Oihane Larretxea de la Granja

Meri gehiago eta Mercedes gutxiago

Mercedesek 89 urte ditu eta Bilbon bizi da. Ez du goizeko kafea zeinekin konpartitu eta afalosteko tertuliarik ez dago bere etxean. Hogeita hamar urte dira koltxoia handiegia gelditu zitzaiola. Maindireak hotzak dira. Batzuetan, egun osoan, ez du hitzik egiten eta gauetan ahotsa ere ez zaio ateratzen. «Bakardadea beldurgarria da, inoiz imajinatu ezin den zerbait. Hainbeste ordu dira etxean sartuta, bakardadeak irentsi egiten zaituela. Lehen nik bizitza nuen, baina orain ez daukat ezer. Lagunak hiltzen doaz, familia hiltzen doa… Bizirik nago baina hilda sentitzen naiz», dio.

Hego Euskal Herrian 177.000 pertsona inguru bizi dira bakarrik. Bakar-bakarrik. Eta uste dut Mercedesek arrazoi osoa duela. Ezin dela imajinatu ere egin. Zer esan dezaket neuk bakardadeaz? Deus, gaur-gaurkoz pribilegiatua naiz.

Gure etxebizitza bloke berean gertatzen den egoera horretaz jabetzeko abiatu du BBK-k ekimena Bilbon, Mercedesen eskultura hiperrealista Areatzako banku batean ipiniz. Inpaktuzko kanpaina da eta akaso balioko du benetan kontzientzia hartzeko eta gure esku dagoen apur hori egiteko, eragin dezakegulako.

Geroztik Mercedesen hitzok buruan bueltaka ditut, are eta konpainia exijitzen duten ditxosozko data hauetan. Gabonak. Politak bezain mingarriak.

Baina badugu besteen hutsune hori nola bete. Bretxan duen lore eta landare postuan Merik kontatu dit Gabon gaua azken urteetan konpainia egiten aritu zaion aitonarekin pasako duela. Alarguna da eta itzaltzen ari da. Ez du inor, eta ez du etxetik mugitu nahi. Meri bera joango da berera afaltzera, senarra, alaba eta ama utzita. «Gabonak zoriontsu igarotzeko modu asko dago, eta nirea hau da», dio. Horrekin bueltaka nabil orain.

Hobe alde batera uzten baditugu eskulturarekin egindako selfie-ak eta gure bizilagun horri atea jotzen badiogu. •