Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Ane Labaka Mayoz

«Emakumeen gaiak enpatxua sortzen duen txapelketa bat parekidea denik ezin da esan»

Lasarte-Oria, 1992. Bere lehen finala du. Txapelketatik kanpo arnasa hartzeko modua dagoela garbi duen arren, txapelketan ere badakiela erakutsi nahi du Illunben. Eta hankak lurrean itsatsi.

Finalean zaude. Orain arteko bidea bidezidorretatik egin duzula esan duzu, zeudenak baliatuz eta berriak sortuz. Txapelketatik kanpo epela topatzea zaila balitz bezala.

Nik bai sentitzen dut hor inbutu bat dagoela. Gazte sariketetan eta eskolartekoetan pixka bat nabarmentzen zarenean, herrialdeko txapelketan zure momentua iristen da. Badirudi hor egin behar duzula, eta, ez baduzu egiten, sistemak baztertu egiten zaitu eta beste norbaiti ematen dio leku hori. Nire sentsazioa izan da momentu batzuetan gogorra izan dela, baina, aldi berean, opari bat izan dela pauso horiek horrela ez betetzea, horrek aukera eman baitit beste mila saltsatan aritzeko eta sortzeko. Batzuetan, kanpotik iritsi izan zaidan mezua ondorengoa izan da; «bai, bai, ari zara gauzak egiten, baina gero, plaza hegemoniko horretan, egin behar den tokian, ez duzu inoiz ezer demostratu». Sentitu izan dut txapelketan ere demostratu beharra eta, zentzu horretan, lasaitua izan da finalera iristea. Ez nuke nahi horrek balioa ematea txapelketatik kanpo egin dudan guztiari, horrek berez balioa daukalako. Baina lasaitu bat sentitu dut, nahiz eta badakidan kontua ez dela hor bukatuko, gero Euskal Herrikoa etorriko da...

Baina aurten, behintzat, finalista berrietakoa zara eta hori toki ona da.

Bai, toki ona da. Eta ondoan ditudanekin oso pozik nago. Oihana [Iguaran] niretzat sekulako babesa da, batera hasi ginen bertso eskolan; aurten Alaia [Martin] eta Beñatekin [Gaztelumendi] entrenatu dut txapelketa hasieratik... Sekulako babesa sentitzen dut.

Final parekidea da eta hala nabarmendu dugu. Nabarmendu egin behar da hori?

Final parekidea da eta kuantitatiboki gauza objektiboa da. Garrantzia dauka eta garrantzia eman behar zaio. Faltan sumatzen dut nabarmentzea parekidea izatekotan, kuantitatiboki dela eta, gainera, hori icebergaren punta baino ez dela. Hasiera-hasieratik txapelketan parte hartu genuen 84 bertsolarietatik 17 ginen emakumezkoak, eta, hurrengo fasean, 42 bertsolarietatik 10. Illunbeko gailur horretan lau eta lau arituko gara, baina hori tranpa egitea dela iruditzen zait. Behera begiratu behar da eta zer dagoen ikusi.

Horrez gain, kualitatiboki ere parekidea izan beharko luke; gaien aldetik, epaileek lanketa bat egin dutelako...

Zuk ez duzu txapelketa hau parekidea balitz bezala bizi.

Ez. Nire bertsoaldi gustukoenetako Oiartzungo bakarkakoa izan zen [etxera korrika joaten den emakumearen azalean, norbait segika zuela sentitzen zuelako]. Jende askok nabarmendu zidan gustatu zitzaiola eta oso erreala zela irudikatu nuen egoera. Baina beste askok, gizonezkoak, esan zidaten gai hori askotan abestu dugula. Benetan? Gai hori gutxitan entzun izan da, baina beste gauza bat da guk egunero bizi dugun gai batek nolako enpatxua sortzen duen publikoarengan. Gurea beti da enpatxua. Ez diezadala inork esan horrelako gauzak entzuten ditudan txapelketa bat parekidea dela. Egia da detaileak egon direla, aldaketak sumatu direla, baina oraindik bestelako jarrerak gailentzen dira.

Txalo egiteko modua aldatu da txapelketan. Lehen ia dena txalotzen zen eta orain txaloak zorrotzago jotzen dira.

Bai, eta hori positiboa da. Bertsolariak aldatzen ari garen bezala entzuleak aldatzen ari dira. Saio bakoitzak marko bat eraiki du; saio batzuetan gazte gehiago zeuden, emakume gehiago eta horietan nabaritu da txalo egiteko modua zehatzagoa dela.

Kasik 40 urte Lasarte-Oriako inor ez dela Gipuzkoako finalean aritu. Patxi Etxeberria izan zen azkena.

Bai, garrantzitsua da herriarentzat eta niretzat. Sekulako babesa sentitu dut, baita bertsozaleak ez diren herritarren aldetik ere. Eta bertso eskolan dabiltzan gazte guztientzat ere garrantzitsua da. Badirudi ez dela espero Lasarte-Oriatik bertsolaririk sortzea, baina egia da poz kolektibo bat izan dela herriarentzat.

Zein da helburua?

Han nagoela kontziente izan nahi dut eta hankak lurrean izan. Ez dut puxika batean egon nahi. Oso emozionala naiz eta hori neurtu nahiko nuke pixka bat.