2019/12/07

Erreportajea
AUTODETERMINAZIOA
Sidama herriak estatu federatu propio bat izatearen alde egin du Etiopian

Sidama herriak Etiopian bere estatu federatu propioa izan nahi duela adierazi berri du erreferendum bitartez, erabateko gehiengoz gainera. Konstituzioak Etiopiako etnia guztiei eskubide hori onartzen badie ere, bozketara iristeko bidea ez da baketsua izan. Eta autonomiak Etiopian izango duen eragina ere ez dago batere garbi.

Pablo Ruiz de Aretxabaleta
1207_g8_sidama5

Etiopia hegoaldeko Sidama herriak eskualde autonomo bilakatzearen alde egin zuen iragan azaroaren 20ko erreferendumean, gehiengo ikaragarriarekin. Botoa eman zutenen %98k baietzaren alde egin zuten eta parte hartzea ere izugarri altua izan zen, botoa eman ahal zuten ia guztiek hartu baitzuten parte (%99,86). Parte hartzea altua izango zela agerian geratu zen goizeko seietan hauteslekuak ireki eta sekulako ilarak sortu zirenean.

Sidamako 2,3 milioi hautesleen artean, estatu federatu propio bihurtzearen aukakoak ez ziren %2ra ere iritsi. Erreferendumak, horrenbestez, Etiopiako hamargarren estatu federala sortzeko bidea ireki du.

Afrikako bigarren estatu populatuena da Etiopia, 100 milioi biztanle baino gehiagorekin. Federalismo etnikoan oinarritutako banaketa administratiboa du, bederatzi estatu edo eskualde federatutan banatua. Orain artean, Hegoaldeko Nazioen, Nazionalitateen eta Herrien Eskualdeko parte izan da Sidama; estatu federatu horretan, 57 talde etniko daude. Azaroko erreferenduma arazo handirik gabe egin ahal izan zen, toki batzuetan sortutako ilarak kenduta. Horrek emaitzari balio are handiagoa eman dio.

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroren arabera, erreferenduma ondo egin ahal izateak erakutsi du «gure arazoak hautetsontzien bitartez konpontzeko dugun ahalmena. Posible egin dugu prozesu demokratikoa garaile ateratzea».

Erreferendumera iristeko prozesua, baina, ez da erraza izan. Eta etorkizunean are arazo gehiago sor daitezke bozketaren ondorioz. Izan ere, hainbat adituren arabera, emaitza ikusita, Etiopiako beste herri batzuek ere autonomia eska dezakete, eta, ondorioz, herrialdeko barne mugak berregitea beharrezko bilaka daiteke.

Hiru milioi biztanle baino gehiago dituen Sidamak urteak daramatza Hegoaldeko Nazioen, Nazionalitateen eta Herrien Eskualdetik irten nahian. Hori bai, gogo autonomista azken urtean berpiztu da bereziki, Abiy Ahmed boterera iritsi eta erreforma programari ekitean.

Eskualde federatu berriak zergak kobratu eta eskolak, polizia eta osasun zerbitzuak antolatzeko ahalmena izango du. Baina arazorik ez da faltako. Eskualdea sortzeko egutegia, aurrekontu federala eta eskualdeko ondasunen partekatzea, adibidez, gatazka iturri izango direla aurreikusten da.

Presidente erreformista

Abiy Ahmed 2018ko apirilean boterera iritsi zenetik, erreforma ugari bultzatu ditu Etiopian. Eritrearekin sinatutako bake hitzarmena izan da bere lorpenik ezagunena, hogei urte baino gehiago iraun dituen gatazkari amaiera eman baitio. Kanpoko gatazketan ere egin ditu bitartekari lanak, Sudanen kasu. Bakearen Nobel saria jaso du lorpen horiei esker.

Barne politikan ere hainbat erreforma jarri ditu martxan. Hori bai, Ahmned boterera iritsi zenetik errepresioa jaitsi bada ere, giza eskubideen aldeko erakundeek oraindik jazarpenak gertatzen direla salatzen dute. Aldi berean, komunitateen arteko gatazkak sortu dira. Eta estatu federatu berriaren sorrerak areagotu egin ditzake.

