Miguel Fernandez Ibañez
ISLAMA BALKANETAN

Bektasen jarraitzaileen adar heterodoxoak beldur dio wahabismoaren hazkundeari

Ez da gutxi Haci Bektas Veli ermitauaren jarraitzaileek pairatu behar izan dutena: bi mende luzeko errepresioa Anatolian, Albanian Henver Hoxharen erregimenaren ateismoa eta Jugoslavia ohiaren aldetik mespretxua. Zailtasunak zailtasun, islamaren korronte heterodoxo horrek nolabaiteko egonkortasuna aurkitu du Ipar Mazedonian. Egun, baina, muturreko suniten itzalaren beldur da Bektas eremutarrari ohore egiten dion komunitatea.

Hodei meheek Topolcani herria ferekatzeko tartea uzten diete eguzki izpiei abendu hasiera honetan. Ipar Mazedonia zeharkatzen duen autobideak bitan zatitzen du Prilep eskualdeko herria. Autobus publikoek duten prezio bera ordaindu dugu Bitolatik Toplocanira ekarri gaituen legez kanpoko taxi kolektiboa hartzeko. Orain, ordea, auto-stop egin beste aukerarik ez dugu Kanatlarci herrixkara iristeko azken 7 kilometroak egiteko.

Hiru minutu baino ez dira igaro eta bikote batek bere autoa gelditu du. Inguruotara Bektasen jarraitzaileen bila etorri garela pentsatu dute. Kanatlarcin bizi diren kristau familia bakanetariko bateko kideak dira, eta, beso zabalik hartu gaituzte, Balkanetako jendeak oraindik ere mantentzen duen abegi ona erakutsiz. Herrira heltzean, gainera, Haci Bektas Veliren jarraitzaile izandako Tekkean Dickmen baba edo gidariaren hilobia non dagoen galdezka hasi dira herritarren artean gu laguntzeko asmoz.

1.000 biztanle dituen Knatlarci herrixkan, familia mazedoniar bakan batzuk eta sunita turkoen talde txiki bat kenduta, herritar ia denak Bektasen jarraitzaile turkoak dira. Islamaren korronte sufi horrek gurtza monoteistak eta paganoak nahasten ditu eta Ali ohoratzen du, hau da, islamaren laugarren kalifa, gaur egun xiismoaren ikur dena.

Esan bezala, Haci Bektas Veliren jarraitzaileak dira herritar gehienak, Anatolian XII. mendean bere ideiak barreiatu zituen eremutarrarenak. Ideiok askotariko eraginak zituzten: mistizismo islamiarra, kristautasuna, zoroastrismoa, manikeismoa... Horrexegatik, hain zuzen, dira heterodoxoak Bektasen jarraitzaileak. Erdialdeko Asiako Jorasan eta Bujara eskualdeetatik Anatoliara iritsi ziren ihesi eta, asko bertan geratu ziren arren, batzuk Balkanetaraino iritsi ziren karabanetan. Horren adibide dira Sari Saltik dervixe ezagunak gidatu zituen jatorri turkomanoko familiak.

Jenizaroen patua

Otomandar Inperioak mistikoon ideiak bultzatu zituen Balkanetan, kristauen konbertsioa samurtzea helburu. Horretarako, Bektasen jarraitzaileak ziren jenizaroak erabili zituen, hau da, sultanaren pretoriar guardia osatzen zuten oinezko soldaduak. Hori horrela, Bektasen jarraitzaileen eta jenizaroen patuek bat egin zuten betiko.

1826. urtean, “Ate Gorena”-ren aurka hamarkadatan hainbat matxinada bultzatu ondoren, jenizaroak indargabetu egin zituzten otomandarrek. Bide batez, suniten ortodoxia errespetatzen zuten naqshbandien ordenako sufiekin ordezkatu zituzten.

Mustapha Kemal Ataturk Turkia berriaren fundatzaileak berak jenizaroen oroimena goraipatzen zuen arren, Turkiako Errepublikak erlijio ordena guztiak legez kanpo utzi zituen 1925ean. Bost urteren buruan, Bektasen jarraitzaileek Albaniako Tirana hiriburura eraman zuten euren egoitza nagusia. Bertan bizi da egun Baba Mondi agintari gorena ere. Baina ez da Bektasen jarraitzaileen agintari bakarra eta batzuek Turkiari begiratzen diote oraindik, batez ere Haydar Ercan Dede agintari gorenari. Kanatlarci herrikoak, adibidez, horien artean daude.

