Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Xabier Gaztelumendi Lopetegi

«Bertigoa ematen dit, baina gailentzen den emozioa esker ona da, elkarteari eta kide guztiei»

Xabier Gaztelumendik (Añorga, 1961) jantziko dio txapela txapeldunari. Bertsozalea betidanik, Usurbilgo eta Orioko bertso eskolen jiran ibilia, Gipuzkoako Bertsozale Elkartea barrutik ondo ezagutzen du. 2002tik elkartean «inurri lan nekaezinean» aritua, lehen zortzi urteetan diruzain eta hurrengo zortzi urteetan idazkari. Bitarte horretan Zuzendaritza Batzordeko kide izan da eta eguneroko lanak eta kontu operatiboak kudeatzen aritu da Administrazio Sailekoekin. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak isileko lan hori guztia eskertu nahi izan dio eta txapela janzteko lana eman, berak «ohoretzat» hartu duena. Ez omen da plazagizona, baina pozik beteko du emandako enkargua Illunbeko plaza handian.

Nola zaude?

Hasieran susto handia hartu nuen, inoiz ez duzulako espero horrelako gauza bat zuri egokituko zaizunik. Pixkanaka beste emozio batzuk gailentzen dira, batez ere esker ona. Joxe Mari Altuna izan zen nire aurretik diruzaina elkartean. 2002an pasa zidan erreleboa eta gogoratzen naiz nola esan zidan, «Xabier, nik ez dakit elkarteari zerbait eman diodan, baina elkarteak niri zenbat eman didan!». Nik ere nire kargua utzi nuenean 2008an nire egin nituen hitz horiek. Eta orain, txapel emaile izatearen ohorea eskaini didatenean, esker on hori neurri gabekoa da.

Bertsolaritzaren ekosistematik kanpo ez dakit ulertzen ote den nola hor barruan denak zerbaiten parte sentitzen zareten.

Horrela da, bai. Egia da gaur egungo gizartean elkartearen balio batzuk ez direla ondo ulertzen, adibidez, borondatezko lana. Gaur egun borondatezko lana ez dago oso kotizatua, bakoitza gure oskolean bizi gara eta lanetik kanpoko denbora norbere buruari eskaintzea da ohikoena. Elkartea, besteak beste, borondatezko lanari esker bizi da; bestela ez litzateke ez txapelketarik ez sustapen lanik ez beste gauza askorik egongo.

Ekosistema hori osasuntsu dago. Zein da horren gakoa?

Elkarteak asmatu du belaunaldi berrietara iristen, transmititzen, eta gizartearengana ere iritsi egin da. Hala ere, ez dago formula magikorik eta, bertsoa inprobisatzen den bezala, elkartegintza ere neurri batean inprobisatu egin da. Elkartea eta bere funtzionamendua, neurri batean, oso esperimentalak dira; segurutik, baina esperimentatzen. Adibideak asko dira; lehendakari bat izan beharrean taldean izatea, funtzionatzen zuten hainbat gauzari buelta ematea –Euskal Herriko finala Belodromotik BECera eramatea, Bertso Eguna aldatzea–... Esperimentatzea gustatzen zaio eta asmatu egiten du. Elkartea konfort eremutik atera egiten da, etengabeko hausnarketaren bitartez, hori bere ezaugarri bat da.

Bertsolaritza bera ariketa kolektiboa da. Txapelketako oholtzan, esaterako, lehiakideek elkarrekin josten dute saioa, ez elkarren kontra.

Zalantzarik gabe. Bertso saioa elkarrekin eraiki behar da, bestela ez du funtzionatuko. Eta elkartegintzan, berdin. Talde bat gera, talde bat egiten asmatu behar dugu eta horretan asmatzen dugun neurrian egingo dugu aurrera.

Bertsozalea zara. Bertsolaria?