Etiopiako Konstituzioak aitortu egiten du estatu federatu berri bat sortzeko erreferenduma egiteko talde etniko guztiek duten eskubidea. Eskaera egiten dutenetik, urtebeteko epean egiteko eskubidea dute. Sidamaren adibideari jarraituz, beste herri askok helburu bera adierazi dezakete orain. Gutxienez, beste 80 talde etnikok eska dezakete bide bera jarraitzea. Etiopia hegoaldeko hamar taldek, adibidez, abiatu dute jada autonomia prozesua.

Hawassa hiriburua, arazo iturri

Sidama estatu federaleko lurraldearen barruan Hawassa hiria dago, gaur egun Hegoaldeko Nazioen, Nazionalitateen eta Herrien Eskualdeko hiriburua. Autonomiarako bidean, bertan bizi diren gutxiengoak matxinatzeko arriskua dago adituen ustez, baztertuak izango diren beldur baitira. Kontuan izan behar da, gainera, Sidama herriak ezagutu duela dagoeneko indarkeria Hegoaldeko Nazioen, Nazionalitateen eta Herrien Eskualdea uzteko bidean: dozenaka hildako izan ziren iragan uztailean eta Addis Abebak eskualdea Polizia Federalaren eta Armadaren kontrolpean jarri zuen.

«Eskualde berria ez da gauetik egunera sortuko, erreferenduma prozesuaren urrats garrantzitsua bada ere», uste du William Davison International Crisis Group (ICG) analisi taldeko ikertzaileak. Hawassaren etorkizuneko estatusa zehaztea arazo zaila izango dela aurreikusten du. Izan ere, Sidamako herritarrek sortuko den estatu berriko hiriburu bihurtu nahi dute uneotan Hegoaldeko Nazioen, Nazionalitateen eta Herrien Eskualdeko hiriburua dena. Sinatutako hitzarmen baten arabera, datozen bi legealdietan, bakoitza bost urtekoa, hirian geratuko da egungo Hegoaldeko Nazioen, Nazionalitateen eta Herrien Eskualdeko Gobernua. Baina gatazka edozein unetan berpiztu daiteke.

Davisoren iritziz, Sidamako autonomiak «ezin ditu inolaz ere kaltetu sidama etniako kideak ez diren biztanleak edo haien negozioak, ez orain ez prozesuaren inongo unetan». Gainera, ikertzaileak nabarmendu du prozesuak ez duela bat egiten Abiy Ahmeden agendarekin, presidenteak boterea zentralizatzeko asmoa erakutsi baitu. Hala ere, Davisonek uste du erreferenduma lehen ministroak bultzatutako erreformen eta esparru politikoaren irekieraren ondorio logikoa dela. «Eta autonomia etnikoen aldeko babes garrantzitsua, batez ere elite politikoen artean».

Autonomiara bidean sortuko diren arazoen konponbidea baketsua den edo ez arreta handiz jarraitu beharko da, beste herrien eskaeren aurrekari izan daitekeelako Sidama. «Erreferenduma lortu arte prezio altua ordaindu genuen, hildako eta zauritu ugarirekin», aitortu zuen Cherinet Deguyek botoa eman aurretik. «Baina orain zirrara izugarria sentitzen dugu eta giroa oso baketsua da».

Hasiera batean, Abiy Ahmed lehen ministroak ez zuen onartu 2018ko uztailean egindako erreferendum eskaera. Sidamako herritarrak, orduan, aldebakarreko sezesio prozesua abiatzeko prest agertu ziren, azken unean atzera egin bazuten ere. Haserre, gazteak kalera atera ziren eta segurtasun indarren errepresio gogorra jasan zuten. Etnien arteko indarkeria ere piztu zen. Gutxienez 53 pertsona hil ziren.