Zeynel Abidin baba da egun Ipar Mazedoniako bihotzean bizi den komunitate turko txikiko agintaria. Gogo onez kontatu dizkigu Dikmen baba handiaren mirariak, hau da, Kanatlarci herrixkako zaindariarenak. Dikmen aipatzean begiak pizten bazaizkio ere, oreka mantentzen maisua da ohi bezala bizarra ondo moztuta duen agintari erlijiosoa.

Ezkontza batera zulatuta zegoen zahatoan ura isuri gabe eramateko kapaz izan omen zen Dikmen. Behin hil ostean, zerutik jaitsi eta lur lehorrean zuhaitzak haztea lortu omen zuen. Are gehiago, behatza lurrean sartu besterik ez omen zuen behar ura atera zedin.

Partisanoak, naziak...

Ondoren izan ziren inguruotan beste eremutar batzuk ere, baina ez Dikmen bezain ahaltsuak. Pentsa, Bigarren Mundu Gerraraino iritsi omen zen herritarrak babesteko zuen gaitasuna. «Partisanoek gu soldadu ez eramatea lortu zuen eta nazien kanoikadetatik babestu gintuen. Berak babesten gaitu, harresi bat balitz moduan. Inoiz ez dugu minik pairatzen», azaldu du irmo Zeynelek.

Azkenaldian, jarraitu du Zeynelek, «mirari gutxiago» gertatzen omen dira munduan. Eta mirariak garrantzitsuak dira Bektasen jarraitzaileentzat: «Ali eta islamaren lehen kalifak bereizten dituena mirariak dira. Alak gure agintariei emandako ahalmena dira mirariak. Mahomaren heriotzaren ondoren, bere lekukoa nork hartuko zuen zen galdera, eta, Aliri, Mahomaren lekuan esertzeko aukera lapurtu zioten. Ali gaztea zen, 33 urte baino ez zituen. Abu Bakr, Omar eta Uthmanek 50 urtetik gora zituzten, baina ez ziren gai mirariak egiteko. Hor hasi zen musulmanon arteko liskarra: nolatan har zezaketen Mahomaren lekukoa beharrezko dohainik eduki gabe?».

Judaismoaren, kristautasunaren eta islamaren profetek dohainak zituzten erlijioon jarraitzaileen ustez. «David gai zen burdina eskuekin moldatzeko, Salomonek haizea kontrolatzen zuen, Moisesen makila suge bihurtu zen, Jesus berpiztu egin zen. Mahomaren kasuan, Korana idatzi zuen –musulman batentzat miraririk handiena–, eta, horrez gain, Kuraixen Armada ahaltsuari gailendu zitzaion Badreko guduan».

Aleviak

«Profeten mirariok, Alaren graziak emanak, ezinbestekoak izan ziren beste erlijio batzuetako jarraitzaileak konbentzitzeko», jarraitu du Zeynelek. «Ali bera ere, profeten antzera, zanpatuen alde egon zen eta bere mirariei esker islama fedetzat hartu zuten hainbat komunitatek. Alirengatik egin zuten eta hortik dator alevi hitza, ‘Aliren jarraitzaileak’», nabarmendu du adituak, xiismoaren hamabi imamak irudikatzen dituen harri landua harro erakusten digun bitartean.

Aleviak ez dira denak Bektasen jarraitzaileak, eragin berberak badituzte ere. Aleviek kizilbak (“buru gorriak”) tribuetan dute jatorria, hau da, Safaviden dinastiako Ismail xahren alde egin zuten Anatoliako ekialdeko tribuak. 1514an, Caldiraneko guduan, Safaviden dinastiakoak galtzaile irten ziren eta, errepresiotik ihesi, Balkanetara alde egin zuten.

Bektasen jarraitzaileek, ordea, Otomandar Inperioaren babesa izan zuten luzaroan islamaren interpretazio heterodoxoa hedatzeko. Horregatik hain zuzen, euren diskurtsoa askoz zehatzagoa da egun. Aleviek, ordea, ez dute oso garbi ez euren jatorria ez euren bilakaera. Erlijioa ala sinesmen hutsa da beraiena? Attaturk errespetatu behar dute? Zer puntutaraino Alirenganako debozioa ez ote da sunitei dieten beldurraren eragina?

