2019/11/30

Itziar Elizondo
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea
Mugikorrarekin gora eta behera

Gurasoak kezkatuta daude. Irakasleak kezkatuta daude. Eta adin txikikoak, bitartean, haur zein nerabe, beraien bizitzarekin aurrera doaz pantailaren aurrean. Bizitzaren gaindigitalizazioaren aurrean, beraz, zer egin? Nola jokatu?

Adin txikikoak aro digitalaren erdian hazi dira, ez dute off eta on bizitzarik bereizten, dena baita beraien burua eta jarduna erakusteko pasarela. Bideo jokoetan jolasteko, musika entzuteko, ikasteko, lagunekin komunikatzeko.… horretarako erabiltzen dituzte gailuak gehienbat, eta pentsatzeko modukoa da horrek guztiak bizitza pertsonalean eta sozialean aurki izango dituen ondorioak. Izan ere, digitalizazioak bizitzari abiadura berri bat txertatu dio, erritmo eroa. Pantailan dena egiten da azkar; like, not like, bideoa hasi eta buka aldi berean, hainbat leiho/foku irekita gehiegi pentsatu gabe... Ematen du ez dagoela denborarik gauzak behar den moduan ikusteko, entzuteko, dastatzeko… Garai bateko atentzioa, sendoa eta bakarra, hainbat leihotxotan sakabanatu da, eta han-hemenka gabiltza gure apeta guztiak ase nahian.

Eta mugikorraren erabilera-adinari dagokionez, zer esan? Horretan asmatzea ere ez da erronka makala. Adin txikikoen garapen integrala –alegia, garapen emozional, afektibo eta kognitiboa– bizitzaren hastapenetik bertatik hasten da eta gizon-emakumeok “formateatuta” gaude atxikimendu fisikotik, zuzeneko hartu-emanetik, eraikitzeko. Horretan gurasoekiko harreman osasuntsua eraikitzeak erabateko garrantzia izango du gero indibidualizazio-prozesuan. Beraz, prozesu horren etapa gehienetan pantailen presentzia gero eta gehiago nagusitzen bada... zer-nolako eragina izango du horrek? Zer-nolako desorekak ager daitezke? Zer-nolako estutasun ezezagunak? Ikertzaile batzuen aburuz, pantaila-abusuak haurrengan duen eragina ikerketa esparru berri eta eztabaidagarria da oraindik, baina ematen du ondoriorik baduela garapen kognitiboan. Familiak asko egin dezake, jakina. XXI. mendeko gurasoen erantzunkidetasuna da mundu digitalean trebatzea, esparru inposatzaile eta interesez jositakoa bezala ikusi arren. Baina eskola da, hezkuntza sistema orokorrean, gizarte batek zaindu, hornitu, indartu behar duena, eta bertan etxeko lan ugari ditugu, irakasleek, ikasleek eta gurasoek.

Zientziari heldu beharko diogu, egiten diren ganorazko ikerketei, horretan asmatzeko. Nolanahi ere, irudipena daukat adin-muga bat jartzeak erabateko eztabaida sortuko lukeela, denok txundituta eta salduta gaudelako teknologiarekin. Izan ere, ia guztiok teknologiak eskaintzen digun festa ero horretan parte hartu dugu hasieratik izango dituen ondorio txarrak (onenetan ados gaude) kontuan hartu gabe. Teknologiak eraikitako espazio digitalak, horrenbestez, “Far West basati” baten modura funtzionatzen du egun, eta, gizartea, tartean gurasoak, bere mende daude. Horretan mugikorra ardatz bihurtu da, sakelakoa lanerako zein aisialdirako erabiltzen baitugu.

Adin txikikoen kasuan, gizarte/guraso/eskola moduan arazoak ditugu mugak ezartzerakoan. Nik ez dakit zein den mugikorra erabiltzen hasteko adin egokia. Baina osasun pertsonal eta sozialarekin lotutako zerbait denez, badugu zer hausnartu eta zer erabaki elkarrekin. •