Desalegn Mesa Sidamako Askapenerako Mugimenduko bozeramaleak adierazi duenez, Hawassan bizi diren gutxiengoetako kideak ez dira mehatxaturik sentitu behar estatu federatu berria sortzeko prozesuagatik. Baina denak ez daude lasai. «Beldurrez bizi gara. Erreferendumaren ostean gauzak aldatuko diren beldur gara, eta ez onerako», onartu du Tesfayek, sidama etniakoa ez den Hawassako biztanleak. «Sidamako estatua sortzen bada, sidama etniakoak ez garenon kontrako bazterketa instituzionala sortuko den beldur naiz».

Oban Metho aktibista ere ezkor da. «Kaltea eginda dago, Konstituzioa esaldi honekin hasten baita: ‘Gu, Etiopiako nazioak, nazionalitateak eta herriak’». Etiopia desegin eta Jugoslavia berri bat bilakatuko ote den beldur da. Bere ustez, 1995ko Konstituzioa aldatu egin behar da, «banaketa eskaerak ez betikotzeko». Bitartean, Abiy Ahmed lehen ministroa gainontzeko etnien asmo autonomistak baretzen saiatzen ari da eta pazientzia eskatu die.

 

Bougainville, estatu berri bat Ozeano Pazifikoan?

Ozeano Pazifikoan dagoen Bougainville uhartediak autonomia baino haratago jarri du bere helburua. Azaroaren 16an erreferenduma martxan jarri zuten bertan independentzia nahi duten edo Papua Ginea Berriko parte izaten jarraitu nahi duten erabakitzeko. Zehazki, independentziaren edo autonomia sendotuaren artean hautatu behar zuten 200.000 hautesle baino gehiagok. Urte luzez abian izan diren negoziazioak eta matxinada odoltsu bat behar izan dira erreferendumera iristeko.

Bougainville uhartediko Buka irla txikian mila pertsonak itxaroten zuten botoa emateko irrikatan azaroaren 16an. «Hain zoriontsua naiz!», nabarmendu zuen Olitha Mikelak, jantzi koloretsuz jantzita. «Musikariek joko dute, dantza egin eta botoa emango dut», azaldu zuen, ezin alaiago, 54 urteko emakumeak. Belarrez eta lorez egindako girlandak soinean, emakume zein gizonek osatutako abesbatzak kaleetan zehar kantuan ari ziren, bandera independentistak eskuan.

Hamaika txalupa txiki porturatu ziren Bukan erreferendumaren lehen egunean, beste irla txikiagoetatik botoa emateko irrikaz heldutako herritarrez lepo. Tinputzen, Bukako hegoaldeko kostako herrixka batzuetan, bertakoek behiak eta zerriak ere hil zituzten.

Bi aste iraungo dituen bozketaren emaitzak ez dira abenduaren erdialdera arte jakingo. 650 nazioarteko behatzaile arituko dira lanean gobernu eta erakunde ugaritako ahaldun gisa. Inkestarik egin ez denez, agertoki guztiak dira posible, nahiz eta independentziaren aldekoen garaipena aurreikusten den. Australiako Lowy institutuaren arabera, independentziaren aldeko jarrera nagusi da oso eta herritarren %75aren babesa lor dezake. Eskualdearen nortasun etniko sendoaren, hamar urteko gatazkak utzitako etsaitasunaren eta eredu autonomikoaren porrotaren ondorio da independentisten arrakasta.

Bada, esperotakoa gertatu eta independentziaren aldeko jarrera nagusitzen bada, gero Papua Ginea Berriko Parlamentuak berretsi egin beharko du emaitza. Agintariak herrialdeko beste etnia batzuek bide bera hartuko duten beldur dira. Baina independentziari ezetza garaile ateratzen bada, beldur dira borroka zaharretara itzuliko ote den Bougainville eta bake prozesua ezerezean geratuko ote den. Izan ere, erreferendumak hamar urteko gatazka armatua gainditzeko aukera eman du. 1998an su etena eta 2001ean bake akordioa lortu aurretik, gatazkak 20.000 hildako utzi zituen.