Irene Melikof adituaren ustez, «sinesmen berdinak dituzte aleviek eta Bektasen jarraitzaileek eta guztiek gurtzen dute Haci Bektas. Bektasen jarraitzaileek egonkortzea lortu zuten, baina, aldiz, herrixketan bizi ziren aleviek ez zuten behar beste antolatzea lortu. Ondorioz, bi taldetan banatu ziren eta bakoitzak eragin etniko ezberdinak izan ditu, Bektasen jarraitzaileek Balkanetakoak. eta, aleviek, berriz, irandarrenak, kurduenak...».

Bien arteko loturak ez daude garbi, ezta Bektasen jarraitzaileek jenizaroekin zituztenak. Anatolian alevien berpizkunde kulturala ematen ari den honetan, Balkanetakoek bereari eusten diote. «Lehenik eta behin Bektasen jarraitzailea naiz, eta, gero, alevia», nabarmendu du Zeynelek.

Hierarkia zorrotza

Bektasen jarraitzaileak agintariekiko oso leialak dira eta hierarkia oso zorrotza dute. Behetik gora, lehenik eta behin ashik-ak daude, hau da, erlijio ordenan interesa dutenak baina oraindik erritualdia bete ez dutenak. Muhip-ak ikastunak dira eta urteak behar dituzte dervixe bihurtzeko. Dervixe hitzak farsieraz “ateak bilatzen eta irekitzen dituena” esan nahi du, eta dervixeek Alaren ahalik eta gertuen bizitzeko hautua egiten dute. Ezkontzeko zein zelibatoa jarraitzeko aukera dute. Azken “sakrifizio” hori, baina, oso estimatua da duela mende batzuk ordena goitik behera antolatu zuen Balim Sultanek ezarri zuenetik. Jarraian, baba edo gidari espiritualak daude. Kanatlarcin hiru dira. Komunitateak hautatu eta dede edo probintziako agintariak oniritzia ematen die. Guztien gainetik, dedebada dago, dede desberdinek hautatzen dutena.

Islamaren korronte ortodoxoekin alderatuta, Bektasen jarraitzaileek ez diete jaramonik egiten Korana interpretatzean ezarri ohi diren hainbat debekuri. Adibidez, txerria jan dezakete, ez ordea untxia. Hala ere, arraina dute gustukoen, urak purifikatuta omen dagoen jakia baita.

Emakumea

Cemevi izeneko egoitzatan egiten dituzte erritualak, ez baitira meskitetara joaten eta kantuan eta dantzan egiten dute, poeten olerkariak irakurtzeaz gain. Gainera, gai erlijioso eta sozialak jorratzen dituzten muhabet topaketetan alkohola edaten dute. Emakumeek erritualetan parte hartzen dute eta muhip eta dervixe bihur daitezke. Hori bai, hor dute sabaia eta hierarkian gorako egiterik ez dute.

Ortodoxiarekin alderatuta agertzen duten malgutasuna horren eraginez, jihadisten eta muturreko islamisten jomugan daude gaur egun Bektasen jarraitzaileak, xaria errespetatzen ez dutela egotzita heretikotzat dituztelako. Deabruari otoi egiten omen dietelako Estatu Islamikoaren jazarpena pairatu duten yezidiak bezala, Bektasen jarraitzaileak islam ortodoxoenaren aurka altxatu dira, wahabismoarekin eta salafismoarekin lotuta dauden korronteen aurka hain zuzen.

Ildo horretan, azken urteotan Mazedonian tirabirak sortu dituzten zenbait auzi izan dira. Lehena, Skopjeko Gobernuak ez duela onartu Bektasen jarraitzaileena berezko erlijio gisa. Hala, sunitak nagusi diren eta atzerritik kontrolatutako Mazedoniako Komunitate Islamikoren agindupean utzi ditu. Auzia Giza Eskubideen Europako Auzitegira eraman zuten eta honek Bektasen jarraitzaileen alde egin zuen. Gobernuak isilik jarraitzen du, baina, Europar Batasunerantz bidean, azkenean ebazpena onartu beharko duela uste da. Horrek, Zeynelen hitzetan, Albanian duten estatusa lortzea bermatuko lieke, baita ezbaian dauden lurrak bereganatzea eta, batez ere, zenbat diren jakitea. Izan ere, egun Mazedonian %34 diren musulmanen baitan ez da bereizketarik egiten suniten eta xiiten artean. Zenbat diren jakiteak, aurrekontuetatik dirua lortzeko bidea irekiko lieke Bektasen jarraitzaileei.

