Gorka Elejabarrieta

Bougainvilleko irakaspen batzuk

Bougainvillek independentzia erreferenduma egin du azaroaren 23tik abenduaren 7ra bitartean. Bertie Ahern, irlandar lehen ministro ohia eta Aieteko Nazioarteko Konferentziako deklarazioaren irakurlea, Bougainvilleko komisio elektoraleko lehendakari izendatu zuten eta berak eman ditu erreferendumaren parte-hartze datuak eta emaitzak. Galdera eta erantzunak argiak ziren. «Ados zaude Bougainvillek eskuratu dezan: 1- Autonomia gehiago. 2- Independentzia». %87ko parte-hartzea egon da eta %97,7k independentziaren alde bozkatu du. Emaitza oso argia, duda izpirik uzten ez duten horietakoa. Kontrakoa iruditu arren, hau ez da bidearen amaiera, baina independentzia bidean aurrerapauso garrantzitsua da dudarik gabe. Erreferenduma ez da loteslea, Papua Ginea Berria ez dago emaitza betetzera behartua eta ondorioz Bougainvillek ez du independentzia automatikoki eskuratuko. 2001ean sinaturiko bake akordioaren emaitza da erreferenduma. Bake akordio berberaren arabera, orain Papua Ginea Berriaren eta Bougainvilleko autonomiaren artean elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat ireki beharra dago eta akordioa lortuko balute Papua Ginea Berriko Parlamentuaren babesa beharko luke. Bide luzea geratzen da oraindik, baina horrelako emaitza argi eta sendo baten aurrean independentisten posizio eta aukerak asko indartu dira.

Eta hor dago gatazken konponbide prozesuen koxka. 2001ean bake akordioa sinatu zutenean inork ez zekien hurrengo urteetan zer gertatuko zen, nork lortuko zuen aukera hobeto erabiltzea. Bake akordioak bi aldeetarako aukerak eta arriskuak zekartzan, horrelako prozesuetan beti gertatzen den bezala. Irabazle – irabazle eskemari jarraitzen dioten prozesuetan aldeen arteko joko arau berriak adostea da helburu nagusia. Gerran lortu ez dituzun helburu politikoak ez dituzu negoziazio mahaian irabaziko. Mahaian, aldiz, helburu horiek eskuratzeko bide demokratikoak adostu ditzakezu baina inork ezin dizkizu bide horiek emango dituzten emaitzak ziurtatu. Bougainvilleri 2001ean inork ez zion ziurtatu 2019an independentziaren aldeko bozen %97,7 eskuratuko zutenik. Inork ez baitzekien. Are gehiago, ziurrenik Papua Ginea Berriko mandatarien apustua independentistek indarra galtzea eta autonomiaren aldekoak indartzea izan zen. Ingalaterrak Irlandako bake prozesuak moderatuen posizioa indartuko zuela uste zuen bezala, inork ezin zien Sinn Feinekoei ziurtatu bake prozesuak beren posizioa indartuko zuenik. Aukerak eta arriskuak, baina partidak jarraitzen du eta partida berriak ondo, hobeto edo txarrago jokatzeak ekarriko du mota bateko edo bestelako emaitza.

Horrelako borroka luzeetan bidea oso garrantzitsua da, ez baita berdina urteak, hamarkadak iraun behar duen borroka baldintza batzuetan edo besteetan egitea. Prozesu adostu, demokratiko eta, ondorioz, baketsuek bide hobea ziurtatzen dute, alde guztientzat. Eta Bougainvilleko ereduak ere hori erakusten digu. Bake akordioaren aurreko konfrontazio garaiak milaka eta milaka hildako eragin zituen, egoera oso gogorrak, bereziki Bougainvilleko biztanleentzat. 2001az geroztik borroka grinak jarraitu du baina oso bestelako baldintzetan. Begira dezagun Papua irla bere osotasunean eta erraz ulertuko dugu diodan hau. Ekialdean, Papua Ginea Berriaren eta Bougainvilleren arteko harremana, haietako bakoitzaren egoera, eta konpara dezagun mendebaldearekin, Indonesiaren pean jarraitzen duen Mendebaldeko Papuarekin, non giza eskubide urraketa masiboak burutzen ari diren Indonesiaren eskutik. Konfrontazio gordina eta egoera latza denentzat. Eta nori doakio hobeto, Papua Ginea Berriari Bougainvilleko erreferenduma adostuz edo Indonesiari bere ukazio politika aplikatuz Mendebaldeko Papuan? Nortzuen artean daude harreman hobeak? Eskoziaren eta Ingalaterraren artean edo Kataluniaren eta espainiar Estatuaren artean? •