Bougainville eskualdeko presidenteak, John Momisek, hautesleei pazientzia izateko eskatu die. Herri kontsulta prozesu luze bateko etapa bat dela azpimarratu du: «Ezin ditugu gauzak azkartu. Emaitza ona lortzeko behar den denbora hartu behar dugu». Bere ustez, prozesua burura eramateko bost urte inguru beharko dituzte.

Iraganeko indarkeriak indarkeria, erreferenduma giro lasaian prestatu zen. Bi aldeetako borrokalari ohiek hainbat zeremoniatan ere parte hartu zuten, geziak apurtuz adiskidetze ikur gisa. «Tamalez ez dira maiz entzuten armak utzi, adiskidetu eta bakea nahi duen jendearen istorioak», nabarmendu zuen erreferendumaren antolatzaile lanetan aritu den Mauricio Claudiok.

Bougainvillek 1768an uhartedira iritsi zen nabigatzaile frantses baten izenetik hartu zuen izena, Louis-Antoine de Bougainville. Gaur egun eskualdeko aurrekontuaren zatirik handiena Papua Ginea Berriko Gobernuaren esku dago. Uhartediko baliabide naturalen jabetza ere jokoan dago erreferenduma dela eta.

Hegoaldeko hemisferioko herri pobreenetariko bat da Bougainville, baina aberastasun handiak ditu, batez ere kobrea. Estatu independente bihurtzen bada, Ozeano Pazifikoko potentzien helburu bilaka daiteke uhartedia.

Hain zuzen ere, aldarrikapen independentista 1989an sortu zen, meatze baten inguruko gatazkak piztuta. Panguna meategiak okupatutako lurren jabe indigenak matxinatu egin ziren bertatik ateratako etekinen banaketa justuago eskatzeko eta indusketek ingurugiroan egindako kalteak salatzeko. Armadak enpresaren alde esku hartu zuen. Garai hartan, Rio Tinto enpresa anglo-australiarraren esku zegoen meatzea. Sortutako gatazkaren ondorioz, 20.000 pertsona hil ziren, Bougainvilleko biztanleriaren %10. Eta beste 15.000 lagunek euren etxeak utzi eta errefuxiatu guneetan bizitzera joan behar izan zuten, Salomon uharteetara.

Pazifikoko urre eta kobre meatoki aberatsenak ditu Bougainvillek. Horregatik, inguruko potentziek jomuga izan dute, Australiak eta Txinak batez ere. Eta Bougainville independente batek egitasmo horiek berpiztu ditzake. Hain zuzen ere, Txinak, munduko beste toki askotan egin duen moduan, dirulaguntzak eskaini dizkio uhartediari azpiegiturak eraiki eta baliabide naturalak erauzteko. Txina Pazifikoko herrietan “Perlazko Lepokoa” izena hartu duen portu eta azpiegitura kate erraldoia sortzen ari da, merkataritza bideak menpean hartzeko asmoz.

Pangunako meategia Papua Ginea Berriko barne produktu gordinaren %40 izatera iritsi zen gatazkaren aurretik. Bertako erreserbek 52.443 milioi euroko balioa dutela uste da. Gatazka hasi zenean meategiaren ustiaketa bertan behera gelditu zen eta Rio Tinto ez da jada akziodun handiena. Baina, egun, hainbat enpresak ustiaketa berriro martxan jartzeko asmoa erakutsi dute. Gobernu autonomoak oraindik ez du bere iritzia eman eta erreferendumaren emaitza ezagutu ondoren erabakiko du zer egin.

Hawassa izango da Sidamako hiriburua. Baina hiria Hegoaldeko Nazioen, Nazionalitateen eta Herrien Eskualdeko hiriburua ere bada, eta ez da baztertzen bertako gutxiengoak matxinatzea

Sidamaren adibideari jarraituz, beste herri askok helburu bera adierazi dezakete orain. Etiopia hegoaldeko hamar taldek abiatu dituzte dagoeneko antzeko autonomia prozesuak