2019/12/07

Koldo Sagasti
Galduko ez bada

Aste honetan, euskararen egunaren harira, askok gogora ekarri dute Joxean Artzeren lelo esanguratsu hura: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Ezingo nioke koma bat ere kendu Usurbilgo pentsalariaren gogoetari, baina bai gaur egun zenbaitek egiten duten lelo horren irakurketa bihurriari. Egun ez da falta “dakitenek” horretan “dakitenen artean bakarrik” ikusi nahi duenik, dakitenek dakitenekin eta dakitenen ondorengoek dakitenen ondorengoekin.

Horrela justifikatzen dute guraso, ustez, euskaltzale askok itunpeko eskola lehenestea publikoaren kaltean. Argudiobide maltzur hori baliatzen dutenek euren kezka azaldu ohi dute eskola publikoak, non guraso erdaldunen seme-alabak kontzentratzen diren, ez ote duen bermatuko euren haurrak euskara garbizko testuinguru batean heztea. Eta horrela, itxuraz behintzat, euskaldunen umeak kontzentratzen diren eskola sistema hobesten dute, bide batez, Euskal Herritik kanpotik etorritakoen kumeek ez ditzaten kutsatu euren barruti mugatuak. Euskara gutxiengo pribilegiatu baten ondarea delakoan, ghettoak sortzen ari dira. Izan ere, gizarte maila apaleneko eta atzerriko jatorrikoen ondorengoak metatzen diren zenbait eskola ghettoak badira, neurri berean dira ghettoak zortzi belaunaldiko eta egoera ekonomiko erosoko familia zurienenak biltzen dituztenak ere.

Gizarte gero eta pluralago batean bizi gara. Eta aniztasun hori aberasgarria da, baita euskararentzat ere. Hizkuntza galduko ez bada, dakitenek hitz egin beharko dute, noski; baina, hizkuntza dakitenen monopolioa bihurtu gabe, ez dakitenak eta euren ondorengoak ere euskararen altzora erakartzen asmatu beharko dute. Horixe da Hezkuntza Erakundeen politika baztertzaileen gainetik Euskal Eskola Publikoa betetzen ari den hutsunea. Bertan dago euskararen biziraupenaren etorkizuna. •