Erdoganen itzala

Bigarren auzia aspaldikoa da, 2002ko abuztukoa, baina ez da ahaztu. Muturreko suniten talde bat Ipar Mazedoniako Bektasen jarraitzaileen artean nagusi den arabati ordenaren tekkea batean (bilkura eta otoitzerako egoitza nagusia) sartu zen armak eskuan, meskita bihur zedin exijituz. 17 urte igaro dira eta, ekintzaren arduradunak, Erdoganen jarraitzailea eta segurtasun arloko langilea den turkiarrak, bertan jarraitzen du. Abdul Mutalip Bekiri derbixeak onartu digu ez duela lasai errezatzen salafiston artean. Bektasen jarraitzaileen abegi onak gauzek okerrera ez egitea ahalbidetzen dute, eta sunitek ondo dakite hori baliatzen.

Bestalde, gauzak are gehiago korapilatzeko, Kicevo herrian arabatien taldea bitan banatu da. Dervixeek argi dute sunitak bazterrak nahasten ari direla. «Aita baba zuen arren, zatiketaren bultzatzailea diru truk Saudi Arabiak inposatutako wahabismoren besoetan jauzi da».

Kanatlarcira bueltatuz, lurra bustita dago gaur. Atzoko eguna euritsua izan zen. Hala ere, gorri-hori kolorea nagusi da, eskualdean tabakoa lantzen delako, Mazedonian oso preziatua. Nonahi ikusten dira hostoak, teilatuetatik zintzilik. Etxe sendoetan Turkiako ikur asko ikusten dira. Herriaren erdian denda bat baino ez dago. Dikmen baba-ren hilobia ikustera urtero erromes asko bertaratzen dira. Kanatlarcin beste eremutar bat ere badago lurperatuta, Kurd Dede.

Meskita bakarra

Kurd Dederen hilerritik gertu dago herriko meskita bakarra, 2018an eraikia. Refat imama duela lau urte iritsi zen Kanatlarcira, Adiyaman Turkiako eskualdetik. Bere sorterrian aleviak bizi dira, baina bera sunita da. Ez zuen harrera berorik izan eta meskita eraiki arte madrasa batean egiten zuen otoi. «Hemen ere %70 aleviak dira, baina urtetik urtera jende gehiago dator meskitara», dio harro.

Adineko jendea meskitara joaten ez dela onartu du Refatek, baina «gero eta gazte gehiago» gerturatzen direla gaineratu du. Suniten ortodoxiarekin bat ez datozen errelatoekin hazi dira gazteok, «eta ezberdintasunak ditugu, baina Ala, gure liburua eta erlijioa berak dira guztiontzat». Ezberdintasunak ere aipatu ditu: «Iragana beste era batera irakurtzen dute. Korana ere modu alegorikoan irakurtzen dute. Baina dei egiten diet Bektasen jarraitzaileei eta oro har alevi denei Kerbalan gertatu zena [Hussein imam xiita erail zuten bertako guduan, urtero Axurako erromesaldian gogoratzen dena] botere borroka izan zela uler dezaten, ez zela suniten erantzukizuna izan. Bertan gertatu zena guztiontzat izan zen atsekabea».

Refatek islama errespetuz erakusten omen du bere sinismenak gutxiengoan dauden herrian. «Ez dugu inor behartzen eta inork ez gaitu behartzen. Hemen kristauak ere bizi dira eta ez noa euren atzetik islama bere egin dezaten».

Bektasen jarraitzaileek imama intentzio onekoa delakoan daude eta errespetatu egiten dute, adiskidetasun mezuak ematen dituelako. Ez da bera gertatzen Recep Tayip Erdoganekin; agintari turkiarraren beldur dira, batez ere Abdulhamid II.a sultan otomandarra bezalako agintarien oinordeko aurkezten duelako bere burua.

Beldurra, bizi-bizi

Dikmen baba-k hegan zeharkatu omen zuen mendi lerroari begira dago Zeyneli. Ez dago lasai. «Wahabiei beldur diegu, nola ez ba, oso indartsuak dira». Ez da ez harritzekoa kezka hori, Anatolian bi mendez errepresio gogorra pairatu baitzuten Bektasen jarraitzaileek, Albanian Enver Hoxharen erregimen ateoa eta Jugoslavia ohian sozialismoaren mespretxua. Azkenean Balkanetan egonkortzea lortua zutela zirudienean, muturreko sunismoak eragiten dien beldurra uxatu nahian ari dira egun, beti egin duten bezala, maitasunaren eta errespetuaren bidea aldarrikatuz. Zeynelek hiru muxurekin irudikatzen du hautu hori: «Muxu bat Alarentzat, bestea Mahoma profetarentzat eta azkena Ali kalifarentzat».