Bertsozalea banaiz, baina ez naiz plazagizona. Mikroek eta oholtzek kalanbrea ematen didate eta ez nauzu sekula ikusiko plazan. Baina bertso eskolan urte asko eman ditut, Usurbilen lehendabizi eta Orion gero. Hor oso pozik ibili izan naiz, lagunartean hala moduzko bertsoak botaz, aitzakia horrekin afaritxoak antolatuz... Duela lau bat urte utzi nuen bertso eskola.

Finalean, txapel emailea izateaz gain, finalista baten aita zara. Urduritasun doblea?

Ez da samurra. Emazteak esaten du gurasoen ofizioa ez dela inoiz bukatzen eta hori egia da. Etxeko bat oholtzan kantuan ikustean deseroso eta urduri egoten naiz, batez ere txapelketa bezalako gune eta une batean, orekari ezin eutsi alanbrean, edozein momentutan eroriko den beldurrez. Urduritasun handia ematen du txapelketa guraso bezala bizitzeak. Kasu honetan, urduritasuna bikoitza izango da, txapel-emaile izango naizelako. Baina beste modu bateko emozio bat da; bertigoa daukazu, baina gailentzen den emozioa esker ona da, elkarteari eta elkarteko kide guztiei.

Bertsorik botako duzu?

Ez, ez. Esan dizut ez naizela plazagizona, eta, horrelako plaza batean, gutxiago.

Gerta daiteke semeari txapela janztea.

Matematikoki aukerak daude, zortzi aukeratik bat. Eta zortzi aukeratik zazpi daude semea txapeldun ez izateko. Garbi daukadan gauza bakarra da, irabazten duenak irabazten duela, txapelak buru oso egokian bukatuko duela. Niretzako ohore handia izango da zortzietatik edozeini txapela janztea.

Final ederra. Parekidea gainera. Garrantzitsua da hori?

Garrantzia handia dauka. Garai batean pentsaezina zen horrelako final bat irudikatzea. Zortzikote ederra da egia esan.

Kolore askoko zortzikotea.

Bakoitzak oso bertsokera pertsonala dauka. Iruditzen zait duela hogei urte bertsolariak bata bestearen antzekoagoak zirela, edo garai hartan kanontzat jotzen zen hari hurbiltzen gehiago saiatzen zirela. Gaur egun, berriz, askoz ere proposamen pertsonalagoak egiten dituzte eta aniztasuna handiagoa da. Eta hori beti da aberasgarria. Bakoitzak bere sinadura propioa dauka.

Tira, zu bertsolaritzaren bidera batu zinen eta zure bi semeak ere, Beñat eta Unai, horretan dabiltza.

Bai, horrela da. Guk etxean bide bat erakutsi genien, txikiak zirela etxean bertsoekin eta errimekin jolasean hasi ginen eta gustatu egin zitzaien. Gero eta gehiago eskatzen zuten, bertso eskolan ere hasi ziren eta gaur arte.

Bertsoa eskola ona omen da, eta ez bakarrik bertsotarako.

Bai. Bertso mundua, bizitza eskola bat da beste ezer baino gehiago. Bertso eskoletan ibiltzen diren gaztetxoei, bertsolariei eta bertsozaleei bizitzaren berri erakusten die eta gizartean normalean horren zabalduak ez dauden balioak transmititzen dizkie; aldamenekoa entzuten jakitea, aldamenekoa errespetatzea, genero berdintasunarekiko sentsibilitatea... Horrelako gauzak bertso eskolan transmititzen dira eta horiek gizartearentzat aberasgarriak dira. Bestelako trebetasunak ere transmititzen dira; diskurtso bat antolatzeko gaitasuna, memoria lantzea, arrazoiketa, euskararen aberastasuna...

Illunben icebergaren punta ikusiko da.

Bai, zalantzarik gabe. Bertsozale Elkartean badago kolektibo bat soldatapean lan egiten duena eta beste kolektibo zabal bat borondatez aritzen dena. Txapelketan oholtza gainean ikusten dena erakusleihoa da, baina hor behean dauden isileko horiei guztiei esker egiten da, beste gauza asko bezala.