Juantxo EGAÑA

Allozko presa eraikitzen

Irudia, argazki estereoskopiko baten parte dena, 1929ko apirilean egina da eta bertan Allozko presa eraikitzeko lanak ageri dira, Riosalado ibaiaren gainean, Deierrin, Lizarrako merindadean. Fuerzas Eléctricas de Navarra enpresa 1924an hasi zen presa eraikitzen, energia elektrikoa ekoizteko. Behin bukatuta, Aragoiko eta Lodosako kanalen premiak asetzeko ere erabili zuten. Argazkia Manuel Lorenzo Pardo ingeniari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren fundatzailearen enkargua izan zen. Zehazki, Konfederazio Hidrografikoko Zerbitzu Grafikoak egin zuen. Zerbitzuaren arduraduna Juan Mora Insa argazkilaria zen, baina ez dago garbi irudia berea den, garai hartan Aurelio Calvok ere lan egiten baitzuen argazkilari gisa Zerbitzu Grafikoan. Argazki hau eta beste batzuk Konfederazio Hidrografikoak egindako lan guztien irudi estereoskopikoen bilduma bat prestatzeko egin zituzten.