Bai, jakina, EAJk aurrekontua aterako ditu PSErekin eta sekulako aldaketa eman duen Ahal Dugu Podemosekin. Euskal “kasta” estutzera zetorren indarra. Baina, gainerakoan, zer gertatutako da beste auzietan; esaterako, Nafarroako aurrekontuetan edo Espainiako Gobernuaren eraketan? Sanchez gobernuburu izango da edo berriro ere, enegarren aldiz, hauteskundeak izango dira? Beharbada, lerrook idatzi eta GAUR8ko zenbaki hau kioskotara iritsi arteko tartean bertan izan daiteke ezustekorik, aurrera edo atzera. Nork daki.

Aitortu behar da taktikak sekulako garrantzia hartu duela, egun batetik besterako urratsek bereganatu dutela arreta. Eta hori prozesu estrategikoak garatu nahi dituztenek ere aitortu behar dute, aurrera begirako ikuspuntua ahazterik ez bada ere.

Azken helburuak presente

Duela urte batzuk Euskal Herrira etorri ziren Irlandako errepublikanoen ordezkari batzuek –IRA erakunde armatuko boluntarioak izandako Sinn Feineko kargudunak ziren– ondokoa adierazi zieten Euskal Herriko zenbait eragileri elkarrekin izandako harremanetan: «Guk, gure bilerak egiten ditugunean, edozein dela gaia, epe laburrekoa izanda ere, gure helburu estrategikoak jasotzen dituzten afixak jartzen ditugu bilera aretoko hormetan, unean uneko zurrunbiloan horiek ahaztu ez ditzagun». Behin bilerak amaituta, afixak jasotzen zituzten, egunerokoan horien aipamen iraunkorrak ez zezan bat-batean egin beharrekoa eragotzi.

Horixe da, azken batean, politika egitea. Politika egitea ez baita amaigabe estrategiari buruz eztabaidan aritzea, ea prozesua aldebakarreko edo aldebikoa izan behar den bukaerarik gabe eztabaidatzea; marko nazionala lehenetsi behar den edo egungo hiru eremuetan ekin behar ote den hitz eta pitz aritzea… Eta politika ez da ezta ere soilik hurrengo hauteskunde edo prentsaurrekora begira estu eta larri ibiltzea, egun batean hara eta hurrengoan hona. Lehen joera, irismen estrategikoaren izenean egunerokoan paralisia sortzen duena, kasik kontenplaziozko filosofia da; bigarrena, uneko uneko egoerak jaten uztea, Twitter da.

Taktika, estrategia eta ildo politikoa

Politika taktika eta estrategia baita, epe laburreko zein luzeko erronkak barnebilduko dituen ildoa zehaztea. Eragin eta baldintzatu. Aldeko indarrak metatu eta kontrakoak indargabetu. Aurrera egin eta eutsi. Zirt edo zart egin eta, aldi berean, etorkizuna gutxieneko patxadaz begiratu. Ez katramilatzea izan behar da aldaketa politikoak zein sozialak eragin nahi dituzten eragileen printzipio gidari nagusietako bat. Printzipioak eta eraginkortasuna behar bezala orekatu, lehendabizikoetan kateatuta gelditu gabe eta bigarrenean nortasuna erabat galdu gabe. Kontraesanak kudeatuz eta alferrikako ika-miketan denbora xahutu gabe.

Oraindik ere, zenbaitetan, azken ziklo historikoaren lortutakoaz ez gara behar beste jabetzen. Iragana da, jakina, baina aurrera begira proiektatzeko aukera eman zuela ezin daiteke ahantzi. Herri izatea bera izan zen jokoan ez dela urte asko. Hil ala biziko erronka, garaiko terminoetan esanda. Frankismoak ezarritako ataka hartatik atera izanak ez du, berez, etorkizuna bermatzen, baina geroari ekitea ahalbidetzen du. Ez da gutxi. Eta batez ere, ez da gutxietsi behar. •