2019/12/14

Erreportajea
TRADIZIOA JANTZIZ
Arbasoek tentuz landutako baserritar jantziak gaur ere zaintzeko beharra

San Tomas bezalako egunetan baserritar jantziak erabili nahi dituen orok konplexurik gabe eta harrotasunez jantzi ditzala nahi dute Donostiako Gero Axular dantza taldeko arduradunek. Horretarako eta jantzi tradizionalen inguruan gizartearen kontzientziazioa lortzeko, Dotore Jantzi ekimena jarri zuten martxan.

Maddi Txintxurreta Agirregabiria
1214_axular2

Gure arbasoen historiaren oihalkiz jositako trajeak dira baserritar jantziak, ehunka formadun oihalen eta koadro nahiz puntudun estanpatuen konbinazioaren emaitza. Egunerokotasuna galdua duten arren, data zehatz batzuetan protagonismo osoa hartzen dute, aurki etorriko den San Tomas egunean, kasurako. Euskal kulturaren parte dira baserritar jantziak, eta, beraz, zaindu beharreko altxorrak. Hori iritzi diote bederen Gero Axular dantza talde donostiarreko kideek, eta santomasetan baserritar jantziez atondutako Alde Zaharra ikustea desio dute, lasaiera handiko gonak egoki haizatuta nahiz gerrikoak behar den bezala lotuta.

Gero Axular ez da dantza talde arrunt bat. Euskal dantza klaseak emateaz gain, baserritar jantzi tradizionalei zor zaien begirunea emateko Dotore Jantzi ekimena bultzatzen ari dira azken urteetan. Kezka batetik sortu zen egitasmoa martxan jartzeko beharra. «Ikusten genuen askok mozorro bezala erabiltzen dituztela jantziak, ondo pasatzeko egunetan soilik. Gure arbasoek lan pila bat egin zuten modu honetara janzteko, eta iristen da egun bat, noiz gure arbasoak bezala jantzi nahi dugun, eta edozer gauza janzten dugu. Berdin zaigu gerrikoari korapilo bat egitea sanferminetan bezala, txapela alderantziz janztea eta, gainera, katiuska batzuk jartzea jantziaren gainetik», agertu du Juan Luis Unzurrunzaga Gero Axularreko kideak.

Dantza taldekoek uste dute, aitzitik, baserritar jantziei duten balioa aitortu behar zaiela, iritzi diotelako «orain garen bezalakoak gara atzetik gauza batzuk egin direlako, tartean, jantziak eta hauek janzteko moduak». Hartara, kontzientziatze lana egiten ari dira Dotore Jantzi ekimenaren bidez, «harro senti gaitezen gure jantziez».

Bide horretan, ekimen ugari egiten dituzte, eta Baserritar Jantzien Lehiaketa da sona handiena duena. San Tomas egunean egiten dute, eta aurten lehiaketaren hirugarren edizioa izango da.

50 lagun inguruk eman zuten izena aurreko edizioetan, eta aurtengorako, izena emateko epea zabalik dago, Dotore Jantziren webgunean. Unzurrunzagak nabarmendu duenez, ez da baloratzen jantzi «garestiena», detaileak baizik: «Nola eramaten duzun jantzia, abarkak, gerrikoa edo zapia nola lotu dituzun», adibidez. Baserritar jantziek ikusgarritasuna lortzeko helburuz antolatzen dute lehiaketa; abenduaren 21ean, beraz, ikuskizun aparta onduko dute Donostiako Bulebarreko kioskoan. «Lehiaketaren bidez nahi duguna da jendeak ikus dezala jantzi desberdinak daudela, baita hauek janzteko moduak ere», dio Unzurrunzagak.

Josi eta harro jantzi

Baserritar Jantzien III. Lehiaketaz landa, jantzi tradizionalei buruzko hitzaldi eta tailerrak ere ematen dituzte, edo erakusketak antolatu, besteak beste. Tailerretan, jantzi hauek nola josi eta jantzi erakusten dute, eta hitzaldiak baserritar jantzien atzean dagoen historia azaltzeko baliatzen dituzte. Gainera, aholku eta informazio horiek guztiak Durangoko Azokan aurkeztutako “Harrotasunez, ez harrokeriaz” liburuan jaso dituzte.

«Maite duzun zerbait zaintzea» da, Juan Luis Unzurrunzagaren hitzetan, proiektu honen muina, eta pasioz egiten dute lan hau. Aitortu duen arren «pixkanaka gauzak aldatu» direla eta asko traje tradizionalak tentuz janzteko ohitura hartzen ari direla, oraindik bide luzea dago egiteko.

 

Usteak apurtu, gazteak dantzarazteko

Gero Axular dantza taldeak 2004an hasi zuen bere ibilbidea; hasiera batean, Axular Lizeoaren ekimenez, baina segituan zabaldu zuten beren egitasmoa ikastetxetik harago. Euskal dantza irakatsi eta sustatzea zuten helburu, dantzariak sortzea finean, baina taldearen egitekoak berrasmatu behar izan dituzte azken 16 urteetan. Izan ere, eta Unzurrunzagak hala esplikatu du, zenbait haurrek ez zuten luze irauten dantza klaseetan, eta beraiei nahiz gazteei egokituko zitzaizkien egitasmoen bila jardun zuten pentsatzen. Ekitaldiak prestatzen hasi ziren haurrek jendaurrean dantza zezaten, agertoki desberdinak baliatzen zituzten, edo bi urtean behin berritzen duten ikuskizuna prestatzen hasi ziren, beste gauza askoren artean. Baina arduratuta zeuden, halaber, gazteen artean zabalduta zeuden uste oker batzuengatik. Batzuk aipatzearren, dantza «nesken gauza» zela, edo «kaseroena». Uste hori iraultzeko modu bat atzerrira bidaiak egitea izan da, Unzurrunzagak dioenez. «Kanpoan, haurrek ikusten dute badirela taldeak, beraien adinekoez osatuta, eta mutil pila bat dituztenak», azaldu du. Hala, jada 58 aldiz atera dira atzerrira, Europako hainbat herrialdetara. «Lan egin behar da mutilak dantzaren, poesiaren edo arteen munduan sartzeko». Bidaien bitartez, gainera, euskal kultura erakusteko xedea betetzen dute, «ikus dezaten diferenteak garela, gure hizkuntza propioa daukagula, gure dantzak ditugula, gure jantziak, eta, gainera, gure jantziez harro gaudela». Bide luze horren uzta jasotzen ari dira. 280 dantzari dira gaur egun taldean, eta Unzurrunzagak nabarmendu duenez, haurrek jada ez dituzte euskal dantzak uzten hasi eta pare bat urtera, luzaro irauten dute Gero Axular taldean.